Katalunia. ANALISIA

Hiru erabaki argigarrien zain

Martxelo Otamendi -

2018ko martxoak 8
Espainiako magistratu baten esku daude, beste behin, Kataluniako Gobernua eta parlamentua. Auzitegi Goreneko Llarena magistratuak erabakiko duenaren zain egongo gara asko hurrengo egunotan.

Hainbat fronte dauzka zabalik Llarenak, eta, tarte estuan, behin betiko erabakiak hartuz joan beharko du. Lehena, Sanchez parlamentari espetxeratu eta presidentegaiak asteleheneko izendapen bilkurara joaten uzteko egin dion eskaera. Hirugarren aldia da kalera ateratzeko eskaera egiten diona, eta aurreko bietan ezezkoa izan zen erantzuna. Aurrenekoa, abenduaren hasieran, 21eko hauteskunde kanpainan hautagai gisa,—bigarrena zen JxCren zerrendan—, eta bigarren eskaera urtarrilean egin zion Kataluniako Parlamentuaren osaketa saioan bertatik parte hartzeko. Epaileak kargua beste baten bidez hartzeko aukera eman zion, eta botoa delegatzeko aukera ere bai, baina ez kartzelatik irteteko baimena.

Aurrekari horiekin oso zaila da orain magistratu berak aurkakoa erabaki eta izendapen saiora joateko baimena ematea. Sanchezen abokatuek argudia dezakete Sanchez parlamentari arrunt bat zela baina orain lehendakarigai dela, alegia, jauzi kualitatiboa eman duela bere kategorian, eta izendapena nominala denez gero, derrigorrezkoa dela presente egotea. Madrilgo haizeak irakurtzen dakitenek diote ez diola utziko, ez juridikoki eta are gutxiago politikoki. Espainiako estatu egiturek ez dute onartuko Sanchez kartzelatik legebiltzarrera eta legebiltzarretik kartzelara ibiltzea.

Hori gertatzeko aukera guztiak daudela jakitun, JxCk eta ERCk aste honetan proposatu diote Torrent presidenteari Sanchez izatea presidentegaia. Independentziazaleek Espainiako Gobernuaren eta justiziaren jarrera itxia nazioartean salatzen segitzeko argudio gehiago pilatzea da erabakiaren babesleen helburua. Hots, hirugarren hautagai bat aurkeztu beharko dute, baina, presidentea izendatzeko bi hilabeteko epea mugatzen duen parlamentuko erlojuari bateria kendu diotenez, ez daukate presarik.

Duela aste batzuk Artadiren izena zebilen askoren ahoan, prozesuaren iturginek aukera hori duela aste batzuk baztertzea erabaki zuten arte; ez bera izan ezin daitekeelako, baizik eta leialtasunagatik; lehen Puigdemonten eta orain Sanchezen garaia delako. Agertuko da ostera, Turullekin batera.

Llarena magistratuaren bigarren frontea, lotura handia daukana aurrenekoarekin, auzipetze autoa da. Ikerketa —konplexutasunagatik eta ikertuen kopuruagatik haren hitzetan— urtebetez luzatzea eskatu du. Normalean, auzipetze autoa ikerketaren bukaera aldean erabakitzen du instrukzio epaileak, eta handik denbora gutxira, legeak agintzen dituen tramiteak eginda, aretoko epaile epaitzaileen esku uzten du auzia.

Llarenak instrukzioa urtebete luzatu izanak ez du, derrigor, esan nahi auzipetze autoa ere atzeratuko duenik. Presa edukiko du magistratuak auzipetze autoa kaleratzen, Prozedura Kriminaleko Legearen 384 bis Ioldi artikuluaren ondorioz, kartzelan edo ihesean dauden parlamentariek —Puigdemont, Comin, Sanchez eta Junqueras—galdu egingo baitute kargu publikoa. Ez da hori Turullen kasua, ikertua baina kalean dagoelako Llarena epailearen erabakiz. Auzipetze autoa apirilerako espero zen ikerketa epea luzatu aurretik, eta apirilerako espero da luzatu ondoren.

Hirugarren frontea, presarik gabekoa, Bruselan daudenak Espainiaratzeko eskaera da. Belgikak onartuko dituen delituetara mugatu beharko du eskaera Llarenak, baina ordurako presidente berria egongo da Katalunian.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna