Abenturazalearen itzulera

Erabateko fikziora itzuli da Jean Echenoz bere hamaseigarren eleberrian. Estilo neurtu eta tonu ironikoari eutsiz ondu du 'Isil-mandataria' nobela «hibridoa».

Frantsesez idazten duten autoreen artean erreferente da Echenoz. Euskaraz, haren azken bost eleberriak irakur daitezke. MARTA PEREZ / EFE.
Ander Perez Argote
2016ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Orain urte batzuk, Jean Echenoz idazleak (Orange, Okzitania, 1947) gertakari eta pertsonaia errealetan oinarritutako literatura egiteko hautua hartu zuenean, nekeari egotzi zion erabateko fikzioa alboratzeko erabakia: «Ez daukat gogorik eleberriaren genero tradizionalera mugatzeko. Itzuliko naiz beharbada, baina ez dakit, oraintxe nekeza egiten zait fikziozko pertsonaiei izenak jartzea ere».

Aldaketa hark, lehenbizi, hiru pertsonaia historikotan oinarritutako eleberri bana ekarri zuen: Maurice Ravelek, Emil Zatopekek eta Nikola Teslakhaien isla aurkitu zuten Echenozen Ravel (2006), Lasterka (2008) eta Tximista (2010) lanetan. Gero, 2012an, Lehen Mundu Gerran jazoak eraman zituen literaturara, 14 eleberriarekin. Gerardo Markuletak ekarri ditu lan horiek guztiak euskarara, eta Meettok-ek argitaratu.

Orain, ordea, lehenagoko bidea berreskuratzea erabaki du idazleak, dioenez, ez baita fikzioa bere obsesioetatik desagertu: «Hamarkada osoa eman nuen pertsonaia eta gertakari historikoekin lanean; horrek eragin zuen liburuxka sorta bat, zeinean fikzioak bigarren mailako lekua zeukan. Fikzioak, ordea, beti jarraitu zuen hor, ate ostean. Baina nik, horren ostean, nobelaren espaziora itzuli nahi nuen, eta bide horri berrekin. Abenturak kontatzea abentura bat da berez, eta horren falta sumatzen nuen». Esan eta egin, aurten kaleratu du bere azken eleberria, Isil-mandataria, fikzio hutsaren bidetik. Itzuli da abenturazalea.

Lehenagoko lanekin egin bezala, Gerardo Markuletak berak euskaratu du Echenozen azkeneko eleberria ere, eta Meettoken eskutik ikusi du argia. Nobedadea, zera da: gaztelerazko itzulpenari aurreratu zaio oraingoan euskarazkoa, eta, gainera, Echenozek frantsesezko jatorrizkoa argitaratu duen urte berean dator euskal bertsioa ere.

Nobela korala da Isil-mandataria, pertsonaia askok osatua. Constance izeneko emakume batda pertsonaia nagusia; hura da isil-mandataria eta «intriga guztiaren motorra», Markuletak dioenez, baina ez da protagonista «bete-betean». Harekin batera, jeneral zahar batek, behinola arrakastatsua izandako pop konpositore batek eta kartzelatik irten berri den pertsona batek osatzen dute trama. Constance bahitu egingo dute halako batean, eta izango dira gerora konplotak, suizidioak eta hilketak. Nahastu ditu elementuak Echenozek, nobela «hibrido» bat ontzeko, itzultzailearen hitzetan. Espioitza eta intriga eleberria, eleberri beltza eta abentura kontakizuna, hirurek egiten dute bat lan berrian.

Frantzian kokatua da narrazioa, Parisen hasieran eta landa eremuan ondoren, eta Ipar Koreara ere bidaia egingo dute pertsonaiek nobelaren zati batean. Gaur eguneko denboran kontatzen da, baina, Markuletaren ustez, «batzuetan ematen du denboratik kanpo dagoela». Autoreari berari galdetu zioten horri buruz, eta hark erantzun: «Gustuko nuen gaur eguneko garaian nahastea pertsonaia egia antzekoak garai edo zinema zaharrago batean aterata diruditen beste batzuekin».

Orain arteko estiloari eutsiz

Fikziora itzuli da Echenoz, baina eutsi dio, halere, orain arteko estiloari, eta hori nabarmendu du,hain justu, Markuletak. Haren joera deskriptiboa, «labur eta trinko» aritzeko modua, eta «gutxirekin asko esateko nahia» azpimarratu ditu itzultzaileak. «Bitartekoen ekonomia» deitu ohi diote kritikariek Echenozen joera horri. Gainera, idazleak tramarekin hartzen duen distantzia ere goraipatu du Markuletak, «ironiaren eta harriduraren artean, narratzaileak gertatzen dena sinestuko ez balu bezala».

Egun, frantsesez idazten duten autoreen artean erreferentea da Echenoz. Berezia da haren prosa estiloa, txalotua; hark berak esan izan duenez, zinema eta musikarekiko zaletasunetik edaten du estilo horrek. Bide horretatik ondu du azken eleberria, bere ibilbidean hamaseigarrena. Eta goratu du lana haren itzultzaileak: «Trama gorabeheratsua, eta prosa molde gozagarria duen nobela dibertigarria» da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.