Garraio publikoa

Irekitzear zela, atzera egin dute

Donostiako autobus geltoki berria gaur inauguratzeko asmoa bertan behera laga dute.

Ezin dutela segurtasuna «ehuneko ehun» bermatu esan du alkateak; horrek ekarri du erabakia, azken orduan

Arantxa Iraola -

2016ko urtarrilak 15
Donostiako Mugikortasun eta Garraio zinegotzi Pilar Aranak Donostiako autobus geltoki berrian atzo goizean egin zituen adierazpenak usu tapatu zituen obretako zarata hotsak. Izan ere, langileen joan-etorria etenik gabea zen. Gaurko, ordea, dena prest egongo zela ziurtatu zuen. «Azkenean, inauguratu egingo da». Larunbat goizaldean, halaber, lehen autobusa abiatuko zela adierazi zuen. Arratsaldean heldu zen ifrentzua; larrialdiko deialdi batean Eneko Goia alkateak inaugurazioa eta irekiera atzeratuko dituztela jakinarazi zuen. Azaldu zuenez, azken orduetan suhiltzaileek egindako hainbat ikerketaren ondorioz ikusi dute geltokiko segurtasuna ezin dutela «ehuneko ehun» bermatu. «Kea irtenarazteko sisteman» atzeman dute, azaldu zuenez, arazoa, eta suteetarako ezarri ohi diren segurtasun baldintzak behar bezala ez betetzea dakar horrek. «Ez da gustuko berria guretzat», onartu zuen Goiak. «Baina horrelako egoera batean arduraz hartu behar dira erabakiak». Bere gain hartu zuen, osoki, erabakiaren gaineko erantzukizuna.

Oihartzun handia izan zuen albisteak. Ozen zabaldua zutelako, igaro egunetan, geltokia gaur zabaltzeko asmoa, eta goizean bertan egina zutelako bisita gidatu bat kazetariekin geltoki berria erakusteko eta datozen egunotako asmoak berresteko. Gainera, Donostiako autobus geltoki berria aspalditik espero den azpiegitura da; Pilar Aranaren «azkenean» hitza ez zen zorizkoa izan. Donostian eragile askok urteak egin dituzte autobus geltoki taxuzko bat eskatzen. 1993. urtean Amarako Pio XII.aren plazan autobusentzako nasak jarri zituzten «behin-behineko» neurri gisara, eta 23 urte behar izan dira geltoki bat eraikitzeko proiektua garatzeko. «Onura agerikoa izango da; autobusa hartu nahi duten pertsonek ez dute kalean egon beharko. Babesean egon ahal izango dira; giro atsegin batean», nabarmendu zuen Aranak. Geltokiaren kokagunea ere —bere garaian Loiolan jartzearen alde egin zuen Bilduk— defendatu zuen zinegotziak, hiriaren erdialdean dagoelako, eta Renferen tren geltokiaren aldamenean. «Hartara, etorkizunean, tren lasterrarekin lotuko da». Izan ere, Donostiako Udalak, Eusko Jaurlaritzarekin batera, egina du proposamen bat Espainiako Sustapen Ministerioaren aurrean autobus geltoki berria, tren lasterrarena eta Tabakalera —hantxe ondoan dago— bateratuta egon daitezen. Guztiak «harmonian eta konektatuta» egotea nahi dutela esan dute.

Inguruko hainbat bizilagunek ezinegona azaldu dute geltokiak zirkulazio arazoak ekar ditzakeela eta, baina ez dela eragozpenik izango esan zuen zinegotziak: «Ikertuta dago. Simulazioak egin dira: ez da arazorik espero». Azpiegitura egiteko 32 milioi euro erabili dira. Hogei bat, Donostiako Udalak jarri ditu; sei, Gipuzkoako Diputazioaren esku geratu dira; gainerakoa, Murias enpresarenean, hark kudeatuko baitu.

8.000 erabiltzaile egunean

Donostiako Udalaren arabera, batez beste egunean geltokia 8.000 erabiltzaile inguruk erabiliko dute, eta 500 autobus inguru ibiliko dira. Lurraldebuseko eta beste hainbat autobus konpainiatako ibilgailuak izango dira. Euskal Herriarekin lotura egiteko lineak egongo dira: Bilbo, Iruñe, Gasteiz edo Baionarakoak, esaterako. Eta kanporakoak: Burgos, Madril, Bartzelona eta abarretara joateko, besteak beste. DBus Donostiako autobus konpainiak hainbat moldaketa iragarriak ditu autobus geltoki berriko erabiltzaileei arta emateko. Nolanahi ere, aldaketa horiek, oraingoz, bertan behera geratuko direla esan zuen atzo arratsaldean Donostiako alkateak; Pio XII.ean segituko du autobus geltokiak, eta zerbitzuek lehengoan jarraituko dute. Lurraldebusek iragarritako aldaketekin ere, horixe bera.

Zain egon beharko da berriro aldaketa horiek guztiak ezartzeko. Izan ere, Goia ez zen ausartu atzo azpiegitura noiz ireki ahal izango den esaten. «Egokia den denbora hartu beharko da», onartu zuen. «Nik ez dut hipotesirik emango». Atzo, lanaren inguruko arduradun teknikoekin larrialdiko bilera bat izan zuela esan zuen, eta lanerako plan bat egin beharko dela. Zehaztu zuen, bereziki, segurtasun arazoa autobusentzako nasak dauden biribilgune handian atzeman dutela, eta hor egin beharko direla konponketak. Beheko aparkalekuetan —irekita daude— ez dagoela arazorik esan zuen. EH Bilduk kritikatu du hau guztia «lardaskeria» bat izan dela, eta EAJren eta PSE-EEren «propaganda nahi neurrigabea» erakusten duela.

Iristeko erraztasuna, erdizka

Lehendik ere egon da polemikaren zurrunbiloan geltokia, besteak beste, iristeko erraztasunaren harira. Autobusentzat 21 nasa ditu, eta bederatzi bakarrik dira iristeko errazak. «Berez, bost besterik ez», deitoratu du gutxitasun fisikoa duten pertsonen federazio koordinatzaile Elkartuko ordezkari Mikel Malkorrak. Izan ere, oroitarazi duenez, berez, iristeko erraztasun unibertsala izateko, 3,5 metro zabal izan behar dute nasek, eta neurri hori bost nasak besterik ez dute; gainerakoetan atzeraka sartu behar dute autobusek neurri hori izateko. «Eta geltoki horretan atzerakako maniobrak egitea ez da batere erraza; denok dakigu hori», kritikatu du.

Usu azaldu dute Elkartuko kideek ezinegona gai horren harira. 2014an, egitasmoa aztertu eta idatzi bat aurkeztu zutela gogoan du Malkorrak. «Ez zuen eduki erantzunik». Nasetara iristeko erraztasun arazoei erreparatu zietenetik, horiek konpontzeko udalean eskari ugari egin dituztela oroitarazi du. Eta ez daude konforme amaierako erantzunarekin: «Udalaren soluzioa beti izan da partziala». Mugitzeko arazoak dituzten pertsonen kalterako: «Beti aurreikuspen handiarekin eta protokolo bereziekin antolatu behar ditugu gure bidaiak: hori ez da irisgarritasuna». Kritikagarri deritzo azpiegitura berri bat «iristeko erraztasun unibertsalaren» irizpideak bete gabe egitea. Gasteizko autobus geltokian, esaterako, nasa denetara erraz iristen dela esan du; Bilbon ere horren aldeko konpromisoa irmoa dela. «Donostia izango da bakarra ez dituena nasa guztiak iristeko errazak». Aranak, ordea, bereari eutsi zion: harro aurkeztu zuen azpiegitura.«Ez da beharrezkoa nasa denak iristeko errazak izatea», esan zuen. Goizean, inaugurazioa gaur zela ziotenean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna