Sei euskaltzain urgazle berri izendatu ditu Euskaltzaindiak

Amaia Apalauza, Xabier Erize, Maite Lakar, Patxi Petrirena, Rosa Ramos eta Castillo Suarez dira Iruñean izendatutako urgazle berriak
Harrera ekitaldian, Leizarragaren eta Axularren liburuak oparitu zizkion Urrutiak Asironi.
Harrera ekitaldian, Leizarragaren eta Axularren liburuak oparitu zizkion Urrutiak Asironi. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS

Naiara Elola -

2016ko apirilak 30
Euskaltzaindiak osoko bilkura egin zuen, atzo, Iruñeko udaletxean. Bileraren aurretik, Joseba Asiron alkateak udalbatzako gainontzeko kideekin batera harrera egin zien Nafarroako hiriburuan bildutako euskaltzainei. Bigarren aldia da Iruñeko Udalak Euskaltzaindiari harrera egiten diona. Ondoren egindako osoko bilkuran hartu zuen Euskaltzaindiak, hain zuzen, Amaia Apalauza, Xabier Erize, Maite Lakar, Patxi Petrirena, Rosa Ramos eta Castillo Suarez euskaltzain urgazle berri izendatzeko erabakia.

Nafarrak dira Euskaltzaindiko sei kide berriak, eta euskararekin lotutako ikerketa eta sorkuntza lanetan oso trebatuak guztiak. Amaia Apalauza (Iruñea, 1979) Euskal Filologian doktorea da, eta Nafarroako hizkerez eta ahozko tradizioez hainbat azterlan egin ditu. Xabier Erize (Iruñea, 1955) Euskal Filologian doktorea da, eta soziolinguistikan hainbat ikerlan egin eta argitaratu ditu. Maite Lakar (Elizondo, 1978) Euskal Filologian lizentziaduna da, bai eta Baztango, Malerrekako eta Bortzirietako ahozko tradizioaren eta beste hainbat azterlanen egilea ere. Patxi Petrirena (Sunbilla, 1963) EHUn Psikologia ikasitakoa da; euskara itzultzaile eta zuzentzaile hainbat lan argitaratua da, Euskaldunon Egunkaria-ren eta EIMAren estilo liburuen egile (elkarlanean), eta, 2008tik, Elhuyar Fundazioan ari da. Rosa Ramos (Iruñea, 1966) Euskal Filologian lizentziaduna da, eta soziolinguistika arloan aditua; Euskara teknikaria ere bada Berriozarren 1999. urtetik hona. Azkenik, Castillo Suarez (Altsasu, 1976) idazlea da, eta urte luzez BERRIA egunkariko kolaboratzailea izana; gaur egun, BERRIA Taldeko administrazio kontseiluko kideetako bat da.

Izendapenen aurretik egindako harreran, Joseba Asiron Iruñeko alkateak Euskaltzaindiari berretsi dio euskararen normalizazioan lanean jarraitzeko asmoa dutela. Horrekin batera, aurrerantzean bi erakundeen arteko elkarlana indartuko dutela azaldu du. Antzera mintzatu da Andres Urrutia Euskaltzaindiko presidentea ere: «Euskararen alde bat eginda egin behar da lan, denon ondarea delako». Euskarak Nafarroan duen egoera «esperantza» izateko modukoa dela nabarmendu du Urrutiak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna