Makina-erreminta. Biurtekoa

Aparteko teknologia erakusten ari dira makina-erremintaren azokan

Automatizazioa eta robotizazioaren bidez, etorkizunean lantegietan erabiliko diren gailuak aurkeztu dituzte.27 herrialdetatik etorritako 1.314 enpresa parte hartzen ari dira azokan

Aparteko teknologia erakusten ari dira makina-erremintaren azokan.
Barakaldo
2014ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Barakaldo berrikuntzaren eta teknologiaren erreferente izaten ari da asteon, makina-erremintaren sektorearen erakusleiho garrantzitsuenarekin. BIEMH 28. erakusketa azokak produktu, zerbitzu eta fabrikazio prozesuetarako aurrerapen teknologiko berriak aurkezteko aukera ematen ari zaie BECen elkartu diren 1.314 erakusleei. Enpresek balio erantsia eman diete beren azken produktu, pieza eta makinei eta horiek erakusten arituko dira larunbatera arte. Hala, sektorearen jarduera berreskuratzeko eta negozio berriak lantzeko topagune bihurtzen da bi urterik behin antolatzen den azoka hau.

Industria talde bakoitzak punta-puntako produktuak ekarri ditu. Besteak beste, errealitate areagotua baliatzeko teknologia, makinak doitasunez gidatzeko teknikak, piezetan erroreak zuzentzeko gailuak edo robotikako azken berrikuntzak. Aipaturiko proposamen ugari datozen urteetan merkaturatzen hasiko diren arren, burututako lana erosleei aurkezteko tokitzat aukeratu dute BIEMH.

Tecnalia, esaterako, laster hasiko da zenbait teknologia berritzaile merkaturatzen. Nagusiena, edo espresuki saldu nahi duena, Google Glass betaurrekoen erabilera da; Tecnalia eta Zerintia Technologies enpresen Europako ekinbide aitzindaria da, eta betaurrekoak Maaximus izena duen makina kontrolatzeko erabiliko dituzte. Maaximus mihiztatze aeronautikako eragiketa anitzeko lehen sistema robotizatua da. «Betaurrekoak robotarekin zuzenean konektatuta daude etalana nola egiten ari den kontrolatu dezakegu», dio Urko Esnaolak, Tecnaliako proiektu zuzendariak. Teknologia hori hegazkinetako piezetan zulo txikiak eta errematxeak doitasun handiz egiteko erabiltzen ari dira. Langileak Google Glassak jantziko ditu eta zuloak egin bitartean arazoren bat ematen ari dela sumatzen badu, «azkar ikusi, konpondu eta hurrengo agindua emango dio makinari».

Berrikuntza horren bidez, errealiate areagotua etorkizuneko fabriketara eramango dutela uste du Esnaolak. «Duela urte batzuk tabletek iraultza ekarri zuten industriara, haien bidez kontrolatzen hasi ginen prozesuak. Hurrengo pausoa hau izan daiteke, jantzita daukazun zerbait ahotsaren edo irudien bitartez kontrolatzea, eta hori hemen erakusten ari gara». Betaurrekoekin makinari buruzko informazioa lortu eta konponketak urrrunetik egiteko aukera egongo da. Tecnaliakoek azaldu dutenez, iraultza ekarriko du sektorera, kostuak murriztuko eta makinaren produktibitatea hobetuko delako.

Makina-erremintaren sektoreak xehetasun handiz lan egitea eskatzen du. Baina doitasuna lortzea ez da beti erraza izaten eta,makinek oso zehaztasun handiz lan egin behar dutenean, bibrazioak suertatu ohi dira sarri. Ondorioz, lantzen ari diren piezan markak ager daitezke, erroreak eman eta, beharbada, ekoizpen prozesu osoa eten beharra. Ik4 Ideko taldean irtenbide bat eman diote arazo horri. «Egitura malguetan sortzen diren bibrazioak neurtzeko gailua garatu dugu. Gure makinarekin ez ditugu bibrazioak kentzen, baina horiek sortzen duten efektua galaraztea lortu dugu», azaldu du Nerea Arangurenek, Berrikuntza eta Ustiapen Teknologikoko zuzendariak.

Akatsik gabeko piezak

IK4-Ideko taldea ikuskapen sistema berri bat garatzen ari da trenen gurpilen beloetan barruko akatsak ultrasoinuen bidez atzemateko. Proiektua azokan aurkeztu dute segurtasunaren garrantziaz ohartarazteko. «Pieza bikainak sortu behar dira, baina horiek barrualdean akatsik ez dutela egiaztatu behar da». Taldea garatzen ari den makinarekin, gurpilen ikuskapena trena geldirik dagoenean egingo da ultrasoinuen bidezko ikuskapen sistema berria erabiliz.

IK4 taldearen barruan, industri fabrikazio eta ekoizpenerako teknologietan berezitutako Teknikerrek pieza handiak mekanizatzeko makina-erreminta autoeramangarria aurkeztu du. Itziar Zenozek marketin zuzendariak dioenez, gailu horrek sei hankako sistema bat dauka eta modu autonomoan eraman daiteke lana egin behar den lekuraino eta «makina handien kalitate bereko mekanizazio lanak egiteko aukera ematen du». Eramangarritasun horri lotuta, robotika arloan ere aritzen dira, eta bere kabuz ibiltzen den robot bat sortu dute. Kanpotik gidatu beharrik izan gabe, robotak bisitariak gidatu eta zenbait azalpen emango dizkie IK4 Teknikerrek duen erakustokian zehar. Horrez gain, robot bimanipulatzaile bat ere aurkeztu du zentroak. Zenozen arabera, robotak ekoizpenaren eskakizun praktikoei erantzuten die eta, gainera, aeronautika edo etxetresna elektrikoetarako irtenbideak ematen ditu. Gainera, gai da langileekin elkarlanean aritzeko eta, aplikazio batzuk baliatuta, interakzioan aritzeko.

Abangoardiazko teknologia berriekin joan da DanoBatGroup taldea azokara. Besteak beste, konposite piezak fabrikatzeko burua aurkeztu du Mondragon taldeko kooperatibak. Makina horrek landuko duen piezaren kalitateari hobekuntza nabarmenak eman, errendimendu handiagoa atera eta kostuan murrizketak ekarriko ditu. Proposamen hori industria aeroespazialera, autogintzara, energiaren eta garraioaren sektoreetara bideratzen da. «Gaur egun, ahalik eta material arinenak sortzen ahalegintzen ari gara. Material batek gutxi pisatzen badu, eragingarriagoa izango da. Esaterako, hegazkinen hegalek eta motorrek gutxi pisatu behar dute. Hori dela eta, material arinen fabrikazioa oso alor garrantzitsua bihurtzen ari da», ziurtatu du Mikel Alvarezek, DanoBatGroupeko salmenta eta marketin zuzendariak.

Makina-erremintaren sektorea oso lehiakorra da; ondorioz, talentua izatea oso beharrezkoa da. Elgoibarko taldeak eskola propioa dauka eta ikasle sortzaileak hezten saiatzen dira bertan. «Egoera bakoitzari egokitzen zaizkion irtenbide integralak ematen dizkiogu eta, horretarako, berrikuntzarako gaitasuna izan behar da. Ikasleei makinei balio erantsi bat eman diezaioten irakasten ahalegintzen gara», gaineratu du Alvarezek.

Erabilera errazteko gailuak

Punta-puntako teknologia esku artean izaten denean, orokorrean, nahiko zaila da gailuak erabiltzea. Hori dela eta, Fagor Automation taldeak, makinen erabilera errazteko diseinatu eta garatu dituzten produktuak erakutsi ditu. Gailuen erabilera azkartzeko, izugarrizko zehaztasuna eskuratzeko eta ekoizpena handitzeko gai diren produktu eta nobedadeak ekarri dituztela azaldu du Xabier Hernandezek, Europako adarreko zenbakizko kontroleko zuzendari komertzialak. Horien bidez, erabiltzaileei soluzioak eman eta erraztasunak eskaini nahi dizkiete. «Makina batean zenbakizko kontrola, motorrak eta erreguladoreak behar dira, eta guk zerbitzu osoa eskaintzen dugu».

Erabiltzaileen beste behar bat bat da makinak erabilerrazak izatea, Jose Maria Viniegra Fagor Automationeko salmentaburuaren ondokoaren hitzetan. Horretan ari dira beraiek, baina zehaztasuna ahaztu gabe. «Teknologia esparru berriak aztertu eta eredu eta kontrol mota desberdinekin lan egiten ari gara ahalik eta erresoluzio zehatzenak lortzeko asmoz».

Hobekuntza xumea aurten

Eskaintza eta aukerak oso zabalak izatea da, hain zuzen ere,BIEMHren arrakastaren oinarria.Antonio Postigok, AIMHE Makina-erremintaren inportatzaileen elkarteko presidenteak, azokan azaldu duenez, Europako topagune garrantzitsuenen artean kokatzen da Barakaldokoa. Enpresen eskaintza eta hornitzaile berriak aurkitzeko topaleku bihurtu da aspaldi eta, aurtengo aurreikuspenen arabera, 300 erosketa espero dituzte azokaren egunetan, kopuru handia halako makina handientzat. Aeronautika, trenbideak, energia berriztagarriak, eraikuntza metalikoak edo ekipo ondasunen sektoreetako berrikuntzak izango dira nazioarteko erosleen jomuga. Jada, Aljeria, Argentina, Brasil, Kolonbia, Mexiko, Peru, Portugal eta Errusiako ordezkariak gerturatu dira.

Makina-erremintaren sektoreak hobekuntza xumea aurreikusi du iazko urtearekin alderatuz. Batez ere, automobilgintzan eta sektore aeroespazialean sumatu dute igoera. Hala ere, merkatuak jarraituko duen joerari begira daude azokan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.