Ostiral Santuko Akordioa. 20. urteurrena

Adiskidetzea eta oinordetza aldarrikatu dituzte

Ipar Irlandako bake akordioa adostu zuten eragile gehienak Belfasten elkartu dira, 20. urteurrenaren harira. Bidean egindako pausoak goratu, eta egungo erronkei buruz eztabaidatu dute

Gerry Adams Sinn Feineko buruzagi ohia, John Alderdice Aliantza alderdiko presidente ohia, Monica McWilliams Emakumeen Koalizioko lider ohia eta Jonathan Powell Erresuma Batuko Gobernuaren negoziazioburu ohia, atzo, Belfasteko Queen's Unibertsitatean. PAUL MCERLANE / EFE.
ander perez zala
Belfast
2018ko apirilaren 11
00:00
Entzun
Egun berezia zen Belfasteko Queen's Unibertsitatean. Unibertsitateak hiriaren hegoaldean ditu campusak, eta, gune horretara hurbildu ahala, nabaria zen ekitaldi berezi bat gertatzear zela. Poliziaz inguratua zegoen Whitla auditoriuma, eta unibertsitateko langileak alde batetik bestera korrika zebiltzan, presaka, dena behar bezala zegoela ziurtatzeko. 12:00etarako, protagonista gehienak iritsiak ziren, eta eraikin batetik bestera zebiltzan, unibertsitateko langileek lagunduta, Ipar Irlandako, Erresuma Batuko eta nazioarteko kazetarien galderak erantzuteko. Lehen aldia zen Ipar Irlandako bake akordioa —Ostiral Santuko Akordioa— sinatu zuten hainbat eragile toki berean elkartzen zirela gaiaz eztabaidatzeko. George J. Mitchell Bake Globalerako, Segurtasunerako eta Justiziarako institutuak antolatuta, Ostiral Santuko Akordioa negoziatu eta adostu zuten politikari eta gizarte zibileko ordezkari gehienak elkartu zen atzo Belfasteko Queen's Unibertsitatean, Bakea Eraikitzen hitzaldi sortan, akordioaren hogeigarren urteurrena ospatzeko. Ipar Irlandako bake prozesua arriskuan dagoela dioten ahotsak ugaritzen ari diren garaiotan, akordioa negoziatu zuten eragileek emandako aurrerapausoak gogorarazi zituzten, eta adiskidetza eta oinordetza aldarrikatu zituzten.

Hiru orduko hitzaldi sorta bat antolatu zuen unibertsitateak. Hizlarien zerrenda luzean zeuden Mitchell bera, Bill Clinton AEBetako presidente ohia, Tony Blair Erresuma Batuko lehen ministro ohia, Bertie Ahern Irlandako Errepublikako presidente ohia, Jonathan Powell Blairren kabinete buru ohia, Gerry Adams Sinn Feineko presidente ohia eta David Trimble Ipar Irlandako lehen ministro ohi eta UUP Ulsterko Alderdi Unionistako presidente ohia, izen-abizen batzuk aipatzearren. Hogei bat pertsonak hitz egin zuten hitzaldietan, hiru orduko epean. Gaia garrantzitsua eta serioa zen arren, umorerako tarte asko izan ziren. Powellen esaldi bat, esaterako, bere hitzaldi-taldea aurkeztean: «40 minutu ditut sei politikariri hitza emateko. Ostiral Santuko Akordioa adostea errazagoa izan zen».

Ipar Irlanda garai politiko berri batean dago murgilduta, belaunaldi berri batekin, eta horren isla izan zen hitzaldia eta hitzaldiaren edukia. Hain justu, atzoko ekitaldiko protagonistek utzia dute politikako lehen lerroa, modu batera edo bestera, eta askok belaunaldi berriei ireki diete bidea.

Bideo labur batekin abiatu zuten hitzaldi sorta, 1998ko apirilaren 10ean Mitchellek esandako hitzekin: «Ipar Irlandako eragileek, eta Erresuma Batuko eta Irlandako Errepublikako gobernuek bake akordioa adostu dute». Hitzaldietako gai nagusia akordioaren oinordetza, adiskidetzea eta etorkizuna izan ziren, eta hasierako bideoak eztabaidagaiak aurreratu zituen, belaunaldi berriei ahotsa eman baitzien; hain justu, ez zuen 1998a baino lehenagoko irudirik erakutsi. Bake akordioaren negoziatzaileen iritziak entzun aurretik, entzuleek Ipar Irlandako komunitate eta adin anitzeko pertsonen lekukotzak entzun zituzten Whitla auditoriumean, zeinek mezu bateratu bat helarazi zuten: Ipar Irlandan bakeak iraun egin behar duela, eta posible dela nazionalistak eta unionistak adiskidetzea, lehenago edo geroago iritsiko delako errealitate hori.

Hizlariak etorkizunera begira jarri ziren, eta Ipar Irlandak dituen erronketan jarri zuten arreta. Mezua argia zen: iragana atzean utzi behar da. Blairren esan batek laburbildu zuen ideia hori: «Non ginen eta non gauden konparatu behar dugu, non gauden eta nora iritsi nahi dugun konparatu beharrean». Adamsekgogorarazi zuen «beharrezkoa» dela orain arteko aurrerapausoak nabarmentzea, goratzea, haiei garrantzia ematea eta gerorako oinarritzat hartzea: «Etorkizunerako akordio bat da, eredu bat, ez atzera begiratzeko testu bat. Baina kontuan izan behar dugu ez dela posible bakea egonkortzea ekintza batekin soilik».

Harremanak giltzarri

Ipar Irlandako gizartea oso zatitua dago oraindik, eta hori konpondu beharreko auzitzat jo zuen John Alderdicek, Ipar Irlandako Parlamentuko presidente ohi eta Aliantza alderdiko buruak. Etorkizunerako zantzu batzuk eman zituen, egungo politikariei eta belaunaldi berriei zuzenduak: «Ulertu genuen gatazka bi komunitateen harremanei buruzkoa zela, eta oraindik ere badela. Ulertu genuen harremanak nolakoak ziren, zertan oinarritzen ziren, eta asko umiliatuak sentitzen zirela. Komunitateek azken hori gogoratzen dute gehienbat, eta orain belaunaldi berriei dagokie halakorik ez gertatzea. Harremanak eraiki behar dira, errespetuan oinarritutako harremanak. Guk egin genuen gure lana, eta orain zuei dagokizue». Publikoaren zati bati begira jarri zen; ikasleak zeuden han, hainbat adinetakoak.

Elkarbizitzarako eta etorkizunerako beste gako bat eman zuen Seamus Mallonek, Ipar Irlandako lehen ministrorde ohi eta SDLP Alderdi Sozialdemokrata Laboristako buruzagiorde ohiak. Galdera bat egin zien entzuleei: «Zer egin dezakegu nazionalistok, unionistek arnasa har dezaten haiek nahi ez duten aldaketa konstituzional baten aurrean? Auzi horri egin behar diogu aurre, eta frogatu unionistek ez diotela beldurrik izan behar Irlandaren batasunari. Hori lortzea ezinezkoa izango da hemengoak ez direla esaten badiegu».

Adams ere belaunaldi berriei begira jarri zen, eta egungo blokeo politikoa ekarri zuen gogora: «Lan egin behar duzue, akordioa bermatu behar duzue, guk gaztetan izan genuena baino testuinguru hobe batean bizitzeko. Eta gogorarazi nahi dizuet Stormonteko akordioak ez duela alde egin». Arlene Foster Ipar Irlandako jarduneko lehen ministro unonista parean zuela esan zuen esaldi hori berandu iritsi zen ekitaldira: «Unionisten burua izatea da zailena», onartu zuen Adamsek.

Politikariez gain, beste hainbat eragile ere mintzatu ziren bi komunitateek egun dituzten arazoez. Bronagh Hinds Ipar Irlandako Emakumeen Koalizioko kide ohiak jaso zituen txalo gehien: «Aldaketa azkarragoak behar ditugu, eta komunitateetan sakon begiratu, emakumeek komunitate horietan duten rolak behar duen aitortza izan dezan. Bake prozesuan sona eta garrantzi handia izan dugu. Emakumeak ez gara biktimak soilik, aldaketarako eragileak ere bagara», aldarrikatu zuen Hindsek. Dennis Bradley Ipar Irlandako Polizia Kontseiluaren presidenteorde ohiak, berriz, unionisten barne-arazoetan jarri zuen arreta, zeinek drogekin eta alkoholarekin duten zerikusia. «Talde armatuetako kideak izan direnen artean arazo handiak daude drogarekin eta alkoholarekin, eta erakundeek ez dute ezer egin arazo horiek konpontzeko», kritikatu zuen.

Akordioaren aurkako ahotsak ere izan ziren atzoko hitzaldi sortan. Peter Robinson Ipar Irlandako lehen ministro ohi eta DUP Alderdi Demokrata Unionistako buruzagi ohiak ordezkatu zuen iritzi hori. 1998an, haren alderdiak ez zuen akordioa sinatu, eta, hogei urteren ostean, badirudi haren iritzia ez dela aldatu. «Ostiral Santuko Akordioa hutsegite bat izan da niretzat. Bi hamarkadok erakutsi dute arrazoi nuela». Akordioaren aurka egin zuen bakarra izan zen, gainontzeko guztiek testua goraipatu eta ezinbestekotzat jo baitzuten. Ahernek beste galdera bat egin zien entzuleei: «Ez dut uste oraindik bizirik dauden auziak guk akordioaren bidez konpondutakoak bezain garrantzitsuak direnik. Garrantzitsuena zen jendeak jendea hiltzeari uztea: non izanen ginen gaur, adostasunik lortu ez bagenu?».

Egungo AEBetako egoera politikoari erreferentzia eginez, Clintonek aukera bat zabaldu zuen, ekitaldiaren ateraldi umoretsuekin bat: «Hogei urte barru, agian zuek etorri beharko duzue guri laguntzera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.