Katalunia. Kargu hartzea

Gizarte aniztasunaren izenak

Independentistak baikor daude oro har, baina badira etor litekeenari eszeptizismoz begiratzen diotenak ere. Espainiaren batasuna defendatzen dutenak sututa daude Torrak inoiz esanekin.

Igor Susaeta.
Bartzelona
2018ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Quim Torraren izena aipatu, eta oka eginez bezala erantzun du Juanek. Ez dirudi haren hatsari darion alkohol usaina horren justifikazioa denik. «Xenofobo bat da. Gauza barkaezinak esan ditu espainiarrei buruz». Ez du Kataluniako presidente berri «txotxongiloari» aukera bakar bat ere emateko asmorik. «Gogoko dut zuk halako galderak egitea. Galdetu, galdetu». Gran Via etorbideko kiosko baten jabea da, eta duela mende erdi pasa heldu zen Bartzelonara, haurra zela. «Oso espainiarra naiz». Txinatarren esku daude Bartzelonako Eixample barrutiaren eskuinaldeko hamaika supermerkatu eta jatetxe, eta, hain zuzen, Juanek txinatar bat du laguntzaile. Noizbait etorkinez eta espainiarrez idatzitakoak zuzentze aldera Torrak inbestidura diskurtsoan goratutako Kataluniaren «aniztasuna», beraz.

Bartzelonan eta Katalunian Ciutadans izan zen alderdirik bozkatuena abenduko hauteskundeetan, baina Eixamplen JxC Junts Per Catalunyak irabazi zuen. Carles Puigdemonten zerrendak katalanismo tradizionalaren bozkatzaileak erakarri zituen, eta 80 bat urteren bueltan ibiliko diren Isabel eta Xavier bikoteak ondo ordezkatzen du profil hori. Xingola hori bana daramate paparrean, eta buruzagi independentistak «borrokan» jarraitzera animatu dituzte. «Belgikari eta Alemaniari esker, Llarenak eta gobernuak ere amore eman beharko dute». Baikorrak dira. «Orain, behintzat, hitz egiteko prest dago Espainia». Alemanian bizi da haien semeetako bat, eta, kontatzen dienez, hango prentsak «hobera» aldatu du Katalunian gertatzen ari denarekiko diskurtsoa.

Diskurtso frontistarik ez edukita ere, aniztasunaren beste adarretako bati heltzen diotenak dira independentistak ez diren eta Espainiako Estatuaren jarrera auzitan jartzen dutenak. Pilar eta Maite lagunak, 60 urtetik gorakoak, adibidez. Langile soziala bat, teleoperatzailea bestea, kafetegi cool batean eguerdian zerbait hartzen ari dira, elkarren artean espainolez hitz egiten dutela. Bi zerbitzari gazteak frantsesez ari dira haien artean. Aniztasuna. Pilarrek hauteskundeak aurreikusten ditu, eta, gero, «gertatzen ari dena errepikatuko da». Politikariei aurpegiratu die «interes alderdikoien arabera» jokatzea. Maitek gorroto du «batzuek zein besteek» nola «manipulatzen» duten. «Independentistek esaten dute urriaren 1ekoa estatu kolpea izan zela, eta krisi humanitario moduko bat bizitzen ari garela. Ea, ez gaude Sirian».

Dena den, eztabaidaren erdian kontu ekonomikoak jartzearen aldekoa da Pilar, pentsatzen baitu, katalanek «estatu zentralari» ematen diotenari erreparatuz gero, gutxiegi jasotzen dutela bueltan. «Hemen ere kontzertu ekonomikoaren moduko zerbait adostu izan balitz, agian ez ginatekeen honaino iritsiko».

«Europa?»

Eixampleko eraikinetako balkoietan estelada dezente ikusten dira zintzilik, baita Espainiako bandera bakan batzuk ere, eta kalean oso presente dago politikari presoak askatzeko kolore horiko sinbologia; turistak bezain presente ia. Haiek ere ematen dute aniztasunaren berri. Azentuagatik estatubatuarrak diruditen batzuei begira daude Anna eta Albert, atari batean eserita. Ordea, kazetariak kanpoko kontuez galdetu beharrean, etxeko kontuez galdetu die. «Buf... Konplexua da». Independentistak dira, baina ez Xavier eta Isabel bezain baikorrak. «Urriaren 1ekoa ez zen ondo atera, eta ez dakite zer egin». Aniztasuna ordezkatzen duten bozkatzaileak dira 18 eta 20 urteko bi ikasleak. Politikari independentistek prozesuaren nazioartekotzean dute konfiantza batez ere. «Europak irentsi dituen gauzekin... Europak ez ditu, ez, arazo nahiko, hemengoa konpontzen hasteko», esan du Albert eszeptikoak.Independentista kopurua handitzea da Annak proposatutako «balizko» irtenbidea. «%60-70 baldin bagara, negoziatzeko aukera gehiago egongo dira». Katalunia askotariko horren hirietako aldirietara jo beharko litzateke «indepe» gehiagoren bila. «Ez zaie behar bezala esplikatu errepublikak zer onura ekarriko liekeen». Annak aipatutako kopuruarekin, «are» aldebakarrekotasuna behartu ahalko lukete subiranistek, Alberten ustez.

Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidente zenak ere aniztasuna izaten zuen ahotan, eta Azeem indiarrak umorez gogoratu du hura agintean zegoenean (2004-2011) heldu zela Bartzelonara. Padilla kalean dagoen fruta denda bateko jabea da, eta baietz dio, independentisten asmoak ulertzen dituela, baina ez dagoela ados. «Hobe estatu handi baten barruan egotea, ezta?». Aniztasunaren izenak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.