Soula ez baita eranzten

Gaur hasiko da Donostiako Mojo Workin' jaialdia, Spencer Wiggins eta La La Brooksekin. Bihar, Jerry Williams Jr. eta The Original Vandellas ariko dira; guztiak dira 60ko urteetako musika beltzaren ikurrak.
The Original Vandellas, Spencer Wiggins, La La Brooks, Jerry Williams Jr. eta Mojo Workin'-en antolatzaileak, atzo, Donostiako Dabadaban.
The Original Vandellas, Spencer Wiggins, La La Brooks, Jerry Williams Jr. eta Mojo Workin'-en antolatzaileak, atzo, Donostiako Dabadaban. ANDONI CANELLADA / FOKU

Gorka Erostarbe Leunda -

2018ko martxoak 16
Musika entzuteko kaskoak jantzita daramatza Roschelle Laughhunnek, The Original Vandellas ahotsezko soul taldeko kantari nagusiak. Erdi xuxurlan kantatzen du entzuten ari dena, eta esku nahiz gorputz enborraren mugimenduarekin laguntzen du kantua. Soula ez du eranzten, agertokitik kanpo ere; soinean darama etengabe. Bera da The Vandellas taldeko gazteena (Detroit, AEB, 1957), eta «ilusio biziz» hartu zuen Donostiako Mojo Workin' jaialdian parte hartzeko aukera. «Lehen aldia da itsasoaz bestaldera joango naizela. Kanadan aritu naiz, esaterako, baina Europan izan gabea nintzen, eta hau zoragarria da!», dio ahots kantari sarkor batekin. Aldamenean ditu Annette Beard (Detroit, 1943) eta Rosalind Ashford (Detroit, 1943). Biak dira The Vandellas jatorrizko taldearen sortzaileak, eta 75 urte beteko dituzte aurten. «Asko gozatuko dugu Donostiako kontzertuan; urte berezia da hau!».

Bihar arituko dira hirurak Donostiako Gazteszenan (21:00). Laughhunn artean neskatoa baino ez zen The Vandellasen kantuak irratian entzun eta haiekin batera etxean kantatzen zituenean. Duela urte gutxi batzuk, Ashfordek eta Beardek taldea berregitea deliberatu zuten, «jatorrizkoaren arima» berreskuratzeko, eta Laughhunn hautatu zuten ahots nagusi izateko. «The Vandellasen azken kantaria izatea da nire asmoa; izugarri gustatzen zait egiten dudana», aitortu du Laughhunek bere bi taldekideei begira.

Hamalau urte baino ez zituztela, Beardek eta Ashfordek The Del Phis talde bokala sortu zuten, ez batak ez besteak benetan kantari izatea amestu gabe. Motown diskoetxe entzutetsuak bereganatu zituen gero, eta, 1962tik aurrera, Martha & The Vandellas izenarekin kaleratu zituzten diskoak, Martha Reeves ahots nagusi zutela —kasualitatea: Martha Reevesek kontzertua eman zuen Bilboko Kafe Antzokian, martxoaren 8an—. Besteak beste, Dancing in the Street, Heat Wave, Come and Get These Memories eta Nowhere to Run klasikoak joko dituzte, The Individuals taldea, Gipuzkoako hamahiru musikariz osatua, lagun hartuta.

Soularen aurpegiak

Soularen alderik bihurrienaren aldartean mintzo da Jerry Williams Jr (Virginia, AEB, 1942), buru gainean rap bisera beltza daramala: «Nik ere The Vandellas taldeko kantaria izan nahi dut; egidazue niri ere casting-a, arren». 70eko hamarraldian Swamp Dogg izenarekin itzuli zen oholtzetara, soul kantari modura, baina hasieran rhythm and blues eta rock-and-roll diskoak plazaratu zituen. Mojo Workin' jaialdiko antolatzaileek lehen sasoi hura berreskuratzeko eskatu diote. Ahoan bilorik gabe mintzo da: «Egia esan, egiten nuena kaka zahar bat da, baina egingo dugu berriro, eta oso ondo pasatuko dugu». Iruñeko Las Kasettes taldeak irekiko du larunbateko kontzertua .

Donostiako Dabadaban egindako aurkezpenean, Spencer Wiggins (Tennessee, AEB, 1942) dago barnerakoi eta isilen. Hegoaldeko soularen edo deep sakonaren ikur gailenetakoa da; Detroiteko soul bizi, dantzagarri edo jai-girokoaren aldean, Wigginsena lirikoagoa da, eta barrenkoiagoa. Hasi zen garaietan, gospela eta bluesa landu zituen batez ere: «Egiten duguna egiten dugula ere, ziur naiz ondo pasako dugula». Gaurko kontzertua (Gazteszena, 21:00) Lala Brooksek (New York, 1947) osatuko du, antolatzaileen esanetan «sasoi betean dagoen kantari mitikoak». The Crystals taldeko lehen kantaria izan zen. 13 urterekin sartu zen taldean. Talde hartako kantuak entzun ahal izango ditu bertaratzen denak. Dena soulez jantzita.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna