Hiritartuek jaioterriari eginiko omenaldia

Saint Etienne hirukoteak omen egin nahi izan dio sorterriari, Londres inguruko landa eremuari, 'Home Counties' disko berrian. Bost urteko geldialdia eten du taldeak, baina, musikalki, aurreko ildoari jarraitu dio.

Sarah Cracknell, Saint Etienne taldeko abeslaria, Bartzelonan maiatzean emandako kontzertu batean. MARTA PEREZ / EFE.
Julen Aperribai.
2017ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Beste hainbat lekutan 1990eko hamarkadak hainbat musika estilo zabaltzea ekarri zuen, baina, Erresuma Batuan, hainbaten ustetan joera horren aurkako erreakzio gisa-edo, musika britaniarraren berezitasunak are agerikoagoak egin ziren, britpop delakoaren lehertzearekin. 1990ean sortua izanagatik ere, soinu identifikagarri horri entzungor eutsi zion Saint Etienne taldeak. Pop doinuei zioten fideltasuna Europa erdialdean errotuagoak zeuden erritmo elektronikoekin konbinatu zuten. 1991n, Fox Base Alpha lanarekin debuta egin zutenetik mende laurdenera, eta haien azken diskotik bost urtera, Home Counties diskoa kaleratu berri dute, bederatzigarrena haien ibilbidean.

Belaunaldikide zituzten beste batzuen adinako britaniartasunaren aldarririk gabe, baina, hasiera-hasieratik, irlan bertan izan zituzten erreferentzia gehienak. Ingalaterrako atmosfera grisaren eta sarritan azalekoa dirudien alaitasunaren uztarketa dute ezaugarrietako bat. Baita estetikoki ere. Zalantza egitera daramate entzulea askotan ea kritika egiteko asmorik duten Ingalaterrako kostunbrismoaren inguruan. Disko berriaren azala izan daiteke adibide garbia: Ingalaterrako etxe tradizional bat, bere jardin eta guzti, eta irudiaren gainean, etxea erdi estaliz, diskoaren inguruko oinarrizko informazioa ematen duten hiru pegatina; irudiaren gainean baldarki itsatsi balituzte bezala.

Azken urteotan Londresen egonkortu bada ere, hiriaren kanpoaldeko landa eremuetan hazia da Sarah Cracknellek, Bob Stanleyk eta Pete Wiggsek osatutako hirukotea. Inguru horri omenaldia eskaini diote lan berrian. Milaka kulturaren kontrasterako topaleku den hiritik, baserri girora itzuli dira; jatorrira, azken finean, bai musikalki eta bai geografikoki ere —hara joan dira bizitzera taldeko bi kide—. Brexit-aren garaiotan, eta hirigune handietatik kanpo Europako Batasuna uztearen aldeko botoa gailendu denean, gaiaren inguruko erreferentziak espero zitzakeen entzuleak disko berrian. Izan ere, bada halakorik. Whyteleaf abestian, esaterako, lantoki bateko langile baten azalean jartzen da taldea. Erreferendumean Europako Batasunean geratzearen aldeko botoa eman du hark, eta hori egiten bakarra izan da lantegi osoan.

Dena den, salbuespen moduan hartu daiteke adibidea, taldeak bere ohiko ildoari jarraitu baitio lan berrian ere. Nostalgikoegi agertu gabe, memoriaren inguruko abestiak, kutsu malenkoniatsua dutenak, dira nagusi. Hemeretzi dira guztira. Itsaskorrak batzuk, Out of my Mind, kasurako. Atmosfera ilunago batera darama entzulea Heather-ek. Tronboi, tronpeta, hammond eta bestez eginiko konponketak ageri dira, Unopened Fan Mail-en , Take It All In-en eta Something New-n. Hemeretzi abestik askorako eman diete, baina, esentzia bera mantendu dute, bai abestien estrukturari eta bai melodiei dagokienez. Bost urteko isiluneak eta bestelako aldaketek ez dute taldearen norabidea aldatu, inork hala usteko bazuen. Mantentzearen aldeko hautua egin dute, haien sorlekuan ez bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.