Goian, nola haurra zabuan

Jone Uria gailendu da Bizkaiko Bertsolari Txapelketako lehen finalaurrekoan, eta finalean ariko da. Haren atzetik sailkatu dira Nerea Ibarzabal eta Eneko Abasolo 'Abarkas'

Joseba Barandiaran, Jone Uria eta Eneko Abasolo Abarkas, atzo, Markina-Xemeinen jokatutako finalaurreko saioan. JAIZKI FONTANEDA / ARGAZKI PRESS.
Ane Zuazubiskar Iñarra.
Markina-Xemein
2016ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Finalaurrekoen itzulia atzo hasi zuen Bizkaiko Bertsolari Txapelketak, Markina-Xemeinen. Jone Uriak irabazi zuen saioa, 514,5 puntu lortuta, eta zuzenean sailkatu zen abenduaren 17an Bilbon jokatuko den finalerako. Haren atzetik sailkatu ziren Nerea Ibarzabal (482), Eneko Abasolo Abarkas (578,5), Oihana Bartra (476), Txaber Altube (450,5) eta Joseba Barandiaran (396). Umetan zabuetan eseri eta ez jaikitzeko zuen ohiturari kantatu zion hasierako agurra Uriak: «Ea bada gaur irteten zaidan/ barruan dudan umea». Aulki gutxi gelditu ziren hutsik Markina-Xemeingo Uni frontoian, eta bertsolariak oholtzaratu zirenerako epeldua zuten bertsozaleek barruko giroa.

Saio puntuagarria hasita, gogoetarako baliatu zuten bertsolariek hamarreko handiko ariketa. Zesta-puntan aritzen diren bi neskaren azalean jarri zituen gaiak Ibarzabal eta Bartra. Hamahiru urte bete berritan lehiatzeko aukerarik ez zutela esan zieten, haien aurka jokatzeko neskarik ez zegoelako. Haserre eta harrituta hasi zuten bertsoaldia; indartsu amaitu zuen Ibarzabalek: «Ta berdin dio, gu harro gaude/ biok garelako neska./ Saiatuz gero ezinezkoa/ den pilotakadaik ezta». Ideia horri tiraka biribildu zuen ariketa Bartrak: «Eta frontoian sartuko doguz/ batera guk ordu estrak. /Referente bat izan dagian/ atzetik datorren neskak». Uriak eta Abasolok osatu zuten ariketako bertsoaldirik osoenetakoa. Haien lankide batek istripua izan zuen bi langileren ahotik kantuan jarri zituen Amaia Ugalde gai-emaileak. Kezkaz hasi zuen ofizioa Abasolok, «neurri horiekin lan egitean/ gurea ez al da kulpa?» kantatuta, eta hala jarraitu zion Uriak: «Kontu honekin poztu garenik/ nahiz ta ezin dugun esan/ hau pasa behar zen behingoz guztiok/ arnesa lotu genezan».

Bizi aritu ziren bertsolariak zortziko txikian, eta eskertu zuten entzuleek. Markina-Xemeindik Etxebarriara oinez joateko elkartu ziren Uria eta Barandiaran, eta mendiko arropa jantzita agertu zen Uria. Adarra joz hasi zuen ofizioa Barandiaranek, «Etxebarria hori/ Nepalen al dago?» galdetuta, eta adarra joaz erantzun zion Uriak: «Zu bakarrik ikusiz/ piztu zait alerta.../ Zu hemen zaude baina/ non da gure xerpa?». Arin amaitu zuen saioa Barandiaranek: «Zortzi mila metroak/ aipatuagatik/ ez ziren haiek gorantza/ luzeraka baizik».

Umorean eta gogoetan, bertsoaldi arinak josi zituzten bertsolariek hamarreko txikian. Guraso izatear zeuden Bartra eta Uria. Baimena berak har zezala esan zion Bartrak Uriari, eta bizi erantzun zion hark: «Zuk hartu baja eta/ nik eszendentzia». Kezkaz jarraitu zuen Bartrak: «Eta eztekot gogorik/ baja bat hartzeko./ Espazioa behar dot/ deskonektatzeko».

«Belarria jarri duzu atearen kontra, beste aldekoa entzun nahian». Ate bana, eta egoera bana aukeratu zuten bertsolariek kartzelako gaiari erantzuteko. Logelako ateari itsatsita, barruko zaratari kantatu zion Ibarzabalek. Zalantzari kantatu zion bigarren bertsoa: «Apurka apurka gerturatu naiz/ badaukat nahiko interes/ nahiz atearen beste aldetik/ ezin dudan entzun errez/ arnas estuak egiten die/ barruko horiei ihes./ Eta lur jota nago atean/ 'ezin du izan, mesedez'./ Horrelakorik nola sekula/ ez nuen espero aurrez/ orain ez dakit barrura sartu/ behar nukeen edo ez». Ate batetik bestera, hala amaitu zuen bertsoaldia: «Baina halere buelta eman dut/ ta alde umore onean/ nirekin egon nahiko balu hark/ han izango nau parean/ nire aitan ta aman etxeko/ atearen bestaldean». Erosi berri zuen etxetik auzokoaren oihuak entzuten zituenaren azalean jarri zen Uria: «Ohean egin ditut aurrena/ hiruzpalau jirabira/ baina ezin lo hartu nenbilen/ ate ertzari begira/ ta pentsatu dut altxatu eta/ joan beharko naiz, tira/ jertsea jantzi eta joan naiz/ etxetik kanpora di-da/ ta belarria gerturatu dut/ auzokoen atarira.../ Bai, bai, seguru neska bat da ta/ laguntza eske ari da».

Bilbo helmuga

Finalaurrekoetako saioen irabazleak zuzenean sailkatuko dira finalera, eta eskuratutako puntuen arabera gainontzeko bertsolariak. Datorren igandean jokatuko da bigarren finalaurrekoa, hilaren 27an. Basauriko Artunduaga kiroldegian arituko dira Aitor Bizkarra, Beñat Ugartetxea, Imanol Uria, Joseba Artza, Onintza Enbeita eta Xabat Galletebeitia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.