Noiz sortua: 2015-03-29 00:30:00

Txapel bat aulki hutsari

Julio Soto da Nafarroako bertsolari txapelduna, goitik beherako final itzela eginda.

Xabier Terrerosekin jokatu du buruz burukoa, Elizondon, 1.250 zaleren aurrean
Julio Soto, Nafarroako Bertsolari Txapelketako garailea, atzo, Elizondon, txapeldunaren agurra kantatu baino lehenago.
Julio Soto, Nafarroako Bertsolari Txapelketako garailea, atzo, Elizondon, txapeldunaren agurra kantatu baino lehenago. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS

Beñat Zamalloa Akizu -

2015eko martxoak 29

«Orain artean gauza guztiak / egin ditugun bezela / hau ere biok egingo dugu / badakit hemen zaudela», kantatu zuen hasierako agurrean Julio Sotok. «Aulki huts bat» begiztatzen zuen Elizondoko Baztan pilotalekuko entzuleen artean, Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalean. Berriki hil den anaia hartu zuen gogoan hasierako agurreko bertso horretan, harena zen begiztatzen zuen aulki hutsa. Bertsoz bertso saio aparta josi zuten, txapela lortu arte. Zentratuta nabari zen oholtzan, egin beharrekora. Bertso ia guztiak goitik behera bikain ekarri zituen, oso berezi; detaileetatik, juzguetara.

Buruz burukoaren aurretik ere argi zegoen txapeldun izango zela, oker handirik izan ezean. Xabier Terrerosekin jokatu zuen buruz burukoan, poto ere egin zuen puntukako ariketan, baina, poto eta guzti, saioa brodatu zuen kartzelako apartarekin. Buruz burukoaren ondotik, txapeldun zela iragarri zuen Fernando Anbustegik, eta Baztan pilotalekuan bilduak ziren 1.250 lagunak zutitu ziren, eta txaloz lehertu zen pilotalekua. Juanjo Atxa Baztanen bertsolaritzaren sustatzailea izan denak jantzi zion txapela, eta honela kantatu zuen txapeldunaren agurra, hirugarren txapela buruan:

Txapeldunaren agurra

Aitak zuri hitz egiten

pasatzen ditu egunak;

egunero pizten dizu

kandela ama kuttunak;

Itsaso zurekin dago

dauden bezela lagunak

Idurre eta Gorriti

eta oilagorren lumak.

Guztiok elkartzen gaitu

zuganako maitasunak.

Alberto, hartu itzazu

besarkada bihozdunak

gutxi barru aurrez aurre

emango dizkizugunak.

Sotorekin eta Terrerosekin batera, Eneko Lazkoz, Oskar Estanga, Eneko Fernandez, Ander Fuentes, Julen Zelaieta eta Aimar Karrika aritu ziren. Zortziko handian, finala indartsu hasi zuten guztiek. Lehenetik aurrera ere, plazari begira emankor jardun ziren bertsolariak. Buruz burukora artekoak eginda, Terrerosekin batera, Lazkoz zen Sotorekin buruz burukoa jokatzeko hautagai nagusia. Estangak bere kolore berezia eman zion finalari. Fernandezi goia jotzea falta izan zitzaion. Fuentesek jarrera emankorra izan zuen oholtzan, eta pixka bat beheragotik txukun aritu zen. Zelaietak ez zuen umorean hutsik egin zortziko txikian, eta gainontzeko ariketetan ere defendatu zen. Azkenik, Karrikak, txukun egindako bidea kartzela on batekin borobildu zuen.

«70 urteko emakumea zara. Gaur lehendabiziko aldiz masturbatu zara», izan zuten buruz burukoan kartzelan hiru bertso osatzeko gaia. Barrez hartu zuten entzuleek gaia. Saio luzearen ostetik, azken ariketarekin azken distirak atera zizkion saioari Sotok. Bigarren bertsoa goitik behera bikain osatu zuen: «Garai batean gu ginen / gizonezkoen desira / eurak eduki zezaten / bi begietan disdira / bakarrik ginen emazte / bakarrik ginen kerida. / Gaur galtzak erantzi eta / behatz pare bat azpira: / orain goxo ezkerrera, orain goxo eskubira / zer den zehazki ez dakit, baino / hemen zerbait etorri da. / Azken segunduei batzuek / deitzen diote korrida / ni izenetan nahasten naiz / niretzat izarrak dira». Honela brodatu zuen: «Nahiz eta izan berandu / e' naiz hasiko kezkatzen / gutxienez ikasi dut / neure burua maitatzen». Deskripziotik eta umoretik hartu zuen Terrerosek, eta arrakastaz osatu zituen bertsoak.

Ofizioan, bikain

Hamarreko txikian Sotok eta Terrerosek adineko bikotearen ahotik egindako hamarreko txikikoa izan zen saioko bertsoaldirik osoena. Plaza berotu zuten, saio gozo eta hunkigarriarekin. Soto irakurzalea zen, eta bista galduz zihoan. Terrerosek irakurtzen ikasiko zuen, Sotori liburuak irakurri ahal izateko. «Zugan dauzkadalako lehen amestu eran / mundua ikusteko bi begi niregan», kantatu zuen lehen bertsoaren azkenean Sotok. Beregan bi begi dituela erantzun zion Terrerosek, artez. «Nik begiak itxita / nere abenturan / xuxurlatuko dizut / zer ikusten dudan», kantatu zuen bere azken bertsoan, sortu zuten une berezia indartuz. Bertsoaldiaren neurrian bukatu zuen lana Terrerosek: «Bizitu momentua / bizi segundua / jada ailegatu da / lotako ordua / eman eskua eta / itxi liburua».

Hamarreko txikikoa ez zuten azken ofizioa izan Sotok eta Terrerosek. Buruz burukoa puntukako ariketarekin hasi zuten. Atzerritarrak ziren biak, eta sagardotegira lehen aldiz joango ziren. Lan horretan, Soto erlaxatuago eta irri txikiz ikusi zen oholtzan. Zekarren mailari eutsi zion, potoa egin zuen arte. Ondoren, Asterix eta Obelix izan ziren sei puntuko motzean. Euskaldunengatik enpatia berezia zutenez, prozesuan laguntzeko asmotan etorriak ziren Euskal Herrira. Bigarren bertsoan Nafarroako parlamentuan sartu behar zutela bota zuen Asterix zen Terrerosek, eta asmatu zuen saioa berbideratzen. «Nik Espartza lehenago / zuk Txibite geroago / eta Barcina uztazu lasai / ja lurrean dago», erantzun zion Sotok, eta berriz plaza lehertu zuten.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Covid-19 daukaten gaixoak zaintzen duten bi erizain besarkatzen 55 egun gaixo zeraman gizon bat sendatzean. ©Andoni Lubaki / Foku

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 31.166 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.150 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Udaletako eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak, Zumarragan bilduta. ©/ Ordiziako Udala

Ordiziako fokuan 35 pertsona kutsatu dira oraingoz, eta alkateak «autokonfinatzeko» eskatu du

Irati Urdalleta Lete - Jon Ordoñez Garmendia

Beste hemeretzi positibo daudela jakinarazi du Osasun Sailak, eta dagoeneko mila PCR baino gehiagoren emaitzak jaso dituzte. Murgak baztertu egin du konfinamendua ezartzea, baita joan-etorriak mugatzea ere, eta gogorarazi du distantzia mantendu ezin denean maskara erabili beharra dagoela. Itxi zituzten Haka, Miami eta Kebab tabernetako zerbitzariek negatibo eman dute. Biharko azoka bertan behera utzi du Udalak, eta kiroldegia, jolas parkeak eta liburutegia itxi ditu.

Jair Bolsonaro. ©Joedson Alves / EFE

Bolsonarok positibo eman du COVID-19an

Oihane Puertas Ramirez

«Bikain» dagoela adierazi du Brasilgo presidenteak. Hura izan da COVID-19aren eragina ukatu izan duten agintarietako bat, eta horrek ekarri du Brasil herrialde kutsatuenetako bat izatea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Informazio osagarria