Errefuxiatuak Euskal Herrian

Bide ez-ofizialetatik

Elkarteen mundua ez da egon Frantziako administrazioaren beha lanean hasteko; horien artean, Bestearekin taldea dago, asilo eskaeraren ukapenaren aurka dei egin duten familiak laguntzen dituen kolektiboa

Harreran hartutako familia bat, kolektiboko laguntzaileekin. N.A.LETE.
Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2015eko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Prest zela bere etxe handiko behereko bizitegia prestatzeko, baldin eta siriar familia bat bazioten ekartzen bertara. Hori nahi izan zuen negoziatu lapurtar batek. Telebistan siriarrek jasan gehiegikeriak hunki zituela eta, errefuxiatuekin lanean ari zen Bestearekin kolektibokoak kontaktatu zituelarik. Horrelakorik ez zeukala eskupean ihardetsi zion kolektiboko presidente Stephane Peronninek. Baina bazuela besterik «katalogoan», ironia puntu batekin. Izan ere, Ipar Euskal Herria ez da, berez, siriarren helmugetan. Oro har, ez da sare klandestino eta mugalarien helmugetan. Eta bide ofizialetik ere, Frantziako Estatuko ordezkariek iragarri 30.000 errefuxiatuen etorrera oraindik ez da arras antolatua. Nahiz iragarri berri duten normalki bi familia iristear direla Hendaiara.

Baina, dena den, babes beharretan dauden errefuxiatuak izan badaude, eta aspaldian. Baita horien laguntzeko elkarte egituratuak ere. Laguntzaile eta boluntarioen beharretan daudenak, hain zuzen. Besteak beste, bizitokietarako. Administrazioaren konplikazioen arteketatik antolatzen ari dira horien arteko sareak. Horien artean, lehena, Atherbea. Baigorriko zentroaren ardura eman izana ere ez da kasualitatea. Elkartearen «profesionaltasuna eta esperientzia» goraipatu ere du Pirinio Atlantikoetako prefekturak. Urte osoan 96 errefuxiatu laguntzen ditu, ohiko bideetatik, eta aspalditik. Eta abendua bitarte beste hamabost leku izanen ditu.

Bestearekin kolektiboa dator, nolazpait, ondotik. Errefuxiatuekin lanean ari diren elkarteak biltzen ditu. Abbe Pierre, Emmaus, Sokorri katolikoa, Euskal Herriko Lur solidarioak (CCFD) eta Cimade elkartea. Urteetan modu informalean funtzionatu du, eta, azkenean, iaz, formalizatu du kolektiboa. Estatutu juridiko baten bidez, babes bat lortu du orain, baita diru laguntzen eskubidea ere. Bere laguntza zehaztu eta indartu ahal izan du horrela.

Familia kanpotarrak laguntzea du xede, adin txikiko haurrak dituztenak. Asilo eskubidea ukatua izan zaien familiez bakarrik da arduratzen. Lehen eta bigarren azterketetan eskaera ukatua izan eta. Beren egoera administratiboa erregulatu nahian izan behar du familiak.

Saïd, Madina, Ali, Mourad, Sabir eta Mirzaren familia kasu honetan zen -beren izenak aldatuak dira, beren jatorriko herriko mehatxuen beldur baitira oraindik—. Errusiatik datoz. Asiloa lortu berri dute. Frantziako estatura iritsi eta hiru urtera. Administraziotik kanpo geldituak ziren alta, eskubide izpirik gabe. Ordu arte Atherbearen babespean ziren. Bizitoki bat zeukaten baita laguntza sozialak ere. Asiloa ukatu, eta hilabete bat ukan zuten lekuen husteko. Berez, bere egoera berriz aztertzea eskatzeko eskubidea zuten, baina arte horretan laguntza guztiak galduz, baita lan egiteko eskubidea ere. Orduan zen sartu Bestearekin kolektiboa. Hari esker izan zuten azken azterketa baten lortzeko eskubidea. Etxe bat aurkitu zieten baita egunerokorako jana eta beste ere. Eta beren kasua berriz aztertu zuen epaile batek, eta azkenean, eman zien babesa.

Errusiatik ihes egin zuelarik familiak 2011a zen. 10.000 dolarren truke. Kasualitate hutsez iritsi ziren lehenik Pauera. Hortik Baionara. Eta hortik hasi zen asiloa eskaera. Lehen azterketan epaileak ez zuen sinetsi Saïd senarraren istorioa. Horrelakorik ez zela gertatzen Errusian. Bigarren azterketarako datu gehiago eman zituzten: «Gure eskualdean dena posible zela frogatzeko hango egunkari baten originala ekarri nien. Nire egoera bera bizi zuen gizon bat nola hil zuten». Bere izenik ez zela agertzen egunkarian leporatu zioten: «Zer ekarri behar diet froga gisa? Neure buruaren argazki bat erdian bala bat duela?». Peronnini ez zaio arrotza istorioa: «Ardura gertatzen dira horrelakoak. Arbitrario anitz bada lehen azterketa horietan. Bilaketa lan seriosik ez dute egin».

Kolektiboak, ordea, lagundu zituen bururaino, Atherbeakoek eta Cimadekoek berretsi zieten azterketa berri batean segur zela asiloa lortuko zutela. Arte horretan sei bizitegi ezberdin izan zituen familiak. Eta hor dira agertzen herritar arruntak. Dela etxe bat prestatzeko, eskolako lanetan laguntzeko. Kolektiboa laguntzaileetan oinarritzen da. Errefuxiatu familia bakoitzak bi erreferente ditu. Kontratu bat izenpetzen dute bi aldeek. Familiakoak, adibide bat emateko, frantsesa ikasteko urratsak egiten ari direla erakutsi behar dute, lana zinez bilatzen ari direla. Eta elkarteak eginahalak egiten ditu laguntzeko: «Baina ez da paternalismorik. Beren beharrei erantzutea da helburua. Baina ez haien ordez gauzak egitea», esplikatu du familia hau laguntzen duen Bernadettek —bere deitura ez du eman nahi izan—.

Eragozpenen soluzio bila

Oro har, kolektiboaren baitan ari diren boluntarioek argi dute elkartasun beharraren garrantzia. Euskal Herriak tradizio luzea duela jende errezibitzen zein baita emigrazio kontuetan ere azpimarratu dute. Ez zuten, haatik egoera orokorraren irakurketa politikorik eman nahi izan. Guztiak ez baitira iritzi berekoak: «Ez gara ahalegintzen arazoa modu orokorrean konpontzen. Ditugun familien eragozpenei soluzio konkretuak ekartzen entseatzen gara», Jean-Pierrek —honek ere deiturarik ez zuen eman nahi izan—. Halere, oro har, istorio harrigarriak aurkitzen dituztela aitortzen dute. Asiloa ukatze ulertezinak. Azkenean lortzen dute, ordea: «Galdera da: zergatik lehenik ukatzen zaie? Ikusiz gainera, zenbat gastu eragiten dien lehen ukatze horrek. Familia honen kasuan, adibidez, azkenean lau aldiz diete aztertu beren txostena, lau epaile desberdinek. Alta, beren egoera hasieratik berdina da», esplikatu du Peronninek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.