Gorputzaldiak aginduko du

Aspaldiko binakako finalik irekiena jokatuko dute gaur Bilbon Ezkurdia-Zabaletak eta Elezkano II.a-Rezustak. Eguneko tentsioa kudeatzea funtsezkoa izan daiteke

Danel Elezkano eta Beñat Rezusta, Jose Javier Zabaletari eta Joseba Ezkurdiari begira, joan den ostegunean, Bilbon, pilota aukeraketan. ARITZ LOIOLA / FOKU.
jon eskudero
2018ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Pilotak urtean duen egunik handiena buruz buruko finala omen da, baina gaur ere egun seinalatu horietako bat hartuko du Bilboko Bizkaia pilotalekuak, Binakako Txapelketaren finala jokatuko baitute Ezkurdiak eta Zabaletak Elezkano II.aren eta Rezustaren aurka (17:00, ETB1).

Azken bost urteetako estatistikei erreparatuta, zilegi litzateke esatea faboritoek jantzi izan dituztela txapelak: 2013an Irujo-Zabaletak, hurrengo urtean Irujo-Barriolak, gero Bengoetxea VI.a-Untoriak, duela bi urte Olaizola II.a-Urrutikoetxeak eta iaz Irribarria-Rezustak. Ordea, aspaldiko finalik irekiena aurreikusten da gaurko. Sakanako bikoteak irudi hobea eman du finalerdietan, eta indartsuago iritsiko da txapelen lehiara. Txapelketan elkarren aurka jokatutako hiru partidetatik hiruretan, baina, Elezkano II.a eta Rezusta nagusitu dira. Horren ondorioz, partida parekatua eta gogorra espero da, eta dirua pare samarrean aterako dela ematen du.

Iragarlerik onenak ere nekez asmatuko luke ze bide har dezakeen partidak. Rezustak hirugarren finala izango du jarraian, eta hark du esperientzia handien. Txapel bat du, Zabaletak bezala. Bi aurrelarientzat, berriz, estreinako finala izango da. Zortzi hilabeteren aldearekin egin zuten profesionaletara jauzia biek; 2011ko abenduan Ezkurdiak, eta 2012ko abuztuan Elezkano II.ak. Ordutik lana gogor egin behar izan dute halako egun bat bizi ahal izateko, eta pare-parean dute podiumaren gorenera iristeko aukera. Hori bai, ikusi beharko da nola kudeatzen duten tentsioa. Finalaren aurreko egunetan lasai daudela aitortu dute biek, baina urduritasuna agertzen zaien garaian, ezinbestekoa izango dute kontzentrazioari eustea eta nahi duten jokoa egitea.

Jokoa aipatuta, gauzak oso garbi dituztela kantxaratuko dira Elezkano II.a eta Rezusta. Bergarako ezkerra justu antzean ibili da finalerdietan, baina adierazi du eskua erabat osatuta eta konfiantzaz iritsiko dela. Halere, badirudi oraintxe koska bat gorago dagoela Zabaleta. Horregatik, erasorako aukera dutenean, bi aldiz pentsatu gabe jokatuko dute urdinek. Elezkano II.a jokoa aurreko koadroetan nahasten saiatuko da. «Lana eta ausardia» hartuko dituzte oinarri txapela janzteko.

Sakanarrak, erritmo bila

Ezkurdia-Zabaleta, berriz, jokoari erritmo bizia jartzen eta indarra baliatzen saiatuko dira. Partida perfektua jokatu zuten finalerdietako azkena, Olaizola II.a eta Imazen aurka (22-7). Oso garbi zuten egun hartako gidoia: Imaz kargatu eta aukera onetan soilik errematatu. Ez dute halako erraztasunik topatu gaur, Rezusta oso aurkari deserosoa baita. Hortaz, ikusi beharko da deserosotasun horretan nola erantzuten duen Ezkurdiak, batez ere.

Piloten aitzakiarik ez da izango. Lurrean azkarrago ibili ohi direnak aterako dituzte saskitik Ezkurdiak eta Zabaletak, eta bote handiagoa dutenen alde egingo dute aurkariek, Rezustaren mesederako. Bizkaia pilotalekua, berriz, urdinentzat egokiagoa da, eroso jokatzeko aukera handiagoak ematen dituelako. Itxura galanta hartuko dute frontoiko harmailek. Sarrera guztiak salduta daude, eta bi bikoteek ez dute laguntza faltarik izango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.