Albistea entzun

ETAren armagabetzea. Apirilaren 8ari begira

Herriak eginen du bake prozesua

«Apirilaren 8an 'bakearen artisauak' milaka izanen gara», esan zuten armagabetze eguna aurkezteko orain dela bi aste, Baionan. Horietako hamarrekin mintzatu da BERRIA, beren engaiamendua esplika dezaten.
BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Ekhi Erremundegi Beloki -

2017ko apirilak 5

(1) JOANA HOKI

(Zalgize, Zuberoa, 1992 / Azia elkarteko presidentea)

«Bakea ez du gobernu batek edo jende talde txiki batek deliberatzen»

«Niretzat bakearen artisau izatea, sinpleki, jendearekin mintzatzea da, bakoitzak Euskal Herriko egoera nola bizitzen eta sentitzen duen konprenitzen saiatzea, jendeen artean zubiak eraikitzea. Oraindik sentitzen dugu jendeen arteko harremanetan eta, badirela blokatze anitz. Bazen gerla Frantzia eta Espainiako estatuekin, baina gerla andana ere Euskal Herrian berean, jendeen artean. Nik ez dakit anitz politikaz, baina espero dut, gazteek indar hori eginen dugula, aitzina egiteko, eta biharko herria elkarrekin baikorki asmatzeko. Eta ez beti iraganeko gerletan egoteko. Bakea ez du gobernu batek edo jende talde txiki batek deliberatzen, baina bai herritar orok, eta horrek dio indarra ematen prozesu honi. Horregatik, ezinbestekoa da apirilaren 8an Baionara jitea, indarra emateko armagabetze horri. Eta gero, gogor bada ere, bakoitza hasi behar da bere autokritika egiten; jendeen artean mintzatu behar da eta elkar konprenitzen entseatu. Hori, norberak egin behar duen urratsa da. Aiseago aitzinatuko gara oro elkarrekin ari bagara, eta ez elkarren kontra».

(2) ANAIZ AGIRRE OLHAGARAI

(Baiona, 1990 / Bizi-ko kidea)

«Ez baditugu zauriak sendatzen, ez gara sekula bakean izanen»

«Luhusoko operazioak hitza askatu du, elektroxok gisako bat izan da, ez genuen espero, nehork; ez ginen prestatuak. Nire familian ere euskal gatazkak bere ondorioak izan ditu. Beraz, historikoki, niretzat, nire baitan, normala da horretan parte hartzea; gure ardura da, isiltasunetik atera behar gara. Urte anitzez baztertu dugun arazoa izan da, eta iruditzen zait tenorea dela, gertatu zaigun guziaz mintzatzeko. Ez bakarrik bakea egitea Frantziako edo Espainiako estatuekin baina, guk gure artean, euskaldunen artean. Bada ere harrotasun bat: frogatzen dugu euskaldunok, gai anitzetan, gauzak gure esku hartzen badakigula.

Ez baditugu zauriak sendatzen, ez gara sekula bakean izanen. Niretzat naturala da mugimendu hau sostengatzea. Nola nahi duzu bakearen alde den mugimendu baten kontra izan, ala ez parte hartu?»

(3) JEANOT LASTIRI

(Uztaritze, Lapurdi, 1959 / Sindikalista)

«Ez diot nehori 'jakin izan banu' entzun nahi»

«Orain nehoiz baino gehiago, mugitzeko momentua da. Azken sei urteetan Frantziako eta Espainiako Gobernuei dosierra beren gain hartzeko parada utzi diegu, ikusi dugu gauzak ez direla anitz mugitu. Nire beldurra da gazteriak ez duela etengabe itxarongo erreakzionatu gabe. Hego Euskal Herrian ikusi ditugu azken gertakariek pentsarazten didate bururaino joan behar dugula. Gazteriaren nahi horri erantzun behar diogu, agian hori delako ere leporatzen digutena: gehiegi itxaroten egotea. Nik ere 20 urte izan nituen, dena nekien, dena berehala egin behar zen, dena lehertu behar zen... Hori zen. Denborarekin ohartzen naiz bortizkeria ez dela zinezko bide bat eta bestelako bideak badirela esperantza hobe batzuetara iristeko.

Norberak erantzukizuna hartu behar du, beharrezko galderak egin. Ingurukoekin anitz aipatu dut, eztabaida anitz izan dugu. Horretarik elikatzen naiz. Bozeramaile gisa ikusten naiz. Beren kanapean egon eta mugitu nahi ez duten jende guzi horiei esplikatu behar zaie, altxatu eta aitzina joateko tenorea dela, bakea behar dugula errateko. Izan politikari, sindikalista, edo herritar xume, gure ardurak hartu behar ditugu, 'errateko aski!', ez dugu nahi armak edonon egon daitezen. Gure ordezkariek egin nahi ez badute, guk eginen dugu. Ez diot nehori 'jakin izan banu' entzun nahi».

(4) JAKES ABEBERRI

(Miarritze, Lapurdi, 1930 / Enbata)

«ETA ez da Espainiaren afera orain: Frantziako Gobernuari dagokio»

«Mixel Berhokoirigoinek eta Txetxek galdetu zidaten bakearen artisauen dinamikan parte hartzeko. Onartu dut, bi pertsona horiengan konfiantza osoa dudalako, lagunak dira, eta gauza anitzentzat ikuspegi politiko bera dugu. Eta bestetik, konponbide bat aurkitzeko bi gobernuek eta ETAk dituzten zailtasunak ikusirik, aukera bat agertzen bada lagundu behar dela uste dudalako.

Zintzoki, uste dut abagune bat dagoela. Erran denaren arabera, ETAren arma guziak Frantziar estatuan dira, eta gaur egun horien ardura duten bitartekariek ere frantziar herritartasuna dute. Beraz, gaur egun ETA ez da Espainiaren afera: Frantziako Gobernuari dagokio.

Konponbidea da gizartea adiskidetzea, eta presoak itzultzea; gizarte zatitu batean bizi gara. Baina oraingoz lehentasuna, armak itzultzea da; ezinbesteko baldintza da. Inteligentzia militante erraldoia dago hemen, eta harreman garrantzitsuak egin dituzte, dena bermatzeko. Balentria ikaragarria da. Laguntzeko aukera badugu, egin behar dugu».

(5) MARTINE BOUCHET

(Mugerre, Lapurdi, 1964 / Gizarte ekintzailea)

«Ezin da gizarte zibilaz mintzatu norberak parte hartu gabe»

«Bakearen artisau izatea erabaki dut, behin betiko bake iraunkor bat ezar dadin nahi dudalako. Eta bi gobernuak mutu gelditu direnez, gizarte zibilaren desmartxan parte hartzea ongi ikusi dut. Ezin da gizarte zibilaz mintzatu norberak parte hartu gabe, ongi dela erran eta besteak egiten utzi. Desmartxarekin osoki bat egiten dut, konfiantza diet Luhuson inplikatutako pertsonei, beraz asumitzen dut. Ez da armagabetzeari begirakoa bakarrik, zinezko bake prozesu bat bideratu eta biktimen eta presoen gaia konpontzea ere bada. Bizikidetza eraiki behar dugu. Ez da egun bakarreko operazioa, prozesu oso baten hasiera baizik. Bakea ez da dekretuz erabakitzen, eraikitzen da».

(6) PAKO ARIZMENDI

(D. Garazi, 1953 / EAJko IBBko burua

«Baretasun diskurtso bat zabaldu behar dugu»

«Txetx Etxeberri, Mixel Berhokoirigoin... Bakearen Artisauen dinamikaz harago, lehenagotik ere ongi ezagutzen ditudan pertsonak dira, eta konfiantza dut haiengan. Beraz, parte hartzeko galdetu zidatenean, onartu nuen. Eta egiteko xedea dutena aurkeztu zidatenean -armagabetzea behar bezala burutzea ondoren bake prozesuari heltzeko-, entzun nuen, nire ustez hori delako funtsezkoena. Armen entregatzea keinu bat da, ekintza delikatu bat ezbairik gabe, baina niretzat ekintza tekniko bat besterik ez da. Egin behar da, noski, eta egiaztatua izan behar da, prozesuaren parte delako; baina, niretzat interesgarriena zera da, beste urratsak egitea ahalbidetzen duela, eta hori izanen da zailena: biktimen aitortza, presoen arazoa... Denbora eta pazientzia beharko dira. Baina, armagabetzea ezinbestekoa da etapa hori gainditzeko. Apirilaren 8ari dagokionez, nire posizioa da ?eta baita EAJrena ere?, ahalik eta zalaparta gutxienarekin egin behar dela. Baretasun diskurtso bat zabaldu behar dugu. Orrialde hau itzuli eta hurrengora pasatu behar gara».

(7) ANNE-MARIE BORDES

(Getaria, Lapurdi, 1949 / Kazetaria)

«Gizarteko sektore guziak inplikatu behar dira prozesu honetan»

«Bakearen artisauen dinamikan parte hartzea erabaki dut azken bi urteetan Bake Bidean parte hartzen dudalako. 40 urtez kazetari bezala aritu naiz Euskal Herrian. Euskal gizarteak anitz sufritu duela ikusi dut, Espainiar Estatua eta ETAren arteko gatazkak markatu nau, eta ikusi dut, sustraiak Espainiaren azken urteetako historian dituela: gerra zibila, diktadura frankista luzea eta ETAren borroka armatua. Ipar Euskal Herriari dagokionez, zauriek ez dute mugaz bestalde izan duten dimentsiorik hartu, baina hala ere biziki azkarrak eta bortitzak izan dira, bereziki 60.eko hamarkadatik aitzina: talde paramilitarrak ezagutu ditugu, iheslarien presentzia, atxiloketak eta espultsioak, armategien aurkikuntzak, IKren jarduera bortitza... horrek guziak markatu nau.

Engaiatu naiz, baina borondatez egin dut. Prozesu honetan publikoki engaiatzea ez da arinkeriaz egiten den zerbait. Aieteko konferentziaren ondotik, Ipar Euskal Herriko hautetsien gehiengo batek gatazkaren konponbidearen alde egin du. Gure ondoan hautetsi talde hori badela ikusteak ?tartean, Baionako eta Miarritzeko auzapezak, auzapez ohi andana bat?, laguntzen du, eta uste dut gizarte zibilak lagundu dezakeela. Gizarteko sektore guziak inplikatu behar dira prozesu honetan».

(8) MAX BRISSON

(Miarritze, Lapurdi, 1957 / LR alderdia)

«Zinez damugarria da orain arte bakerik ezarri ez izana»

«Ez dut nire burua bakearen artisau izendatzeko pretentsiorik. Estatuei erantzukizunez jokatzeko dei egitea, apirilaren 8ko elkarretaratzera dei egitea... Ez da beste pertsona batzuek, bereziki Luhuson, hartu duten erantzukizunaren mailara iristen. Herritarren eta hautetsien engaiamendu bat da, eta nik ditudan engaiamenduen luzapenean sartzen da: bake prozesua bururaino eraman behar da, aukera paregabea da, armagabetzea aldez aurreko baldintza da, eta zinez damugarria da orain arte bakerik ezarri ez izana. Horregatik agertu nintzen bakearen artisau gisa, ez dut nire rola hanpatu nahi.

Armagabetzea bezalako prozesu batean ?biziki teknikoa, astuna...?, gizarte zibilak parte hartzen badu, estatuek parte hartu nahi ez dutelako da. Bake eta bizikidetza prozesu bat behar da, gertatu den guzia aitortzeko, biktima guziak aitortzeko. Baina hori ondoko etapa da, ez dira nahasi eta aitzinatu behar, eta armagabetzea ongi egitea ezinbestekoa da ondokoak gauzatzeko».

(9) PANPI SAINTE-MARIE

(Landibarre, Nafarroa Beherea, 1963 / Laboraria)

«Parekoari begiratu, eta haren mina sentitzen saiatu behar dugu»

«Nekazari munduan inplikatua naiz, sindikalista bezala ELBn. Pentsatzen dut sektore baten ordezkari izan naitekeelako galdetu didatela parte hartzeko. Pertsonalki, nihaur ere preso egona naiz erakunde armatu batean militatu eta bortizkeria politikoa erabiltzeagatik, eta asumitu dut; beraz, bereziki ukitzen nau gai honek. Badakigu orrialde hau itzuli behar dela eta horretan saiatzen naiz nire ekarpen xumea egiten. Txipa aldatu behar dugu garai hauetan. Armagabetzea bada, baina, gero beste prozesu bat bada, segitzen du. Gure aldean -ni gatazkaren alde batean kokatzen bainaiz-, izan ditugu biktimak, baina, parean ere izan dituzte; eta, horiek kontuan hartzea, parekoari begiratu eta haren mina sentitzen saiatzea, ulertzen saiatzea... Gauza anitz sentitzen ditut, hori guzia dugu egiteko.

Gizarte zibileko ordezkari batzuk gai hori eskutan hartu ez balute, oraindik blokeatua izanen zen. Guk lekukoa hartzen dugu, bultzada gehiago emateko. Orain arte egin dena zatitxo bat besterik ez da. Segitu behar da, eta espero dut, mugimendu honetatik harago, pindar bat atxikiko dela, gatazkaren mamia konpontzeko».

(10) MARIE COSNAY

(Baiona, 1965 / Idazlea)

«Ohorea da nire txikitasunetik parte hartu ahal izatea»

«Momentu bakar batean ere ez dut pentsatu ezetz erratea, agerikoa zen. Luhusoko gertakariek aztoratu ninduten; gizarte zibilak gai hau bere gain hartu eta lehentasunezko bilakatzea... Zehaztu nahi dut: kontu hauek ez dute eragin nire historian, hona iristean jadanik heldua nintzelako. Baina alabatzat hartu nauen herri bat da, maite dudana. Maila txikienean bada ere parte hartu ahal izatea biziki garrantzitsua zen niretzat. Ohorea da nire lekutik, nire txikitasunetik parte hartu ahal izatea.

Apirilaren 8an presente izatea ezinbestekoa iruditzen zait. Eta baita komunikazioa ere. Euskal Herritik kanpora ere mezua zabaldu behar dugu, gertatzen ari dena kontatzeko. Gure sareak erabili behar ditugu, bakoitzak bere kontakizuna zabaldu. Eta bereziki, apirilaren 8an Baionan izan behar gara».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Presoen aldeko mobilizazio bat, uztailaren 3an, Iruñean. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Lau preso Euskal Herriratuko dituzte, eta beste bat hurbilduko dute

Gotzon Hermosilla

Foro Sozialaren ustez, iragarpenek erakusten dute «espetxe politikaren normalizazioaren bigarren faseari bete-betean» ekin zaiola

Alfonso Etxeberria ©Iñigo Uriz / Foku

Alfonso Etxebarria Eguesibarko alkate ohiak politika utzi du

Joxerra Senar

Nafarroako Auzitegi Nagusiko bigarren salak UPNko zinegotzi baten ordenagailuan sartu zela frogatutzat eman du,  eta Etxeberriak ez du epaia errekurrituko. Geroa Baiko zinegotzi izateari utziko dio.

Presoen aldeko agerraldia, uztailaren 27an, Donostian. ©Andoni Canellada / Foku

Lau preso Euskal Herriratuko dituzte, eta beste bat hurbilduko dute

Gotzon Hermosilla

Foro Sozial Iraunkorrak uste du mugimendu hauekin «espetxe politikaren normalizazioaren bigarren faseari» ekin diotela

Eba Blanco. ©

EAri buruzko ebazpenak ez du «ondorio praktikorik»

Erredakzioa

Eba Blanco idazkari nagusiak esan duenez, batzorde eragile berria hautatzeko prozesua martxan dago. Ramirezek elkarrizketa eskatu du.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna