Albistea entzun

Izate ukatuaren aldarria

Joxemiel Bidadorri eta Iruñeko euskaldunei gorazarre egin die 'Bidador' pastoralak. Lepo bete da Burguen plaza, eta irri eta txalo artean ikusi dute ekitaldi berezia.
Txiki geratu zen Iruñeko Burguen plaza ikuskizunerako. Astebete lehenagotik ziren salduak sarrera guztiak.
Txiki geratu zen Iruñeko Burguen plaza ikuskizunerako. Astebete lehenagotik ziren salduak sarrera guztiak. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS Tamaina handiagoan ikusi

Ander Perez -

2015eko urriak 11 - Iruñea

San Saturninoko ezkilek iragarri dituzte arratsaldeko bostak. Bost kanpai entzun dira, bata bestearen segidan, eta, aurrez iragarri bezala, irten da Jose Angel Irigarai Iruñeko Burguen plazaren erdira. Ezpel eta galburu hari batek mugatzen du eszena. Haren erditik mintzo zaie Irigarai plaza bete dutenei. Gogoratu du Bidador, gogoratu ikerketarako haren «adore nekaezina», gogoratu lagunarteko «umorea eta ironia». Eta aipatu die, parean bildutakoei, orain bost urte joanagatik, «bizirik» darraiela. Bizirik, eta «sorkuntza iturri». Azaldu du horren lekuko dela eguneko ikuskizuna, «Iruñeko kultur historian mugarria». Eta dei egin die han bildutakoei, Iruñeko euskaldunei, ikus dezaten, eta «ikusiz ezagutu, ezagutuz maitatu, maitatuz gozatu». Azken hitzekin batera lehertu dira musika doinuak. Eta musikarekin bat, lehen txalo zaparradak. Hasi da Bidador pastorala.

Koplaz, musikaz, dantzaz eta hitzez. Hala gogoratu zuten atzo Joxemiel Bidador idazle, ikertzaile, irakasle eta dantzariaren figura, haren omenez prestatutako pastoralean. Lepo bete zen Burguen plaza ekitaldirako: astebete lehenagotik ziren salduak sarrera guztiak, 700 inguru, baina, aulki eta harmailetatik harago, plazako izkin eta txokoak ere bete zituzten beste dozenaka herritarrek, ikuskizunaren ikusminez.

Bidadorren ibilia, koplaz kantatu eta kontatua, eta, harekin batera, oro har, Iruñeko euskaldunena. Urteetan ukatutako izatearen aldarri bat, azken finean. Edo, aurreko asteetan aipatu bezala, «autoomenaldia», nonbait.

Bi bandoen arteko talkak ardaztu zuen pastorala, ohikoa denez. Urdinak batetik, orain arteko Nafarroa ofizialaren ordezkari gisara. Presidentea, alkatea, tertulianoa, elizgizona eta guardia zibila, esaterako. Parean, gorriz, Iruñeko euskaldunak, biziago, koloretsuago, umoretsuago, baita ardozaleago ere, azaldu zutenez.

Hasieratik bertatik leporatu zizkioten bi bandoek elkarri leporatu beharrekoak. Arbuio keinu eta hotsez erantzuten zion publikoak talde urdineko kideen prediku bakoitzari. Euskara «ezjakin, basati eta galduaz» mintzo ziren erregimeneko kideak. Paretik, euskara eta identitatea ukatu izana leporatzen zieten gorriek: «Bere buruaren ukoa/ egiten duena zoroa,/ nortasuna saldu eta/ bere bizitza hor doa». Hitzek gehiagorako eman ez, eta gudura pasatu ziren bi taldeak. Ihesean atera behar izan zuten euskaldunek, arerioen gozamenerako.

Bitartean, jelkaldiz jelkadi, osatuz zihoan Bidadorren ibilbidea. Hutseaniako Hazkurria poesia liburuko testuak errezitatu zituen Mintxo Garaikoetxeak, pastoraleko kontalariaren larrutik. Bidadorrek sortutako San Lorentzoko danzanteek ere hartu zuten plaza, kriskitin eta kaskabiloen erritmora. Tuterako erraldoiek maila handiko omenaldia eskaini zioten galdutako kideari. Bidadorren espiritua gorpuztu zuen makagorria pertsonaiak, bihurrikeriaz, samurkeriaz. Eta, orain bost urte egin bezala, mikrofono aurretik pasatu ziren Bidadorren lagun eta kideak, oroimenezko hitzak hustera. Orduantxe izan ziren arratsaldeko unerik hunkigarrienak.

Garaile baten zain zen, ordea, Iruñeko plaza. Presidentearen «baskoak badatozela!» oihu ikaratuari erantzun zioten, berriz ere, euskaldunek. Satanetako batek jarri zuen hitzetan erantzun borobilena: «Ni euskalduna naiz eta/ Arga ondoan naiz hazi,/ ez naiz inondik etorri/eta hemen nahi dut bizi.» Berriro jo zuten gudura bi taldeek, eta euskaldunak nagusitu. Txalo zaparradan lehertu zen Burguen plaza.

Festa izan zen atzo Iruñean, goizean desfilea edo munstra egin eta arratsaldean pastorala bukatu zen arte. Han zen Jon Alonso testuaren egilea, bando urdinekoen artean ongi kamuflatua. Han zen Aritz Ibañez errexentetako bat, isilpeko marmarrean, testua errepasatuz, arizaleen erritmora. Han zen Ihitz Iriart beste errexenta, Garaikoetxearekin batera jota eder baten kantari. Han ziren gainerako lagunak, irriz eta hunkidura malkoz. Eta han, ehunkako kopuruan, Iruñeko euskaldunak. Pastorala bukatuta plaza erdira atera eta jauzian dantzan hasi zirenak. Bidadorren omenez bai, baina baita euren buruaren omenez ere. Ukatutako izatearen aldarriz, azken batean.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Ruper Ordorika eta Joseba Sarrionandia, astelehen iluntzean, Bilboko Kafe Antzokiko Kutxa Beltza aretoan. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Gaur konta daitezkeen kantuak

Olatz Enzunza Mallona

Ruper Ordorika eta Joseba Sarrionandia askotariko gaiez solasean aritu dira 'Huntaz eta hartaz' emanaldian, elkarrekin izandako bizipenak ardatz hartuta. Astelehen iluntzean hasita, bihar arte egingo dituzte saioak, Bilboko Kafe Antzokiko Kutxa Beltza aretoan. Agortuta daude sarrera guztiak.

Maria Schneider, 2019an, Donostiako Jazzadiaren aurkezpen batean. ©Gorka Rubio / Foku

Maria Schneider eta Brad Mehldau Gasteizko Jazzaldian izango dira

Mikel Lizarralde

Uztailaren 3tik 8ra egingo den 46. jaialdirako baieztatu dituzten lehenengo bi artistak dira.

Eneko Barberena idazlea, <em>Suak erreko ez balu</em> eleberria eskuan, Oñatin (Gipuzkoa). ©JON URBE / FOKU

Mendizale kiskalien beltza

Uxue Rey Gorraiz

'Suak erreko ez balu' nobela argitaratu du Eneko Barberenak, Txalapartarekin. (H)ilbeltza sormen beka irabazita eman du. Istorioak Aezkoan izaniko mendi sute bat du abiapuntu

Irene Larrañaga, <em>Insuladas</em> erakusketaren egilea, Donostiako Aquariumeko Nautilius aretoan. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

'Insuladas', irla diren emakumeak

Miren Mujika Telleria

Bakarrik bizi diren andreak dira Irene Larrañagaren ‘Insuladas’ erakusketako protagonista.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...