Nobela beltzaren gailur bat, Igelak 25 urte bete dituela ospatzeko

Dashiell Hammetten 'Kristalezko giltza' du Sail Beltzak 25. liburua.

Mohamed Xukriren 'Hutsegiteen garaia' ere euskaratu dute
Miel A. Elustondo eta Xabier Olarra, bi liburuen aurkezpenean.
Miel A. Elustondo eta Xabier Olarra, bi liburuen aurkezpenean. GORKA RUBIO / ARP

Juan Luis Zabala -

2014ko azaroak 15
Bere 25. urteurrenean, Sail Beltza bildumako 25. liburua kaleratu du Igela argitaletxeak, eta ez du horretarako edozein liburu hautatu, askoren ustez hilketa-nobelaren edo hard-boiled deitutako ildoaren aitzindariaren gailurra dena baizik, hots, Dashiell Hammetten Kristalezko giltza. Horrez gain, Mohamed Xukriren Hutsegiteen garaia eleberria ere kaleratu du Igelak, Literatura sailean. Dashiell Hammetten Kristalezko giltza Xabier Olarrak eta Esti Lizasok euskaratu dute; Mohamed Xukriren Hutsegiteen garaia, Arantzazu Royo Manterolak.

Kristalezko giltza-ren aurretik, Hammetten beste bi nobela ezagunenak ere euskarara itzulita argitaratuak ditu Igela argitaletxeak, Xabier Olarrak euskaratuak biak: Uzta gorria eta Maltako belatza. Ned Beaumont jokalaria da Kristalezko giltza nobelako pertsonaia nagusia. Zorte txarreko dabil eta dirua galdu baino ez du egin azken asteotan. Legez kanpoko negozioetara bideratuko du orduan Paul Madvig adiskideak.

Hiru film egin dira Hammetten Kristalezko giltzaThe Glass Key jatorrizkoan— oinarritzat hartuta: AEBetan bi, 1935 bata eta 1942an bestea, eta Estonian bestea —artean SESBekoa zenean—, 1985ean. Horrez gain, Joel eta Ethan Coen anaiek aitortua dute beren Miller's Crossing film laudatuak (1990) Hammetten nobela horren eragin zuzena duela.

Raymond Chandlerrek aitortu zion Hammetti hard-boiled-aren aitzindaritza,The Simple Art of Murder saiakeran, Xabier Olarrak gogora ekarri duenez. Hilketak «benetako motiboz hiltzen dutenen esku» jarri zituen Hammettek, Chandlerren ustez, «ez idazleari gorpu bat eskaintzeko, detektibe burutsu batek hilketa nola gertatu den argituz sekulako erakustaldia egin dezan». Hori du Hammettek «lehen merezimendua», Olarraren ustez, «hilketa nobela inguru errealista batean ezartzea». Baina horrez gain, beste meritu garrantzitsu bat ere aitortu zion Chandlerrek: «Hammettek beste inork lehenago sortu gabeko eszenak sortzeko ahalmena zuen».

Olarraren ustez, «harrigarriak» dira Hammettek sortutako «heroi gaizto edo anti-heroi zintzo paregabeak», hala nola Continental Op izengabea —Uzta gorria eta beste hainbat nobelatako protagonista—, Maltako belatza-ko Sam Spade edo Kristalezko giltza-ko Ned Beaumont.

«Hammetten nobelak elkarrizketa eta pertsonaien arteko talka gisa ere ikus daitezke», Olarraren ustez. «Elkarrizketa horien bitartez osatzen baita narrazioaren haria eta sortzen baita nobelek duten tentsioa. Hori guztia Kristalezko giltza-n azken muturreraino eramana dago».

Xukriren bigarrena Igelan

Mohamed Xukriren Hutsegiteen garaia, Igelaren Literatura saileko 52. liburua, euskarara itzulitako egilearen bigarrena da. Aurrenekoa, Ogi hutsa, Igelak plazaratu zuen, 2010ean, Arantzazu Royo Manterolak egindako itzulpenean, orain Hutsegiteen garaia bezalaxe. Trilogia bateko lehen nobela da Ogi hutsa, eta bigarrena Hutsegiteen garaia; hirugarrena baino ez da falta, beraz, euskaratuta argitaratzeko; Aurpegiak, maitasunak, madarikazioak izango luke izenburu. Ogi hutsa-k Xukriren haurtzaro eta nerabezaro garai txiro eta gogorraren kontaketa du oinarri; beste bi liburuetan bizitzan aurreragoko kontuak aletu zituen egileak. Hiru liburuak «bat bera» dira Miel A. Elustondoren iritziz. «Zilborreste bat berak lotzen ditu hirurak, eta Xukri bera da zilborrestea». Arantzazu Royo Manterola ez zen izan atzo liburuaren aurkezpenean, eta Elustondok hartu zuen hitza, Xukriren lanaren berri emateko.

«Akordatzen naiz Joseba Irazuk [Bernardo Atxagak] eman zigula idazlearen berri», esan zuen Elustondok. «Eta, horrela, Tangerrera joan eta elkarrizketa egin niola idazleari 2002ko urte hondarrean. Elkarrizketa argitaratu eta titularra ere ez zitzaidan berehalakoan ahaztuko: 'Poetak idazten du herriaren historia'. Poetak, kasu horretan, idazle esan nahi zuen. Idazleak, kasu horretan, eta besteak beste, Mohamed Xukri esan nahi zuen».

«Akordatzen naiz Xukrik bere bizia kontatzen zuela», esan zuen aurrerago Elustondok. «Besteak beste, gosea kontatzen zuela. Gosea ez dela lagun ona esaten zuela. Kontatzen zuela Rifen hiru-lau urte iraun zuela lehorteak. Mendi artean bizi zirela eta lehortea izan zenean, akabo izan zirela animaliak, akabo jendea, akabo mundua, akabo dena… Akordatzen naiz kontatzen zuela Tangerren ere bazela gosea baina iragan mendeko 40ko hamarkadan, nazioarteko hiria zela Tanger eta gosea bera ere, bestelakoa zela. Tanger ez zela paradisua, baina han, behintzat, goseak ez zuela pertsona akabatzen. Garai hartako Tangerren, europarren zaborra jateko modua zutela. Europarren zaborra marokoarrena baino goxoagoa zela, marokoarrek ez zutelako zaborrik uzten».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna