Zaleak poztu dituen traizioa

Michel Foucaultek ez zuen amaitu 'Histoire de la sexualité' bildumako laugarren liburua. Hil ondorengo argitalpenik ez zuela nahi esan arren, berriki kaleratu dute.

Michel Foucault, artxiboko irudi batean. MARC GARANGER / GALLIMARD ARGITALETXEA.
Miren Garate.
2018ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Hiltzen zenean amaitu gabe utzitako languztiak erretzeko eskatu zion Franz Kafka idazleak Max Brod lagun min eta editoreari. Hark, ordea, ez zuen bete agindutakoa, eta errespetu falta hari zor zaio Kafkaren zenbait lan ezagun egin izana. Gertaera hura ekartzen zien gogora Michel Foucaultek (Poitiers, Frantzia, 1926-Paris, 1984) ingurukoei, zera eskatzeko: ez egiteko Brodena. Alegia, ez zuela hil ondoko argitalpenik nahi. Haren biografoek kontatutakoaren arabera, testamentuan ere bazetorren desio hori. Alferrik, ordea. Izan ere, otsailaren 8tik kalean da pentsalariaren LesAveux de la chair liburua (Haragiaren aitorpenak), Histoire de la sexualité (Sexualitatearen Historia) bildumako laugarren alea. Hitzaurrean Frederic Gros filosofo eta editoreak zehazten duenez, denbora pasatu da hil zenetik, eta baldintzak ere aldatu egin dira; horregatik dago arrazoitua argitalpena, horregatik eta, noski, Foucaulten obraren eskubideen jabeak ados daudelako.

XX. mendeko bigarren erdialdeko pentsalari nagusietariko bat izan zen Foucault, besteak beste,giza zientziei buruzko Les mots et les choses (Hitzak eta gauzak) liburuagatik eta espetxe munduari buruzko Surveiller et punir lanagatik (Zaindu eta zigortu). 1976an ekin zion Antzinako Greziatik gaur egunera arteko sexualitatea aztertzeari, Histoire de la sexualité bildumaren bidez. La volonté de savoir (Jakiteko borondatea) argitaratu zuen urte hartan, bildumaren sarrera orokorra egiten zuen liburua. 1984koak dira hurrengo biak: L'usage des plaisirs (Plazeren erabilera) eta Le souci de soi (Norberatasunaren kezka).Urte hartan bertan hil zen Foucault, eta ez zuen astirik izan LesAveux de la chair amaitzeko. Berez, gainera, bildumako bigarren alea izan behar zuen, La volonté de savoir idatzi ostean hari ekin baitzion. Lehen zirriborroa 1982an helarazi zion Gallimard argitaletxeari, baina aldaketa batzuk egin nahi zituela esaten zuen.

Foucault hil zenetik ia 34 urtera plazaratu du lana Gallimard argitaletxeak berak. 400 orri inguruko saiakera da, eta, estilo aldetik, aurrekoak baino soilagoa da,amaitu gabe utzi zuelako akaso; izan ere, Foucaultek bazuen testuekin obsesibo samarra izateko fama: esaten zuten behin eta berriro bueltaka aritzen zela haiekin, konforme geratu arte. Gros editoreak hitzaurrean jartzen duenez, pentsalariak eskuz idatzitako zirriborro batekin eta idazteko makinaz egindako transkripzio batekin osatu dute.

Kristo ondorengo aurreneko mendeetako elizaren sortzaileen lanak aztertzen ditu Foucaultek Les Aveaux de la chair-en, Iustinus Martyrrekin (100-165) hasi eta San Agustin Hiponakoa (354-430) bitarteko elizgizonenak. Ondorioetako bat hau da: ez dagoela erabateko hausturatik Antzinako Greziako eta Erromako pentsalariekiko. Hau da, zentsura, debekua eta halako praktikak ez direla kristautasunari soilik atxikitako ezaugarriak, eta aurreko filosofo paganoek ere (Platon, Marco Antonio...) teorizatu zituztela zenbait kontu: birjintasuna, fideltasuna, sodomia, ezkonduen arteko sexu harremanen jomuga erreprodukzioa izatea... Kristautasunak teoria horiek kontuan hartu eta bere garaira moldatu zituela dio Foucaultek.

Ez da berez gaurkotasun handiko liburu bat, baina segituan egin dira han jorratzen diren gaien eta gaur egungo zenbait arazoren arteko loturak; esaterako, esan da baduela zerikusia sexu jazarpenaren aurkako Me Too kanpainarekin, sexu arauen harira. Hain zuzen, bere lana «orainaren historiatzat» hartzen zuen Foucaultek, orainera nola iritsi garen aztertzen zuelako; beste era batera esanda, orainean arrunt moduan hartzen diren zenbait kontu nolatan diren hala aztertzen zuelako.

Sexualitatearen gaiaz gain, eromena, buruko gaitzak, medikuntza, zigorra eta abar landu zituen, eta haien inguruan egindako galdera batzuek ez dute galdu garrantzirik. Horregatik-edo, nahiz eta hiru hamarkada baino gehiago pasatu diren hil zenetik, azken urteotan ere oso presente jarraitu du liburu dendetan; batetik, haren obrari buruzko azterketa ugari atera dituztelako; bestetik, pentsalariak berak utzitako zenbait lan argitaratu direlako.

Lan gehiago ere bai

Berez, LesAveux de la chair ez baita Foucaulten lehen liburu postumoa. Aurrekoek ez dute halako zalapartarik sortu, pentsalariaren borondatea urratu izana ez zelako hain agerikoa. 1994an ateratako Dits et écrits (Esanak eta idatziak), esaterako, Foucaultek berak han eta hemen idatzitakoekin eta esandakoekin dago osatuta, bizi zen artean pentsalariak euskarri ezberdinetan ateratako artikulu, hitzaldi eta hitzaurreen bilduma bat baita.

Zalantza handiagoa sortu zuen Foucaultek emandako eskolak argitaratu izanak. Cours au Collège de France bilduma (Eskolak Collège de Francen) hamahiru alek osatzen dute, eta 1997koa da lehena. Baina haren borondatea ez urratzeko zirrikitu bat ikusi zuten orduan ere editoreek. Hasteko, esan zuten eskaera handia zegoela bai Frantzian eta bai handik kanpo —diziplina batean baino gehiagotan aztertu izan dira haren lanak, tartean medikuntzan, zuzenbidean, filosofian, psikologian eta sexologian—. Eta, horrez gain, ahoz emandako eskolak zirela zioten, ez zirela ezkutukoak, jende aurrean esandakoak baizik. Eta egia da bildumako ale gehienak grabatutako eskolen transkripzioak direla, baina ez guztiak. Aurrenekoa, esaterako, grabatu gabe dago, baina erreparo handirik gabe jo zuten editoreek haren apunteetara.

Hala ere, Foucaultek argitaratu gabe utzitako lanen artean haren jarraitzaileek baten bat desio bazuten, hori Les Aveux de la chair zen. Izan ere, pentsalariaren lana aztertu duten zenbait egilerentzat, atera berri den liburuan dago Histoire de la sexualité bilduma osoaren gakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.