ENBAXADA BILA

Ateari zabalera neurtzen

Martxelo Otamendi - BERRIAko zuzendaria

2018ko maiatzak 20
Aurreko batean komentatu izan dizut, Vicent, lerro hauen bidez, zuek duela urte batzuk autonomia estatutua berritzeko egin zenuten prozesu haren antzeko batean sartuta dagoela buru-belarri Eusko Legebiltzarra. Gure kasuan, hamabi urte beranduago, nahiz lantaldea duela urte batzuk hasi beroketa ariketak egiten. Hainbeste urte igaro zituen beroketa ariketak egiten, ia —partida erdia zelai izkinan beroketak egiten diharduen jokalariari gertatu ohi zaion bezala— leher eginda iritsi da testua josten hasteko unera, alegia, benetako unera. Baina heldu zaie parlamentuko taldeei ispiluaren aurrean jartzeko ordua.

Orain Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan indarrean dagoen estatutua Kataluniako lehena baino lehenago tramitatu zen Madrilgo Kongresuan. Zure irakurleei asko gustatuko zaien datu bat: jakinda Kataluniako testua bukatzear zegoela, Madrilera zuena gurea baino lehenago iritsiko zen beldur eta posta elektronikoa artean asmatu gabe, hegazkin txiki pribatu batean eraman zuten testua Madrilgo Kongresura Kataluniakora baino lehen hel zedin eta lehenago tramita zezaten.

Oraingoan zuen atzetik goaz, zuenarekin gertatu zena jakitearen abantailarekin, eta aspaldi ohartuta gaude, Espainiako estatu egiturak ere bai, Katalunian gertatu den sutearen pospoloa Espainiako Auzitegi Konstituzionalak 2006koari egindako mozketa izan zela.

Zuen estatu berrian hitzaurreak lan handiak eman zituen, nazioa kontzeptuagatik, nahiz lege baliorik ez eduki. Eusko Legebiltzarreko lantaldean hitzaurretik hasi dira behin betiko testua zehazten, eta hitz berean egin dute estropuz.

Hitzaurreak ez dauka lege baliorik, baina termometro ona da ondorengo testuak —hori bai lege balioarekin— edukiko duen atearen zabalera neurtzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna