Mendekosteak Bergaran

Langile eskolak jaia piztuko du

Miguel Altuna lanbide heziketa zentroak 90 urte bete ditu aurten, eta haiek dute ardura txupinazoarekin Bergarako jaiak hasteko. Gaurtik asteartera arte ospatuko dituzte mendekosteak

Gatibu izango da herriko plazan, larunbat gauean. IÑIGO URIZ / FOKU.
itziar ugarte irizar
2018ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Kalerik kale eskean ibiltzen zen andre bat izan zen Bitorianatxo, urtero Bergarako jaietan (Gipuzkoa) herrira agertzen zena, hutsik egin gabe. «Azal gogorrekoa, kopeta sendokoa, ile beltz-beltzekoa». Umetatik hala kontatu diote, behintzat, Joxe Aranari. Bada, biek batera emango diote hasiera gaur jaiei; Aranak txupinazoa botako du, Miguel Altuna lanbide heziketako lantaldearen izenean, eta orduan Bitorianatxo jaitsiko da Seminarioko teilatutik udaletxeko balkoira. Jaizaleen artean urtuko da gero, asteartean jaiak bukatzen diren bitarte.

«Ohore bat». Horixe da, ohi denez, Miguel Altunako lantaldeak duen gorputzaldia txupinazoa botako dutelako aurten. 90 urte bete ditu aurten lanbide heziketako eskolak, eta urteetan egindako lanaren «sari» gisara hartu dute enkargua. Izan ere, denbora horretan, eskolak harreman «oso sendoa» izan du herriarekin, Aranaren arabera: «10.000 pertsonatik gora pasatu dira eskolatik. Bestalde, herri erdi-erdian dago, eta bizi asko eman dio herriari». Aranak gogorarazi du Bergara herri «industrial» bat dela, eta aipatu du inguruko industria Miguel Altunatik igaro den jendez beteta dagoela, zentroa hasieratik «industriari bideratuta» egon denez. «Beteta eta, askotan, hemendik igaro direnek sortua ere bai». Miguel Altunak 1990eko hamarkadan izan zituen aldaketa handienak; ikasle gazteak trebatzetik langileak trebatzera igaro zen, besteak beste, eta, hala, lankidetza estutzen hasi zen enpresekin. Hurrengo urrats esanguratsua 2015ean lanbide heziketako «zentro integratu bat» izatera igaro zirenean egin zuten: «Gaur egun, enpresen beharretara oso lotuta gaude, eta ordutik aurrera bultzatu dena zera izan da: berrikuntza aplikatua, ekintzailetasuna, nazioartekotzea eta parekidetasuna; emakumeak ikasketa teknikoetara hurbiltzeko lana egiten ari gara».

Jaiei begira, Aranak aipatu du orain «umeen bueltan» eta «egunez» bizi dituela. Halere, iruditzen zaio adin-tarte guztientzako aukera dagoela lau egunetan: «Jaizalea den edozeinentzat jai politak dira. Beherakada egon da, baina, gazteen aldetik, gora dator berriro giroa».

Jarrera arduratsuari hots

Lau egunetarako egitarau oparoa dute prest jada. Urteroko klasikoak ez dira faltako: dantzaldiak, erromeriak, errekortariak, mariatxiak, jolas-parkea, bandaren kontzertua eta beste. Baina berrikuntzak ere badakartzate aurtengo Mendekoste jaiek. Estreinakoz, gimnastika erritmikoko herriko taldeak erakustaldia egingo du, igandean, eta Bergara Hiria emakumeen lehen pilota txapelketa jokatuko da, astelehenean, kuadrillen egunean. Iaz programan sartutako hainbat berrikuntzei jarraipena ematea ere erabaki dute aurten; kasurako, San Joxepe elkarteak antolatuta, bolo, toka eta igel jokoen txapelketari segida emango diote aurten, asteartean.

Oro har, udaleko jai batzordeak egitaraua osatzeko izan duten parte hartze altua azpimarratu du. Eragile ugarirekin bildu dira horretarako, haien ekarpenak biltzeko. Aipatu dutenez, herritar ugarik urteetan eskatu dute Gatibu taldea ekartzea, eta aurten, azkenean, San Martin plazan izango da, larunbat gauean.

Festaz gozatzeko egunak izanik ere, Bergarako Udalak kontsumo arduratsuaren eta parekidetasunaren aldeko mezuak indartu ditu. Aurten, aurrenekoz, sexu erasoen aurkako aholkuak txertatu dituzte egitarauan, eta Whatsappez ere zabalduko dituzte. Autodefentsa feministako tailerra ere antolatu dute.

Jaien egitarauaren azalerako, 300 proposamen baino gehiago jaso dituzte, eta Aitor Marauri bergararrarena da, azkenean, aurtengo kartela.

Egitarau herrikoia

Xaxau taldeko kideek egitarau herrikoia ondu dute jai egunetarako. Ikasle bazkariarekin abiatuko dira, gaur, eta Bideberriko txosnen irekiera egingo dute, 20:30ean. Afalostean, Sofa eta Anita Parker taldeak ariko dira, besteak beste. Bihar, elkartasun bazkaria izango dute eguerdian, eta, gauean, Atom Rhumak eta Nogenek emango dute kontzertua, txosnagunean; haien atzetik, DJ Aifil jardungo da. Igandean, Audience taldea ariko da, 19:30ean, eta gauean herriko film laburren lehiaketako emanaldia izango da. Azken bi egunetan ere kontzertuekin jarraituko dute: astelehenean, Laket, Liher, Bad Sound System eta Sista Kata ariko dira, eta, asteartean, Anje Duhaldek itxiko du txosnaguneko egitaraua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.