Agurrerako, eskariak

Kargua utzi aurretik, Iñaki Goirizelaia EHUko errektorea azkenekoz izan da ikasturtea hasteko ekitaldian buru. Finantzatze eredu berria eskatu die politikariei

Cristina Uriarte Jaurlaritzako jarduneko Hezkuntza sailburua eta Iñaki Goirizelaia EHUko errektorea, klaustroko kideekin batera. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2016ko irailaren 13a
00:00
Entzun
«Duela zortzi urte errektore bidaiari ekin nionean eguraldi aldaketa aurreikusten zen. Haize bolada onak amaitzear zeuden, eta krisiaren ipar haize hotza antzematen zen: itsas zakarra zetorren eta zerua lainotuz zihoan». Iñaki Goirizelaia EHU Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak oroitzapen horiek dituela kontatu zuen atzo, 2016-2017 ikasturteari hasiera emateko ekitaldian. Abenduan egingo dituzte ordezkoa aukeratzeko bozak. Txapela buruan eta abarketak oinetan, aurreskua dantzatu zien Bizkaia aretora bildu zirenei. Zortzi urtean bidelagun izan dituenei eskerrak emateko modua izan zen. «Soseguz joan nahi dut. Patroi postua utzita, marinel bihurtuz. Lasai», esanez bukatu zuen.

Itsasontzia «egoera onean» utziko duela deritzo. Balantze ona egin du. Ziur dago «bidaia ederra» izango duela. Baina horretarako mantentze eta egokitze lanak behar dituela ere aitortu du; besteak beste, EHUri finantzaketa bermatuko dion Euskal Unibertsitate Sistemaren Lege berria. Halaxe eskatu zien ekitaldian bildu ziren agintari eta ordezkari politikoei. Haren ustetan, egun indarrean dagoenak ez du «euskal gizartearen goi mailako hezkuntzaren eta ikerketaren premiei era egokian erantzuteko behar dituen lanabesak sortzeko eta garatzeko aukerarik ematen». Dena den, egin zuen autokritikarik: «Batzuetan ez dugu asmatu ematen dituen aukera horiek modu egokian erabiltzen».

Alderdi guztietako kideak izan ziren entzuleen artean. Eta haiei begira esan zuen Eusko Legebiltzarrarentzat hurrengo legealdian EHUren finantzaketa berria zehaztea lehentasunetako bat izan beharko litzatekeela. «Hezkuntzak eta ikerketa politikek epe ertain eta luzeko estrategiak eskatzen dituzte. Finantzaketa epe ertainera guztiz bermatuta dagoen eredua behar dugu, non guztiz beharrezkoa den kudeaketarako malgutasuna eta kontuak emateko prozedura zehatzak finkatzea». Unibertsitate Planaren kontzeptua aproposa izan daitekeela uste du Goirizelaiak.

Kanpoko funtsak modu egokian erabiltzeko tresna berri bat ere eskatu zuen. Baita dohaintza ahalbidetzeko zerga politika egokia ere. Gobernantza eredu berriak nahi ditu, eta horretarako Gizarte Kontseilua sakon aldatu behar dela deritzo. Ikerlari eta irakasle onenak kontratatzeko, irakasle eta ikerlarien figura berri eta erakargarria sortzeko beharra aldarrikatu du. Halaber, merituetan oinarritutako ordainsari duinari buruzko politika berria eskatu du. Errektorearen ustetan, bada, EHUk dituen behar horiei erantzun beharko lieke Eusko Legebiltzar berriak onartu beharko lukeen lege berriak.

Ikerketarako inbertsioak

Goirizelaiak gogoratu zuen unibertsitateak ezinbesteko parte hartzea izan behar duela etorkizuneko gizartea eraikitzen. «Bizi kalitate oneko gizartea nahi badugu, nazioartean lehiakorra izango dena, aparteko garrantzia eman beharko diegu hiru adierazleri ». Honako hauek aipatu zituen: hezkuntzan, oro har, eta unibertsitatean, zehatzago, egiten den inbertsioa; ikerketan, garapen eta berrikuntzan egiten den inbertsioa, eta industria sektoreak BPGan duen pisua. «Arlo horietan apustu sendoa egiten duten estatuek enplegu tasa altuagoa izaten dute», azpimarratu zuen. Horregatik, eredu horretan sakontzeko beste itun bat eskatu zien politikariei.

Iñigo Urkullu jarduneko lehendakaria kanpainan zegoela eta, Cristina Uriarte jarduneko Hezkuntza sailburua izan zen gobernuaren ordezkari nagusia. Hark ere agur eta esker emate mezua zabaldu zuen. Goirizelaiaren errektoretza taldearekin izandako elkarlana goraipatu zuen, «garai zailak izan arren». 1.200 milioi euroko aurrekontua duen 2015-2018 Unibertsitate Planaren garrantzia azpimarratu zuen: «Honi esker, bere proiektua garatzeko diru gehien jaso duen unibertsitatea da EHU, beste erkidegoetako unibertsitate publikoekin alderatuz». Goirizelaiak aitortu zuen krisiaren ondorioz azken bi planak ez direla oso-osorik garatu. Uriartek aitortu zuen finantzatze bide berriak urratzeko premia dagoela. «Badakigu EHU horretan dabilela lanean, eta espero dugu aurki fruituak emango dituela».

Espainiako Gobernuak ipinitako «trabak» salatu zituen Uriartek, beste behin. Hala ere, Eusko Jaurlaritzak bere eskumenak defendatzen jarraituko duela iragarri zuen. «Helburu argi batekin: euskal hezkuntza eta unibertsitate sistemaren kalitatea eta ekitatea bermatzen jarraitzea».

Goirizelaiak ere ez zuen ahaztu Espainiako Hezkuntza Ministerioa. Jose Ignacio Wert ministro ohiak behin Salamancan (Espainia) unibertsitateei buruz egindako berbaldi baten ondoren gertatutakoak honela gogoratu zituen: «Estatuko gobernuak zenbatekintza egin zituen, unibertsitateen garapena eta zerbitzu soziala hein batean ukitu, eta haiei kalte egin dietenak, karrera akademikoa erabat gerarazteraino. Gure aburuz, helburua unibertsitate publikoa ahultzea zen».

Atzotik 34.144 ikasle daude EHUren hiru campusetan. Horietatik 16.694k euskaraz ikasten dute. Goirizelaiak eskerrak eman zizkien ikasketak osorik euskaraz egin ezin dituzten eta protesta egin duten ikasleei, euren aldarrikapenek erronkak finkatzeko balio diotelako EHUri. Ikasturte honetan 85 gradu eskainiko dituzte, 112 master, 75 doktoretza eta 34 graduondoko. Haur Hezkuntzako ikasketak, gainera, estreinakoz, hirueledunak izango dira: euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez eskainiko dira eskolak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.