GOMENDIOAK

2015eko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Ezjakintasuna ikusten dute alorrean ari diren profesionalek buruko eritasunen inguruan. Horrek gaiaren inguruko aurreiritziak handitu besterik ez du egiten: gaiztotzeraino. Hedabideetako jarduna horren adibide da sarri, eta, horregatik, hainbat estilo liburu kaleratu dituzte kazetarien trebakuntza hobetu eta kontzientziazioa eragiteko. Hona, esaterako, Fedeafes EAEko buruko erien eta haien senitartekoen elkarteen federazioak idatzitako estilo liburuaren zenbait gomendio:

Gaia landu aurretik, ezagutu. Buruko eritasunei buruz ezin da ondo idatzi gaiari buruzko aski informaziorik gabe, albisteen gainerako alorretan jazo ohi den moduan.

Ikuspegi baikorra eman. Buruko gaixoen bizitzetan eta jardunbideetan badira alde baikorrak; erakutsi egin behar dira. Ez beti alde ilun eta arazotsuenak hauspotzen ibili.

Normal-normal mintzatu. Buruko gaitzez normal hitz egin behar da, natural; diabetesaz, elbarritasunez eta traumatismoez hitz egiteko erabiltzen den naturaltasuna nahi dute psikiatriarekin lotutakoentzat ere. Ikuspegi naturala eskatzen dute, eta sinesgarria.

Errukirik ez: baliabideak. Buruko eriak eskubide osoko pertsona gisara aurkeztu behar dira beti; baliabideak behar dituzte aurrera egiteko, ez besterik. Albisteetan haiei buruz modu oso dramatikoan edo sentsazionalistan mintzatzeak kaltea besterik ez dakar.

Hitza eman behar zaie. Hedabideetarako atea ireki behar zaie buruko gaixoei, lehen pertsonan; bitartekaririk eta manipulaziorik onartu gabe .

Bortxaren eta buruko gaitzen arteko binomioa eten. Bortxa portaerak eta eritasun mentalak lotzen dituen binomioa faltsua dela diote, eta ez dela sustatu behar. Adierazi dute indarkerian oinarritutako portaeren kausa bakarra ez dela buruko eritasuna izaten.

Hitzak ondo hautatu.Eskizofrenikoa, eroa, burutik egindakopertsona eta horrelakoak usu erabiltzen dira albisteetan; ordez buruko eriak erabiltzeko aholkatzen dute, eta pertsonen buruko gaitzez mintzatzeko soilik behar-beharrezkoa denean albisteak ulertzeko. «Ulertzen zaila» den ororen atzean benetan zer dagoen jakin gabe buruko eritasunez jardutea oso kaltegarritzat dute. Baita «gaiztakeriarekin» lotura egitea ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.