4/2014 sumarioa. Akordioa

Akordioa lortuta, bostak libre

Fiskaltzarekin ados jarrita, bina urtera murriztu dizkiete zigorrak 4/2014 sumariokoei. Ez dute kartzelara itzuli beharko, eta «salbuespen legeen» aurka lanean segituko dutela ziurtatu dute
Gorka Mayo, Gorka Zabala, Iker Moreno, Jon Patxi Arratibel eta Iñigo Gonzalez, atzo, Espainiako Auzitegi Nazionalean.
Gorka Mayo, Gorka Zabala, Iker Moreno, Jon Patxi Arratibel eta Iñigo Gonzalez, atzo, Espainiako Auzitegi Nazionalean. J.J.GUILLEN / EFE

Hodei Iruretagoiena, Berriemaile berezia -

2016ko apirilak 15
Ez du askorik iraun 4/2014 auziko epaiketak. Hasi eta berehala, akordio bat lortu dutela iragarri dute auzipetuek eta Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak. Jose Perals fiskalak irakurri du adostutako testua, eta hori berretsi besterik ez dute egin behar izan Jon Patxi Arratibelek, Iñigo Gonzalezek, Gorka Zabalak, Gorka Mayok eta Iker Morenok. Atxilotu zituztenetik bost urte baino gehiago pasatuta, libre itzuli dira Euskal Herrira. Ez dute kartzelara joan beharko.

Auzitegitik aterata, Euskal Herritik Madrilera babesa ematera joandako lagun eta senideak zituzten zain. Txaloka hartu dituzte auzipetuak, pozez. Madrilgo erdialdean Auzitegi Nazionalak duen egoitzan izan dira EH Bilduko diputatu Marian Beitialarrangoitia eta Onintza Enbeita ere.

Fiskaltzarekin lortutako akordioa Segurako auzian lortu zutenaren bidetik doala azaldu du Mayok: leporatzen zaizkien gertaerak onartu dituzte —jarduera politikoari lotutakoak denak—, eta hori Espainiako legediaren aurkakoa dela. Fiskalak aurkeztu du akordioa, auzi saioan: «Indarkeriaren erabilerarekin lotutako jarduera ororen aurkako konpromisoa» hartu dute auzipetuek, eta beren nahia adierazi dute «aitortza horrek biktimen sufrimendua erreparatzeko» balio dezan. Amaia Izko eta Jaione Karrera abokatuek eta fiskaltzak sinatu dute aipatu akordioa.

Akordioaren aurretik, zortzina urteko zigor eskaera zuten gainean bost auzipetuek, Ekineko kide «desdoblatu» izan, eta ETAren aginduetara ezker abertzaleko erakundeak dinamizatzea leporatuta. Adostasuna lortuta, fiskaltzak bina urtera murriztu die zigorra; beraz, ez dute espetxera itzuli beharko —bina urteko inhabilitazioa izango dute bostek—. Segurako auzikoen kasuan, zigorra gradu bat edo bi murrizteko legeak jasotzen duen aukera baliatu zuen fiskalak. Izan ere, joan den uztailean indarrean sartu zen Zigor Kodearen erreformaren arabera, epaileak erabaki dezake «terrorismoarekin» lotutako delituetan murrizketa hori egitea, egindako delitua ez bada «hain larria» erabilitako bitartekoei eta izandako ondorioei dagokienez. 4/2014 sumariokoen kasuan, ez zaie indarkeriazko ekintzarik leporatzen.

«Modu baikorrean baloratzen dugu akordioa, aurrera egiteko baliagarria delako, eta kartzelara berriz ez garela itzuliko bermatzen duelako», azaldu du Mayok ahozko saioaren ondoren, sumarioko kideak alboan zituela. Baina ez hori bakarrik. Gogora ekarri nahi izan du Auzitegi Nazionalak eta «salbuespen legediek» ez dituztela bermatzen militante independentisten eskubideak: «Ezin da ahantzi Auzitegi Nazionalak jarraitzen duela izaten ezker abertzalearen ilegalizazioaren akuilu; etsaiaren zigor zuzenbidea ezartzen duela, eta tortura hobesten duela oraindik ere».

Hori dela eta, epaiketa politikoak eta «salbuespen legediak» bukatzeko exijitu diete auzipetuek Espainiako Estatuko botereei. «Independentista eta ezkertiarra izatea ez da delitua». Aurrerantzean ere Aztnugal kanpainaren aldarria «intentsitate berdinarekin» zabaltzen jarraituko dutela ziurtatu du Mayok: «Guardia Zibilak modu basatian eta inpunitate osoz torturatu gintuen. Eta hori ez dugu guk bakarrik esaten, Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak eta CPT Torturaren Prebentziorako Batzordeak ere hala salatu dute».

«Salbuespen legedia» indargabetzeko ez ezik, urteetan egindakoa aitortzeko ere eskatu diote Espainiako Estatuari: «Euskal Herriko militante independentisten aurka tortura modu sistematikoan erabili du. Egindako mina erreparatu behar du, eta bermatu ez dituela berriz ere giza eskubideak». Larunbatean akordioaren inguruko balorazio sakonagoa egingo dutela ere iragarri du Mayok, agerraldi baten bidez, Iruñean.

«Zoriontzeko modukoa»

2010eko irailean atxilotutako beste bederatzi euskal herritar ere epaituko dituzte maiatzean, Ekineko kide izan zirelakoan. Basque Live Matter kanpaina abiarazi dute hori salatzeko, eta akordioaren berri izan bezain laster ateratako oharrean adierazi dute «zoriontzeko moduko berria» dela atzokoa. «Gure ibilbide osoari esker, gaur, lortu da haietako inor espetxera ez joatea. Baina, gure kasuan, herri akusazioen —Dignidad y Justicia eta AVT daude pertsonatuta— jarrera itxiaren ondorioz, ez dago akordiorik. Beraz, errepresio eta salbuespen egoerari aurre egiten jarraituko dugu, Bederatziak Libre dinamikarekin».

«Pozik» agertu da Sortu ere akordioarengatik, eta ideia bat nabarmendu du: «Ez dira espetxeak betetzeko garaiak, hustekoak baizik». Ohar bidez adierazi dutenez, urtarrilean Segurako auzian eta orain 4/2014 sumarioan lortutako akordioek agerian utzi dute «ezberdinen arteko akordioen formulak nahikotasun maila bat eskain diezaiekeela aldeei, jazarpen politiketan oinarritutako prozedura judizialak, salbuespen legedia eta gatazka politikoarekin lotutako bestelako gaiak amaitzeari begira». Hala, Segurako auziko akordioak «ateak zabaldu» zituela berretsi dute: «Gure nahia zera da: zintzilik dauden gainerako epaiketa politikoetarako baliagarria izatea».

Antzera mintzatu da Sortuko bozeramaile Pernando Barrena ere, ETB2n egindako elkarrizketan. «Borondatea badago, aurrera egin liteke», nabarmendu du.

2011ko urtarrilean atxilotu zituztenetik Mayok, Gonzalezek, Zabalak, Morenok eta Arratibelek pasatutakoa ere ekarri du gogora alderdi inpendendentistak. Inkomunikazioa, torturak, espetxea... Sei lagun atxilotu zituzten sarekada hartan, ETAk su-eten «orokor, iraunkor eta egiaztagarria» iragarri eta hamar egunera. Torturak salatu zituzten horietako bostek. Nafarroako auzitegiek artxibatu egin zituzten salaketa guztiak, baina Europatik etorri zen buelta.

Torturak eta Europa

Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak Espainia zigortu zuen iaz, Jon Patxi Arratibelen kasua ez ikertzeagatik. Giza Eskubideen Ituna urratzeagatik, alegia. CPT Torturaren Prebentziorako Batzordeak, gainera, testigantza «sinesgarri eta sendoak» bildu zituela jaso zuen txosten batean, espetxean auzipetuetako hirurekin egon ondoren. «Badirudi tratu txarren helburua zela atxilotuek deklarazio bat sinatzea, hau da, konfesio bat». Guztiarekin ere, oraindik ikertu gabe jarraitzen dute salaketa horiek.

Torturaren eta «salbuespen legediaren» aurka eta konponbidearen alde lanean jarraituko dutela ziurtatu auzipetuek. Eta auzi horrek eman dezake soka oraindik. Sarekada berean atxilotu eta epaiketatik kanpo utzitako Xabier Beortegiren kasua, esaterako, Estrasburgoko auzitegian dago oraindik. Ez berak, ez beste bostek, ez dute kartzelara itzuli beharko. Espainiari, oraindik beste zigor bat ekar diezaioke 2011ko sarekada hark.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna