Katalunia. Puigdemont, behin-behinean aske

«Europarentzat lotsagarria da preso politikoak edukitzea»

Puigdemontek nabarmendu du iritsi dela «elkarrizketaren garaia», eta ez dagoela aitzakiarik irtenbide politiko bati uko egiteko. Gorena eta fiskaltza EBko justiziara jotzea aztertzen ari dira

Carles Puigdemont, atzo, Neumuensterreko kartzelatik ateratzen. FOCKE STRANGMANN / EFE.
Igor Susaeta.
2018ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Schleswig-Holsteingo Lurralde Auzitegiak jarritako 75.000 euroko bermea ANC Biltzar Nazional Katalanaren eta Omnium Culturalen erresistentzia kutxa baliatuta ordaindu, eta Carles Puigdemont 13:52 zirenean atera zen, behin-behinean, Neumuensterreko kartzelatik (Alemania iparraldea). Pozik nabaritzen zitzaion Kataluniako presidente ohiari. Zain zituen mundu osoko dozenaka kazetari, eta, ingelesez, adierazpen labur bat irakurri zuen haien aurrean. Ez zuen galderarik onartu. Hasteko, Espainiako kartzelatan preso dauden «kideak» berehala aske uzteko eskatu zuen: «Europarentzat lotsagarria da preso politikoak edukitzea». Puigdemont atzo arratsaldean bertan zen Neumuensterren agerraldia egitekoa, baina bere abokatuek aholkatuta, espetxetik irten berritan Berlinera joan zen, eta gaur eguerdian han, Alemaniako hiriburuan, hitz egingo du, berriro, prentsaren aurrean.

Espainiako Auzitegi Gorenak Kataluniako prozesu subiranistaren kontra judizialki jotzeko defendatutako tesia hankaz gora jarri zuen, herenegun, Alemaniako justiziak, JxC Junts Per Catalunyako buruari leporatutako matxinada delitua «onartezina» dela argudiatuz. Horren harira, auzia konpontzeko bide politikoa baztertu izana leporatu zion Puigdemontek, atzo berriro, Espainiako Gobernuari, eta «elkarrizketaren garaia» heldu dela nabarmendu zuen. «Politika egiteko ordua da. Ez dago aitzakiarik Espainiako agintariek elkarrizketa bati ez ekiteko, irtenbide politiko bat aurkitzeko ahaleginean». Prozesuarekin lotuta gertatzen ari den guztia kontuan hartuta, Espainian demokrazia «arriskuan» dagoela iruditzen zaio, gainera.

JxCko eta ERCko ordezkariek osatutako delegazio baten beroa jaso zuen Puigdemontek espetxetik atera zenean, eta, haren agerraldiaren ondoren, Wolgang Schomburg Alemanian duen abokatua ere mintzatu zen. Pentsatzen du euroaginduan zehaztutako beste delituak, diru publikoa bidegabe erabiltzearenak, ez duela biderik egingo. Kontrakoa gertatuko balitz, Alemaniako Auzitegi Konstituzionalera jotzeko asmoa duela esan izan du joan den martxoaren 25etik, Puigdemont atxilotu eta kartzelatu zutenetik.

Baina Espainiako Estatuko instituzioak hasi dira mugitzen Schleswig-Holsteingo Lurralde Auzitegiak hartutako erabakia zalantzan jartzeko eta, bide batez, bide judizialari eusteko asmoarekin. Zenbait komunikabidek Goreneko iturriak aipatuz kaleratutakoaren arabera, Llarena aztertzen ari da EB Europako Batasuneko Justizia Auzitegira jotzea, eta han epaitu aurreko arazo bat aurkeztea. Magistratuak planteatu nahi duena da ea erabakia hartu duten hiru epaile alemanek behar bezala interpretatu duten euroaginduaren arautegia. Hedabide batzuek aipatutako iturriek diotenez, Llarenak erabakitzen baduepaitu aurreko arazoa aurkeztea, eta auzitegi horrek tramiterako onartzen badu, euroagindua bertan behera geratuko litzateke automatikoki.

Espainiako Fiskaltza Nagusia ere bide bera ibiltzea pentsatzen ari da. Oharra kaleratu zuen atzo, eta nabarmendu zuen, gainera, Schleswig-Holsteingo Lurralde Auzitegiaren erabakia ez dela «behin betikoa».

Horri heldu zion, hain zuzen ere, Iñigo Mendez de Vigo Espainiako Gobernuko bozeramaileak, atzo, ministroen kontseiluaren ondoren egindako agerraldian. «Behin-behineko neurri batzuk hartu dituzte. Prozedura ez da amaitu oraindik». Herenegun gauean, baina, hainbat hedabidek PPko iturriekin hitz egin zuten, eta horiek jakinarazi zieten epaileen erabakia «desastre bat» zela Espainiarentzat. Xavier Albiol PPCko buruak berak atzo aitortu zuen Puigdemont aske geratzea «kolpe oso gogorra» izan dela. Halere, gertatutakoari garrantzia kentzen ahalegindu zen Mendez de Vigo, eta presidente ohia diru publikoa bidegabe erabiltzearen delituagatik Espainiaratua izan daitekeenez, hori azpimarratu zuen: «Alemaniako justiziak argi utzi du [Puigdemont] ez dagoela jazarrita ideia politikoengatik».

Danimarkan edo Finlandianizan beharrean, Alemanian atxilotua izatea hauspotu zuen Madrilek, pentsatuz bi herrialdeen arteko harreman diplomatiko onak nahikoa izango zirela Puigdemonti bi delituak egozteko eta, hala, Espainiaratzeko. Alemaniako Gobernuak, bere aldetik, beste askotan esandakoa errepikatu zuen atzo: Espainiako Konstituzioaren markoa aintzat hartuta konpondu behar dela auzia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.