Jaiak. Sanmartinak Aramaion

Dantza nagusi sanmartinetan

Bi egun dituzte oraindik aramaioarrek ekitaldiz beteriko egitarauaz gozatzeko.Iazko arrakasta ikusita, gaueko bertso bakarrizketa izango da gaurko elkargune nagusia

Aramaioko jaietako egun guztietan musikak aparteko lekua du. BERRIA.
Lur Gil.
Gasteiz
2014ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Jaietan bete-betean dago Aramaio (Araba). Ostiralean sanmartinak hasi zituztenetik—herriko jai nagusiak—, lau egunez etengabeko festa izanen dute, eta, lehen bi egunak igarota, beste bi dituzte gozatzen jarraitzeko. Hori bai, musika eta dantza ardatz izanda, gaur bertan eguerdi eta arratsaldean gorputza mugitzeko tartea egongo da.

Iruñeko eta Lesakako egitarauek ez diote itzal egingo Aramaion prestatutakoari. Jai batzordeak, iaz hasitako ohitura berriari jarraituz, zapi gorriak ateratzeko deia egin du, San Ferminen inbidixe? Bai zera! diotenak.

Izan ere, egitarau oparoa daukate aurretik; goiztiarrenek eta parrandazaleenek bat egingo dute herriko txistulariek goizeko hamaiketan girotuko dituzten dianetan. Horren ostean, mezaren txanda izango da, eta, ondoren, Lagun Artea dantza taldea ikusteko aukera egongo da.

Bertso bakarrizketa

Arratsaldean, dantzan utzitako indar guztiak plazako bazkarian berritu ostean, giza probek hartuko dute herri kirolaren tartea. Ordea, aurreko urteetan arrakasta izan duten bi ekitaldiizango dituzte aurretik Aramaion elkartzen direnek. Iluntzean, dantza plaza —aurten Saltoka taldearekin— eta bertso bakarrizketa saioa egingo dute elizako eskaileretan.

Laugarren eta azken eguna izango da biharkoa. Goiza haurrentzat izango da, oso-osorik, Gazte Asanbladak antolatutako jolasak izango dituzte lehenik, eta Kondaira baten truke antzerkia eguerdian, Patata Tropikala taldearen eskutik. Arratsaldean, gazteek hartuko dute lekukoa. Herriko Gazte Asanbladak antolatuta, kuadrillen arteko «lehia» egingo dute, urtez urte egiten duten festa giroko lehia.

Jaiei amaiera ematen hasteko, Arrasate Musikalen emanaldia egingo dute kultur etxean. Herri afaria ere egingo dute, eta, postrea hartu ondoren, Tamsa taldearen sanba afrikarraren doinuek alaituko dute afalostea.

Lau egunetako ospakizunekin nahikoa izan ez badute, festazaleenek jaia apur bat luzatzeko aukera izango dute. Musikarekin gozatuko dute goizeko ordu txikiak arte. Are gehiago, DJ Mikelek eskainiko duen saioa amaitutakoan, parrandazale onenari Urrezko Gibela saria emango diote goizaldean.

Hasieratik dantzan

Triki-kalejira herriko trikitilari taldeak izan du aurtengo suziria botatzeko ohorea. «Urtez urte, jaietan eta beste egunetan, kolorea eta doinua jartzea» eskertu dio jai batzordeak; jaiei hasiera emateko aukera eman diete. Ostiralean suziri hotsa herriko plazan entzun zenetik, musikak eta dantzak ez du etenik izan. Atzoko lehiaketa sortaren ondoren, jende andana elkartu zen Bad Sound System eta Gose taldeek plazan eskainitako kontzertuetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.