Burkina Fason ere AQMIren odol arrastoa

Al-Qaedako talde batek Uagaduguko Splendid hotelari eraso egin dio, eta 29 lagun hil dira.Armadak 156 bahitu askatu ditu

Splendid hotela, Uaguadugun, oso hondatua geratu da. WOUTER ELSEN / EFE.
xabier martin
2016ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Mokhtar Belmokhtarrek ospea nahi du. Al-Murabitun taldeko buruak —AQMI Magreb Islamiarreko Al-Qaedaren barruan— iazko azaroaren 20an Bamakoko Radison Blu hotelean (Mali) egindako erasoaren antzekoa egin du orain Burkina Fason, Uagaduguko Splendid hotelean. Erasoak garbi utzi du Afrika mendebaldeko muga administratiboak gaur-gaurkoz ez direla AQMIrentzat. 29 pertsona hil eta beste 33 zauritu ere egin ditu, eta izua eragin nonahi Afrikako eremu horretan.

«Frantziaren aurka borrokatuko gara gure azken odol tanta eman arte». Belmokhtarren taldeko kide baten hitzak jaso zituen atzo Al-Akhbar Mauritaniako agentzia pribatuak, AQMIren adierazpenak jaso ohi dituen agentziak. Splendid hotel barrutik egindako grabazio batean, erasotzaileak esaten du hamabi hildako zenbatu dituela berak, eta 30 behintzat hil direla operazioan. Hasaniyan, Saheleko hizkuntza arabiarrean aritu zen AQMIko kidea Burkina Fasoko armada hotelera sartu aurretik. Ez dago argi erasoaren propaganda egiteko ardura hartu zuena hilik dagoen edo Splendideko infernutik bizirik atera den. Hiru minutuko grabazioa egin zuela bai. Haren aurretik, Al-Akhbarrera igorritako beste mezu batean, bere gain hartu zuen atentatua Al-Murabitunek.

Magreb Islamiarreko Al-Qaedako talde horrek 170tik gora lagun gatibu hartu zituen herenegun gauean Uagaduguko Splendid hotelean. Armadak operazioa egin zuen goizean, bahiketa gehiegi luzatzen ari zelakoan, eta operazioan hainbat pertsona hil ziren. 156 bahitu askatu zituzten. Segurtasun Ministerioak jakinarazi zuen erasotzaileetako lau daudela hildakoen artean. Lekukoek kontatu zuten 20 bat hilotz ere ikusi zituztela hotelean. Splendidera sartu aurretik Capuccino izeneko kafetegian ere tiroketa bat izan zen, eta han beste hamar lagun hil zituztela diote berri agentziek.

Hildakoak 18 herrialdetakoak direla zabaldu dute, baina nahasia da informazioa. Edonola ere, hotel hori Mendebaldeko herritarren eta Nazio Batuen Erakundeko kideen ohiko ostatu da.

Burkina Fasoko armadak Frantziakoaren laguntza izan du gatibuak askatzeko operazioa egiteko. Orain, libre gelditu diren gatibuetako batzuk atxikita dauzka armadak, lekukoek berri agentziei esan dietenez. Helburua, berriz, erasotzaileekin izan ditzaketen loturak aztertzea dela adierazi dute armadako iturriek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.