«Maitagarria izan da»

Pablo Berasaluzek, agurreko partida jokatu, eta irabazi egin du Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Zaletuz bete dira harmailak. Bukaeran omenaldia egin diote.
Pablo Berasaluze Bizkaia pilotalekuan bildutako zaleei eskerrak ematen. Partidaren ondoren omenaldi beroa jaso zuen.
Pablo Berasaluze Bizkaia pilotalekuan bildutako zaleei eskerrak ematen. Partidaren ondoren omenaldi beroa jaso zuen. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS

Ibai Maruri Bilbao -

2016ko urriak 2
Bizkaia pilotalekua oso gutxigatik ez zen lepo bete, eta, jokoan txapelik ez egon arren, ezohiko giroa nabaritu zen atzo arratsaldean. «Jaun-andreok, arratsalde on. Iurretako Olaburu pilota eskolako gaztetxoek ohorezko bidea irekiko diote pilotari omenduari eta gainontzeko pilotariei», aurkeztu zuten bozgorailuetatik. Azkena sartu zen omendua, eta frontoi osoa zutik ipini zen, txaloka, «Pablo, Pablo, Pablo», oihuka. Ibilbide oso bat saritzea zen jaialdiaren helburua. Pablo Berasaluzek agurreko partida zen. «Eskerrik asko frontoietan utzi duzun artearengatik», irakur zitekeen, gaztelaniaz, pankarta batean. Eta ikusleetako askok «Pablo, eskerrik asko» idatzia zuten elastiko berdez bete zituzten Miribillako harmailak.

Eta pilotariak ere eskertu zuen zaleen berotasuna. Partida osteko ekitaldian, mikrofonoa hartu zuen berriztarrak: «Maitagarria izan da. Nire ibilbidean beti bultzatu nauzue. Eskerrik asko hemen zaudeten guztioi eta etxeetan zaudetenoi».

Pozik zegoen eginiko partidarekin, bildutako zale mordoagatik... Aitortu zuen aita izan zuela gogoan, bere ibilbidean garrantzitsuena izan den pertsona. Eta hunkitu zen. Hunkitu, halaber, Ibai Zabala Asegarceko pilotari eta herrikideak banangoa dantzatu eta besarkada eman zionean. Hunkitu, hiru ilobek lore sortak eskaini zizkiotenean, edota Karmelo Ariznabarreta Bizkaiko pilota federazioko presidenteak oroigarri bat ematean. Ekitaldi laburra baina sentitua izan zen agurrekoa.

Beste bizkaitar bat izan zuen bikotekide azken partidan: Mikel Urrutikoetxea zaratamoztarra. Bizkaiko pilota «sasoiko» dagoen seinale da hori, Jose Rodriguez basauriarrarentzat. Telebistako pilota emanaldi bakar bat ere ez du galtzen, baina ez da egundo egon Bizkaia pilotalekuan. Atzo izan zuen estreinako aldia. Alabarekin joan zen, alabak oparitutako sarrerekin. «Urrutikoetxea ezagutzen dugu, eta haren jarraitzaile itzelak gara. Berasaluzeren agur partida ere bada. Eta biek elkarrekin jokatuko dute. Lehen aldiz etortzeko aitzakia hoberik ez genuen aurkitu». Pilotazalea ere hunkitu zen hitz egitean.

«Ikustekoa». Berba horrekin definitu zuen Santos Urkidik Berasaluzeren ibilbidea. Elkarrekin pilotan jokatutakoak dira, eta lagun mina du omendua. Horregatik, harentzat ere arratsalde hunkigarria izan zen. Adiskidea sekula txapelik jantzi barik ikusi izanak ez du bereziki penatu Urkidi: «Egin duen ibilbide osoa izan da txapel bat baino handiagoa». Iruditzen zaio, jokatu dituen partida guztiak, «saria» izan direla Berasaluzerentzat eta zaleentzat. «Frontoian sekulako ikuskizuna eskaintzen du. Berak gozatu egiten du, eta ikustera goazenoi ere gozarazi egiten digu». Hala ere, zerbait nabarmentzekotan, Berasaluzek txokoan utzitako dejada aukeratu du: «polita dauka».

Neurri batean, Jokin Armendariz durangarra ados dago Urkidik esandakoarekin, baina ez luke mugatuko Berasaluzeren trebetasuna: «Joko miragarria dauka. Mugitzeko modu berezia dauka, beste inork ez daukan modukoa». Horregatik du gustuko berak. «Begira nola lortu duen frontoi osoa zoratzea», esan zuen Berasaluzek eta Urrutikoetxeak 16. eta 17. tantoak segidan lortu zituztenean. Miribillan egundoko astrapala sortu zen.

Azken tantoa, txokoan

Partida hasieran epel antzean egon zen frontoia, baina azken tantoetan gogoz berotu zen giroa. Azken biak zutik ikusi zituzten harmailetan zeudenek. «Horrelako emozioa sortzeko gaitasuna pilotari gutxik dute, eta horietako bat da Pablo». Javier Martinek gogoangarria izan dela uste du. 22 eta 18 gailendu zitzaizkien Berasaluze II.a eta Urrutikoetxea Olaizola II.ari eta Larunberi. Berasaluzek 17 tanto egin zituen, eta azkenekoa etxeko berezitasuna izan zen, txokoan goxo utzitako dejada.

Mila partidatik gora jokatu ditu Berasaluzek 1998ko otsailean Bergaran debuta egin zuenetik. Gaurtik aurrera ere pilotari lotuta jarraituko du, Asegarcen teknikari hasiko baita. Pilotari gazteei zer erakutsia badauka.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna