Maidan plazako ahaztuak

Viktor Janukovitx presidentearen kontra Kieveko Maidan plazan aritutako 27 lagun behintzat desagertuta daude, eta Ukrainako Gobernuari inolako laguntzarik ez ematea leporatzen diete haien senideek. Haien bila jarraitzen dute, baina baliabide egokirik eta babes ofizialik gabe.

Galina Skripnikova, Kieveko Maidan plazan, Maxim semearen argazkiarekin. J.M. LOPEZ.
Kiev
2014ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
«Haiei gurutze bat jarri, gobernuak ez du besterik egin. Besterik ez». Jelena Singaievskaia kexu da, Maidan ondoko kale batetik gora doala. Jendeak sorturiko aldare baten aurrean gelditu da: ehunka herritar xehek eta hilen senideek dozenaka lore sorta jartzen dituzte egunero-egunero. Singaievskaiak ezin dio eutsi, eta negarrez hasi da. «Laster dugu urteurrena, eta ez dago errudunik. Ez dute heriotza horien errudunak aurkitu eta epaitzeko interesik. Gobernu berriak ez du ezertxo ere egiten. Ukraina aldatzearen alde borrokatu ziren errugabeen sakrifizioaz baliatu dira. Orain agintean daude, eta ahaztu egin zaie hemen zer gertatu zen».

Singaievskaiak, alabarekin batera, kandela bat jarri du frankotiratzaile baten balak anaia Juri hil zion tokian: 43 urte zituen, eta arotza zen; bat egin zuen azaroaren 30az geroztiko protestekin, eta hantxe zen Ukrainako Indar Bereziak basatiki oldartu zitzaizkienean Maidan plazan kanpaturiko manifestariei. «Anaiak oso iritzi politiko sendoak zituen. Abertzalea zen, eta borrokan hil zen, herriak berreskura zitzan Janukovitxen gobernuak lapurtu zizkigun eskubideak. Baina oraingo gobernu hau ez da aurrekoa baino hobea; hil ez balitz, Jurik desilusio handia hartuko zuen ikusirik orain zertan den berak hainbeste maite izan zuen herria», esan du, penaturik, Singaievskaiak, eta salatu du Ukrainako Gobernuak ez diola laguntza ekonomikorik eman inongo familiari, eta boluntarioen laguntzari esker mantendu direla. «Agindua dute monumentu bat egingo dietela Ukrainako heroiei, baina zain gaude oraindik. Azkenean, politikari guztiek herria erabili egiten dute beren onurarako».

Desagerturiko 27 lagun

Galina Skripnikovak indarrez heltzen dio semearen argazkiari; bularraren kontra estututa dauka. Hatzak, berriz, dardar batean. Emakumeak ez du zirkinik ere egin; Liadski atetik hurbil dago, eta begira-begira du Done Mikel goiaingerua, Kieveko patroia, Maidanen duen talaia ederretik. Kuxkuxean dabiltzan batzuk gelditu egin dira, eta hizketan hasi 60 urteko emakume horrekin. Haren begi urdinetan tristezia pisu bat dago. «Maximen bila nabil. Ikusi al duzu? Laguntzerik bai?», xuxurlatu dio aurretik pasatu zaion guztiari.

Otsailaren 25az geroztik, ez dago Maximen arrastorik; 39 urte zituen, eta nekazaritza ingeniaria zen. Boluntarioa zen manifestariei jaten emateko plazan jarritako sukaldeetako batean. Harrezkero, Skripnikova bila eta bila dabil, seme bakarra aurkitu nahian. «Poliziaren atal guztietara jo dut, prentsara, aktibistengana, Barne Ministeriora, ospitaleetara... Baina inork ez dit lagundu nahi», salatu du Skripnikovak. Kieveko hipodromoan lan eginez irabazten dituen 60 euroetatik 15 gastatzen ditu, hilero, Kieveko egunkarietan iragarkiak jartzen, inork semearen berri balu ere.

«Lekuko batek esan du Maxim ikusia duela Maidan plazatik gertuko presondegi bateko ziegetan, baina komisariara joan nintzenean atxilotuen erregistroa begiratzera, bota egin ninduten handik», kontatu du, malkoei eutsi ezinik. «Desesperatua nago. Inork ez dit lagundu nahi. Maxim da munduan dudan ahaide bakarra...». Emakumearen negarrak ito ditu lantuak.

«Oraindik ere ez dakigu non dauden 27 lagun», salatu du Nazari Boiarskik, EuroMaidan SOS organizazio europazaleko koordinatzaileak. «Arrastorik ere ez dugu zer gertatu zaien. Viktor Janukovitxen gobernua erori eta gero, poliziak eta zerbitzu sekretuek suntsitu egin zuten, korrika eta presaka, material konfidentziala, inoiz ikertuz gero haien kontrako akusaziorik izan ez dadin; beraz, arrunt zaila da puzzlearen piezak bildu eta jakitea non diren desagertuak», kontatu du aktibistak.

Boiarskik eta harekin batera EuroMaidan SOSen ari diren kideek txostenak eta lekukotasunak bildu dituzte, eta, haien arabera, erre egin zituzten hiriko gorputegiko hilotz batzuk. «Kieveko gorputegiko erregistroko dokumentazioan, hildako horiek behartsuak zirela diote, hotzez hilak, eta inor bila joan ez zelako erre zituztela», azaldu du, baina ezin du segurtatu hilotz horiek manifestarienak zirenik. «Ez ditugu ahaztu. Tarteka, haien argazkiak jartzen ditugu sare sozialetan, baina haiek bilatzeko guk egiten dugun lana, gobernuaren laguntzarik gabe, ez da nahikoa».

Independentzia plazaren aurrean, badago taula bat, oraindik ere agertu ez diren guztien argazkiak dituena. Aldian-aldian, norbaitek krabelin gorri bat uzten du lurrean, falta diren 27ak gogoan. Hori da haien oroigarri egiten den bakarra. Gobernua isilik dago, eta justizia informazioa biltzen dabil, makroepaiketa bat egiteko.

«Ez dugu egiaztatu ez hilketa guztiz sumariorik eta ez hilobi komunik; beraz, ezin dugu baieztatu hil zituztenik», gogoeta egin du Boiarskik. Baina egiaztaturik daukate legez kanpoko atxiloketak izan zirela eta atxilotu batzuk torturatu zituztela. «Erantzi egiten zituzten. Elurretan etzanarazi eta makilakada jotzen zituzten. Egiaztatua dugu gizon bat basoan utzi eta hotzak hil zela, baina beste inor ez zen hil tortura horietan», argitu du aktibistak.

Boiarskik, nahiz eta gobernu berriaren aldekoa izan eta azaroko eta otsaileko matxinaden sustatzaile nagusi ibili, dudarik gabe salatu du ez dietela batere lagundu hilen eta desagertuen senideei. «Gobernuak ez die inolako laguntzarik eman senideei; ematen du harentzat ez direla existitzen». Eta ez da laguntza ekonomikoaz bakarrik ari. «Maidanen gertatutakoagatik, pertsona bakarra dago etxean atxiloturik. Ez dute inor atxilotu. Ezta akusatu ere. Familiek sentitzen dute baztertu egin dituztela».

Laguntza taldeak

Luibomira Kepler 64 urteko doktore erretiratu bat da, eta arretaz begira ari zaie Maidanen eroritakoen argazki guztiei. Aktibisten ustez, 123 ere izan ziren. «Hau laguna nuen. Eta hori ere bai. Gazteak ziren», kontatu du Keplerrek, arnasa sakon hartuz. «Maidanek oso oroitzapen txarrak ekartzen dizkit. Niretzat, latza da hemendik pasatu eta hemen hildakoen argazkiak ikustea. Plaza honek giro berezi bat du».

Senarra Municheko irakasle bat zuen, eta harekin Alemaniara joan eta han bizi izan zen 30 urte baino gehiago. 2013ko azaroaren erdialdean, jatorrira itzultzea erabaki zuen, Maidanen ehunka manifestari gazte ikusi zituenean. «Sukaldeen ardura hartu nuen, eta gero kanpainako ospitalearena», gogorarazi du Keplerrek.

Baina azaroaren 30eko gauean bizitza guztiz aldatu zitzaion, Berkut polizia indarra plazako guztiei oldartu zitzaienean. Istiluen kontrako polizia batek ezker besoa hautsi zion, lurrean zegoela borraz behin baino gehiagotan jota. «Egun hartan eta otsailean gertatutakoak indarra eman zidan organizazio bat sortzeko, babesik gabe eta justizia bila dabiltzan guztiei lagundu nahian».

Azaroaren 30a da organizazio horren izena. Maidan plazako gertakariek kalte egindakoak biltzen dira elkarte horretan, eta Kepler da presidentea. Guztira 500 salaketa jaso dituzte, istiluen kontrako polizien erasoa jasandakoek eta otsaileko liskarretan hildakoen senideek jarriak. «Justizia izateko ari gara borrokan, eta erantzuleak epai ditzaten. Gobernuak luzamendutan ibili besterik ez du egiten; horrela erantzuten die senideei eta biktimei. Ez dute nahi hemen gertatutakoan aztarrika ibiltzea. Baina espero dut noizbait jakingo dugula zer gertatu zer egiaz Maidanen», salatu du Keplerrek.

«Beren familien mantenua ziren hemen hildako gizon asko. Haiek hilez geroztik, familia horiek ez dute ezertxo ere, eta gobernuak kalte-ordaina eman beharko lieke aberriaren heroiei, eta laguntza ekonomikoa eskaini», azaldu du Volodimir Bondartxuk. Sistema ingeniaria da, 30 urtekoa; frankotiratzaile batek hil zion aita, Independentzia plazatik hurbil. Azaroaren 30a plataformako kidea da bera ere.

«Borrokan ari gara, hiltzaileak eta errudunak epai ditzaten Hagako Nazioarteko Auzitegian. Uste dugu han egingo dela justizia, ez baitugu askorik espero gobernu berri honen aldetik», salatu du.

Bondartxuren aita Sergik 52 urte zituen, eta Kryvyi Rih-eko eskola bateko fisika irakaslea zen, Dnipropetrovsk probintzian. Handik joan zen, ikasle talde batekin, protestekin bat egitera. «Aita abertzalea zen, bere herria maite zuen; gure hiriko Askatasuna alderdian [nazionalista] afiliatua zegoen. Ukrainaren askatasunaren alde egitera joan zen Maidanera, komunisten kontra», bota du Bondartxuk, aitaz harro.

Sergiren familiak eskatua dio Kieveko gobernuari Maidanen hilak ez ditzatela ahaztu, eta haien borroka eta sakrifizioa eredutzat eta batasun ikurtzat har daitezela ekialdetik amiltzen ari den herrialde hartan.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.