eLiburutegiak audioliburuak eta filmak eskainiko ditu liburuez gain

Gaurtik aurrera, 1.600 film eta 600 egokitutako audioliburu egongo dira eskuragarri. Atariak liburuak soilik eskaintzen zituen orain arte
Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegien plataforma da eLiburutegia.
Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegien plataforma da eLiburutegia. MARISOL RAMIREZ / FOKU

Peru Azpillaga -

2018ko ekainak 14
Digitalizazioak kulturari eskaini ahal dion aukera ikusita, Eusko Jaurlaritzak eLiburutegia egitasmoa abiatu zuen 2014ko azaroan. Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegien plataforma da eLiburutegia. Orain arte, liburuz osatuta egon da soilik: 15.000 liburu baino gehiago daude atari publikoan eskuragarri, eta iaz 45.000 mailegu baino gehiago egin ziren. Aurten, proiektua bultzatzeko akordioa sinatu dute Infobibliotecas enpresarekin, eta, horren bidez, 1.600 film eta dokumental egongo dira eskuragarri atalean. Horretaz gain, plataforma digitalak egokitutako 600 audioliburu ere izango ditu, Daisy formatuan (Informazio Sistema Digital Irisgarria), eta horien erdiak euskaraz egongo dira.

«eLiburutegia proiektua bultzatu eta, era berean, egile eskubideak errespetatuko dituen eduki digitalen kontsumo arautu bat sustatu nahi dugu» adierazi du Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak.

Horregatik sinatu dute akordio berria, eta, horri esker, bultzada bat eman nahi diote kulturari, eduki digital berriak eskainiz. Hemendik gutxira filmen kopurua handituko dutela azaldu dute —urtea amaitzerako 2.000 izatea espero dute—. Film horien artean, 1.500etik gora gazteleraz eskuragarri daude, euskaraz, berriz, 50 —urtea amaitzerako 300 izango dira—. Hainbat kasutan, pelikulak jatorrizko bertsioan ikusi ahal izango dira, betiere gaztelaniazko azpitituluekin.

Filmen aukeraketari dagokionez, liburuzainen talde bat aritu da sailkapenean, eta, arduradunek azaldu dutenez, helburua ez da film komertzialekin lehiatzea, baizik eta ikuspegi kulturala landuz ondare bihurtu diren filmak sustatzea. Sailak 93.000 euroko inbertsioa egingo du mailegu bakoitzaren prezioa ordaintzeko —50 zentimo ingurukoa—, zerbitzua doakoa izan dadin.

Egokitutako audioliburuak

Filmez gain, 600 audioliburu ere egongo dira plataforman. Audioliburu horiek Daisy formatuan daude; formatu hori irakurtzeko zailtasunak dituzten pertsonentzat dago bereziki pentsatua. Sistema horrek zenbait aukera eskaintzen ditu: nabigazio malguagoa, testuaren tamaina egokitu ahal izatea, audioaren abiadura moldatzea eta irakurketa markak ezartzeko aukera.

Formatua ikusmen edo dislexia arazoak dituzten pertsonentzat pentsatua dagoen arren, edonork izango du liburu horiek eskuratzeko aukera. «Aukera honen bidez, kulturaz gozatzeko aukera bermatu nahi diegu biztanle guztiei» nabarmendu du sailburuak. Argitaletxeekin batera abiatutako probako proiektua da, eta ez da baztertzen etorkizunean liburu gehiago egotea eskuragai.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna