«Taldean sortzen dugu, eta balio handia ematen diogu prozesuari»

Hirugarren aldiz irabazi du Dejabu Panpin Laborategiak Donostia antzerki saria.Lanaren ausardia goraipatu dute epaimahaikideek

Dejabu Panpin Laborategiko kideak Donostiako Udaleko ordezkariekin, atzo, Donostian. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Juan Luis Zabala
Donostia
2015eko otsailaren 25a
00:00
Entzun
«Umorearen eta dramaren bitartez, gaurkotasuna galdu ez duten gaiak ausardiaz lantzen ditu Dejabu Panpin Laborategiaren Arrastoak antzerki lanak, non gauden eta nondik gatozen, adibidez», lan horri Donostia antzerki sari ematea erabaki duen epaimahaiaren ustez. Sari gisa 10.000 euro jasoko ditu konpainiak, horietako 2.000 hurrengo hiru urteen barruan Donostian beste obra bat estreinatzera bideratuak. Horrez gain, emanaldia Donostian berriro eskaintzeko aukera izango dute, Viktoria Eugenia antzokian, martxoaren 27an. Aurreko urtean Donostiako antzoki publikoetan emandako antzerki obren arteko bat saritzen du urtero Donostiako antzerki sariak, 2001az geroztik. Aurten hamahiru obra izan dira lehian.

Hirugarren aldiz irabazi du Dejabu Panpin Laborategiak Donostia antzerki saria. 2011n irabazi zuen aurrenekoz, Le Petit Theatre de Pain eta Artedramarekin batera ekoitzitako Errautsak lanarekin; bigarren aldia 2012an izan zen, Gure bide galduak lanarekin. Iaz Tartean Teatro konpainiak irabazi zuen saria, Lingua Nabajorum-ekin.

Antzerkigintza modu kolektiboan lantzen du Dejabu Panpin Laborategiak, inprobisazioari garrantzi handia emanez, eta alderdi hori ere nabarmendu du epaimahaiak. Ainara Gurrutxaga Dejabu Panpin Laborategiko aktorearen iritziz ere, alderdi hori garrantzi handikoa da. «Taldean sortzen dugu dena, eta balio handia ematen diogu prozesuari», adierazi zuen atzo Gurrutxagak, saria iragartzeko egindako agerraldian. Gurrutxagarekin batera, Iñigo Aranbarri, Urko Redondo eta Miren Alkala aktoreek parte hartzen dute, oholtza gainean, Arrastoak-en emanaldietan. Sortu ere laurok sortu dute obra, elkarlanean, hainbat laguntzaileren konplizitatearekin eta babesarekin.

«Argumentu konplexuak eskatzen zituen eszena guztiak» eratzean erakutsitako trebetasuna da Dejabu Panpin Laborategiaren beste meritu handi bat, epaimahaiaren iritziz. «Baliabide eszenikoen erabilera oso poetikoa nabarmentzen da: argia, musika, itzalekin egindako jokoak, panpinen erabilera, bere gorputz espresioa eta mugimenduekin egindako joko guztiak...». Aktoreen lana eta xehetasun guztiak zaintzean erakutsitako ardura ere laudagarritzat jo dute epaimahaikideek.

Isilduaren eragina

Saria «harriduraz eta pozik» jaso dute Dejabu Panpin Laborategiko kideek, Gurrutxagak adierazi duenez. Arrastoak obraren bidez oholtzaratu duten gaia «belaunaldien arteko transmisioa» da, eta bereziki transmisio horretan «isiltasunak, ezkutatzen eta esaten ez diren gauzek, gaur egungo belaunaldietan zer eragin edo ondorio dituzten». Iazko azaroaren 1ean estreinatu zuten Arrastoak. Hogeitik gora emanaldi egin dituzte harrezkero, eta beste hamazazpi dituzte hitzartuak; lehenak asteburu honetan izango dira, Lekeition (Bizkaia) ostiralean (otsailak 27) eta Azkoitian (Gipuzkoa) igandean (martxoak 1).

Donostia antzerki sariaren aurtengo ekitaldiko epaimahaia honako zazpi lagunek osatu dute: Tessa Andonegi (EAB Euskal Aktoreen Batasuna), Julia Marin (EHAZE Euskal Herriko Antzerkizale Elkartea), Nagore Orbelzu (ASIGE), Agus Perez (BERRIAko antzerki kritikaria), Pantxoa Etxegoin (EKE Euskal Kultur Erakundea), Maite Leonet (publikoaren ordezkaria) eta Olatz Beobide (aktore eta zuzendaria).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.