Nerea Osinalde.
ARGI ALDIAN

Alzheimerra gehiago ezagutzen

2018ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Alzheimerra gaixotasun neurodegeneratibo larria da, eta munduan 44 milioi pertsonak pairatzen dutela kalkulatzen da. Gaitzaren sorburua ez da guztiz ezagutzen, baina uste da bizitza estiloak, ingurumen faktoreek eta norberaren genetikak eragin handia dutela gaixotasunaren garapenean.

Alzheimerra duten gaixoen garunean bi proteinaren ezohiko metaketa atzematen da, zehazki beta-amiloide eta Tau proteinarena. Lehendabizikoa garuneko zelulen kanpoaldean pilatzen da; bigarrena, berriz, zelulen barrualdean. Metaketa horien ondorioz, garunaren arkitektura desegituratzen da, eta, horrekin batera, bere funtzionamendua.

Brain aldizkari ospetsuan aurten argitaratutako ikerkuntza lan batek frogatu du Alzheimerren gaixotasuna eragiten duen proteinetako bat, Tau proteina, neuronaz neurona hedatzen dela infekzio bat balitz bezala. Gaitzaren hastapenetan, Tau proteina-pilaketak hipokanpoaren ondoko gunean agertzen dira, hots, memoriarekin erlazionatutako garunaren aldean. Hori dela eta, alzheimerraren lehen sintomak memoria arazoak izaten dira. Tau proteinen agregatuek garuneko zelulak inhibitu edota hil egiten dituzte. Hori horrela, hedapen transneuronala izenez bataiatu berri duten hipotesiaren arabera, Tau proteinak, garunean zehar hedatzen den heinean, zelulak infektatzen eta suntsitzen ditu. Hain zuzen ere, horrek eragiten du alzheimerra pairatzen dutenen sintomek progresiboki okerrera egitea.

Tau proteina garunean zehar nola barreiatzen den jakiteak berebiziko garrantzia izan lezake etorkizuneko terapia berrien garapenean. Izan ere, ikertzaileen ustetan, alzheimerraren garapena eteteko modu bat hau izan daiteke: Tau proteinaren hedapena blokeatzea, proteina bera erasoz neuronen arteko konexio guneetan, hau da, sinapsietan. Ea, ba, une honetan hipotesi bat baino ez dena etorkizun hurbileko errealitate bihurtzen den!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.