Bi faborito ez hain argirekin datoz aurtengo Oscar sariak

'The Shape of Water' eta 'Three Billboards Outside Ebbing, Missouri' dira film onenaren Oscar saria jasotzeko hautagai nagusiak. Bihar goizaldean izango da sari banaketa

Jimmy Kimmel umoregilea izango da aurten ere ekitaldiaren aurkezlea. MIKE NELSON / EFE.
Miren Garate.
2018ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Hango eta hemengo hedabideek egiten dituzte Oscar sariei begirako kinielak, adituei eta abarri kontsultatuz zein izan daitezkeen garaileak. Eta gero eta gehiagok bi ataletan banatzen dute iragarpena: alde batetik, zeinek irabaziko duen, eta, bestetik, zeinek irabazi beharko lukeen. Aurtengoan, bi erantzun nagusitzen dira nahiko argi lehen galderan: Guillermo del Tororen The Shape of Water eta Martin McDonaghen Three Billboards Outside Ebbing, Missouri, hain zuzen. Nork irabazi beharko luke? atalean, ordea, beste izen batzuk ere bolo-bolo dabiltza: Dunkerque, Get Out eta Lady Bird dira horietako hiru. Hala, lehia hasieran uste baino zabalago egon daitekeela ematen du; alegia, sorpresa ez litzatekeela hainbestekoa izango hiru horietakoren batek irabaziko balu ere.

Harridura handiagoa eragingo luke zuzendari onenaren Oscarra Del Tororentzat ez izateak, aurten arlo horretan banatutako sari nagusiak jaso baititu. AEBetako zuzendarien sindikatuak egindako sari banaketan, esaterako, bihar izango dituen lehiakide berberak izan zituen, bat salbu —Martin McDonagh zegoen, eta ez Paul Thomas Anderson—, eta garaile atera zen. Aipagarria da atal horretako hautagaien artean Greta Gerwig dagoela. Sarien 90 urteko historian, zuzendari onenaren Oscarra jasotzeko hautagai den bosgarren emakumea da —bakarrak lortu du orain arte, Kathryn Bigelow zinemagileak, 2010. urtean, The Hurt Locker filmari esker—. Bosgarren beltza izango da, berriz, Jordan Peele, Get Out filmagatik. Era berean, lehen lanarekin film, zuzendaritza eta gidoi onenaren sariak eskuratzeko hautagai den hirugarren zinemagilea da. Hain zuzen, Oscarrei egiten zaien kritiketako bat da gizon zuri heterosexualen mendeko eremua direla, eta haien begietatik begiratzen zaiela pelikulei.

Gizonezko aktore onenaren saria jasotzeko faborito nagusia Gary Oldman da, Darkest Hour-en egindako lanagatik; eta emakumezko aktore onenaren kasuan, berriz, Frances McDormanden izena aipatzen da gehien, baina kritika oso onak lortu dituzte Sally Hawkins (The Shape of Water), Saoirse Ronan (Lady Bird) eta Margot Robbiek (I, Tonya) ere. Eta ezin ahaztu Meryl Streep (The Post) ere lehian dela, bere 21. izendapena lortuta —aktore batek inoiz izan duen kopururik handiena—.

Apustu guztien arabera, Christopher Nolanen Dunkerque ere ez da esku hutsik joango etxera, arlo teknikoko Oscarrak irabazteko hautagai nagusia baita. Zuzendari eta film onenerako ez ezik, kategoria hauetarako ere aukeratu dute: argazkia, soinu banda, ekoizpen diseinua, soinua, soinu edizioa eta muntaketa. Izendapen gehien duen bigarren filma da aurten, The Shape of Water-en atzetik, hamahiru baititu hark. Three Billboards Outside Ebbing, Missouri-k, berriz, zazpi izendapen ditu.

Guztira, 24 kategoriatan banatzen dira Oscarrak, eta Euskal Herrian bihar goizaldeko ordu biak direnean hasiko da sariak emateko gala. Iaz bezala, aurten ere Jimmy Kimmel izango da aurkezle. Oraindik askok gogoan dute 2017an akademiak egindako hanka-sartzea: film onenaren saria ematerakoan, gutun-azal okerra jaso zuten sari-emaileek, eta La La Land jo zuten irabazle. Filmeko ordezkariak ordurako eskerrak ematen ari zirenean jakin zen nahasketaren berri, eta esan zuten Moonlight zela garailea.

Jazarpenak, lehen planora

Halako okerrik aurten ere egongo den ezin jakin, baina ia seguru esan daiteke sexu jazarpenen gaia oso presente egongo dela ekitaldian. Urri hasieran jakin zen Harvey Weinstein zinema ekoizle famatuak egindako jazarpen kasuen berri —akademiatik bota zuten salaketen berri izandakoan—, eta soka luzea ekarri du gaiak. Dozenaka andrek kontatu dituzte antzeko istorioak: jazarpena, bortxaketak, sexu harremanen truke agindutako ordainketak... Besteak beste, Kevin Spacey, Dustin Hoffman, James Franco, Brett Ratner, John Lasseter, Louis C.K. eta Bryan Singerri ere egotzi zaie jazarpena egin izana.

Ohituraren arabera, aurreko urteko gizonezko aktore onenak banatzen du hurrengo urteko emakume aktore onenaren Oscarra. Casey Afflecki zegokion oraingoan, baina hark ere salaketa bat jaso zuen, 2010ean I'm Still Here dokumentalaren grabaketan izandako «jarrera desegokiagatik». Uko egin dio ekitaldian egoteari, bertsio ofizialaren arabera, bere borondatez.

Kimmel aurkezleak orain egun batzuk emandako elkarrizketa batean esan zuen ez zituela aipatuko #MeToo eta Time's up mugimenduak bere txantxetan. Haren esanetan, gala ez da pertsonek sufritutako sexu jazarpenak berriz sufritzeko lekua, sari banaketa bat da. Gaineratu zuen jendeak bizitza osoa ematen duela Oscar bat jasotzeko itxaropenez: «Inondik inora ez nuke nahi norbaiti hori zapuztea unea desatsegin bihurtuta».

Alabaina, ikusten da emakumeek sentitzen dutela gaiari buruz hitz egiteko premia. Urrezko Globoen galara beltzez jantzita agertu ziren, Time's up zioten pinekin; berdin BAFTA sarietara; eta Goyetara, abaniko gorriak eraman zituzten eskuetan. Saria jaso osteko eta banatzerako diskurtsoetan ere hainbatek salatu dituzte sexu jazarpenak nahiz soldatetan dauden ezberdintasunak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.