Kolonbiako bake prozesua. Bozketaren biharamuna

Eskura egonda egin du ihes

Erreferendumean bozkatu duten kolonbiarrek baztertu egin dute bake ituna, 54.000 botorengatik, eta bake prozesua zalantzaz josi da. Santosek hitzeman du su-etenari eutsiko diola, eta FARCek bakearen aldeko apustua berretsi du

Eskura egonda egin du ihes.
Adrian Garcia.
Bogota
2016ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Ilusioz hasi da eguna, Kolonbia aro berri baten atarian zegoelakoan. Azken asteko indarrak askatzeko garaia zen, horrenbeste urteetako gatazka odoltsuaren amaiera ospatzeko. Baina milaka boto gutxi batzuek —54.000k baino ez—eskura zegoen ametsa zapuztu dute, azken lau urteetan Habanako negoziazio mahaian egindako ahalegina hankaz gora utzita. Tarte oso txikiarengatik irabazi du ezezkoak: botoen %50,21 batu ditu; baiezkoak, aldiz, %49,78. Bi aldeak azkar uxatu nahi izan dute indarkeriaren itzuleraren mamua; Juan Manuel Santos presidenteak alde biko itunak indarrean jarraituko duela hitzeman du. FARC-EP Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileak-Herriaren Armadak ere bakearen aldeko apustua berretsi du. «Hitzak dira bakea lortzeko arma bakarra».

Bandera zuriak eskuetan eta kamiseta koloretsuak soinean, akordioaren aldekoek prest zeukaten dena une historikoaz gozatzeko. Ziur zeuden horrenbeste sufrimendu atzean uzteko garaia gertu zegoela. «Mugarri bat da. Egun oso berezia». Baiezkoaren aldeko botoa eman dutenek etorkizunean jarria zuten gogoa. «Seme alabak ditut. Eta haiengatik bozkatu dut bai», azaldu du Victor izeneko bogotar batek bozkatu berritan.

Baina ekintzaileen begietako gar hori ordu beteko epean desagertu da. Kezkak hartu ditu lehenengo, zenbaketak aurrera egin ahala bi aldeen arteko tarte txikia ikusita. Larritasuna handitu da botoen hiru laurdenak-edo zenbatu dituztenean: ezezkoa aurretik jarri da. Amaitzen joan ahala urduritasun hori etsipen bihurtu da. Porrotaz eta haren esanahiaz jabetzean malkoak, besarkadak eta biraoak nagusitu dira. «Herri honek ez du memoriarik». Lurretik altxa eta etxera joan da gaztea. Diegok bestelako erreakzioa izan du. Kolonbiako bandera hartu eta garrasika hasi da: «Ez gara erreferendum bati buruz ari, bakeaz ari gara». Plazak eta baiezkoaren aldeko alderdien egoitzak husten joan dira pixkanaka.

6.377.482 pertsonak bozkatu dute gerra amaitzearen alde. 6.431.376k egin dute aurka. Abstentzioa altua izan da oso: %63koa. Ulertezina, hitzorduaren garrantzia kontuan hartuz gero. Goizean goizetik herritar ugari gerturatu dira bozkalekuetara, eta azken ordura arte ez da eten boto-emaileen joan-etorria. Baina gehienak etxean geratu dira.

«Heziketa falta da, pedagogia. Kultura politikoa behar du herri honek», adierazi du Aldo Francisco Valeriok bozkalekutik atera bezain pronto.«Lotsagarria ez da ezezkoak irabaztea. Hori gutxienekoa da, aukera bat da, zilegi dena. Herri honen lotsa da gehiengoak ez bozkatzea. Hor galdu du baiezkoak». Emaitza jakin bezain pronto etxera jo du Cesarrek, burumakur.

Eta orain?

Ezezkoarekin batera, ziurgabetasun eta galdera ugari hedatu dira herrialde osoan, eta bereziki gobernuan. Humberto de la Calle negoziatzaile taldeko buruaizan da lehenbizikoa erreakzionatzen: Juan Manuel Santos presidentearen esku utzi du bere kargua, galdutako bozketaren ardura politikoa bere gain hartuta. Ohartarazi du, dena den, «behar den lekutik» jarraituko duela lanean: «Bakea ez dago garaituta».

Presidenteak Habanara igorri ditu bera eta Sergio Jaramillo bake mandataria, gerrillariekin bildu eta hurrengo urratsei buruz hitz egitera. Bozketaren berri jakin ostean, Kolonbiako alderdi nagusiekin elkartzeko asmoa adierazi du Santosek, baita ezezkoa defendatu duten alderdiekin ere. Baiezkoaren aldekoek babesa adierazi zioten atzo: Mauricio Lizcano Kongresuko buruak esan zuenez, batzorde zabalago bat sortzearen alde agertu dira. Berri agentziek zabaldu dutenez, Alvaro Uribe Zentro Demokratikoko buruak ez du oraindik halako topaketa batean parte hartu.

Gobernuak eta FARCek esana zuten B planik ez zutela. Nolanahi ere, bi aldeek adierazi dute prozesuarekin jarraitzeko borondatea. «Nire legealdiko azken unera arte egingo dut lan bakearen alde», esan du Santosek. «Erabaki demokratiko honek ez dio egonkortasunari eragingo».

FARCen ere egoera airean utzi du emaitzak. Desmobilizazioa hastekoa zuen gerrillak, akordioei jarraikiz, indar politiko bihurtzeko. «Emaitza honekin badakigu gure erronka mugimendu politiko bezala are handiagoa dela, eta indartsuago behar gaitu prozesuak bake iraunkor eta egonkor bat eraikitzeko», esan du Timochenkok. Halere, epe luzera begira onuragarria gerta dakioke FARCi, herritarrek ikusi baitute haren bakerako konpromisoa zintzoa dela.

«Bakea gelditzeko etorri da». Izenburu horixe daraman agiria argitaratu du gerrillak bozketaren biharamunean; handik ordu batzuetara, bideo bidez irakurri du Timochenkok ozen. Bost puntutan, labur eta zorrotz, zerrendatzen ditu bere printzipio, asmo eta konpromisoak. «Herrialde osoko fronte gerrillariek eutsi egingo diote Alde Biko eta Behin Betiko Su-etenari, gatazkaren biktimen lasaigarri eta Gobernu Nazionalarekin adostutakoarekiko errespetuz», dio lehenbizikoak. Kolonbiako gizarteari eta mugimendu politikoei bake akordioa babesteko eskatu diete, «bakea eskubidea eta betebeharra» delako. «Gehiengoaren legearen aurka doan eskubide bat da bakea», dio gerrillak, eta gogorarazten du Kolonbiako Auzitegi Konstituzionalaren arabera, galdeketaren eragina politikoa dela, ez juridikoa; aldiz, akordioak berak baduela legezko balioa, Suitzako Konfederazioaren Kontseiluaren aurrean sinatu zutenez gero. «FARC-EPek beteko dute adostutakoa», esanez amaitzen da gutuna. «Bakeari sabotaia egin nahi dietenen gerrazko sentimenduak ez dira sekula izango elkarbizitza, integrazioa eta justizia sozialaren aldeko sentimenduak baino indartsuagoak».

Lehen begiradan, bi aukera ireki daitezke hurrengo egunetan prozesuari begira. Akordio bat erdiestea indar politiko guztien artean, edo Habanan erdietsitako hainbat puntu berriro negoziatzea, Zentro Demokratikoaren eskakizunak kontuan hartuta. Plebiszitoaren emaitzarekin Habanako itunak ez du balio juridikorik, eta Konstituzioari erreformak egiteko lege proiektuak tramitatzeko prozedura azkarrabertan behera geratu da, herritarrek onartu beharra zutelako. Galdeketa soilik presidentearentzat zen betebeharrekoa, Kongresuak aurrera atera ditzakeelako lege horiek. Baina ez dirudi horrela gertatuko denik: Santos auzitan geratuko litzateke, eta herrialdea are gehiago polarizatuko litzateke.

Uribe garaile

Zentro Demokratikoa eskuin muturreko alderdiaren inguruan ardaztu da ezezkoaren kanpaina. Mezu sinple eta erasokorrekin lortu du gailentzea, tarte txikiz bada ere. «Tarte txikiz baiezkoak diru asko duelako, ustelkeriagatik eta estatu makinaria erabiltzen duelako», adierazi du Maria Fernanda Cabal Zentro Demokratikoko kongresistak. Alderdiko egoitzan jendetza bildu da garaipena ospatzeko. «Gizakiaren duintasunak ez du preziorik, eta Juan Manuel Santosek harrokeriarekin zapaldu ditu asmo oneko kolonbiarrak». Gerrarekin amaitu ez izanak hildako gehiago eragiteko arriskuak ez du beldurtzen. «Beldurrarekin ez da negoziatzen. Ez da gaizkileekin negoziatzen haiei herrialde bat oparitzeko». Euskal Herriarekin alderaketa egitera ausartu da ere: «FARCekin egin zuten akordio bat ez zenuketen ETArekin negoziatuko».

Baiezkoaren aldeko tristeziarekin alderatuta, Zentro Demokratikoaren egoitzan kanpainan islatu ez duten alaitasuna nabari zen. Musika, oihuak, dantza, txantxak, algarak… «Oso estu joan da lehia, baina aurretik jarri garenean banekien irabazi egingo genuela», adierazi du Josek, alderdiko militanteak. FARCekin berriro negoziatuko dutela uste du, «baldintza hobeekin lortzeko bakea».

Zentro Demokratikoaren egoitzaren aurrean hainbat ekintzaile bildu dira. «Emaitza oso estua izan da. Ez da garaipen garbi bat. Haiek erdiak dira, beste erdiak bai esan du». Ekintzaileek ez dute izenik eman nahi izan. «Pertsona asko desagerrarazi dituzte herrialde honetan». Ekintzaileen arabera, ezezkoak ez du proiektu bat defendatzen, pertsona baten jarraitzaileak besterik ez direlako.

Alvaro Uribek Antioquiatik jarraitu du plebiszito gaua. Medellinen jaioa da politikaria, eta alkate eta departamenduko gobernadorea izandakoa da. Kanpainako tonu erasokorra alde batera utzi du, eta «bakea nahi dutenen» batasunaren alde egin du. Santos gaueko galtzaile nagusia izan den bezala —onarpen maila baxua du dagoeneko presidenteak, Uribe izan da onuraduna, haren posizio politikoa indartu baita. Egin du dagoeneko hainbat puntu moldatzeko proposamena: «Konstituzioa urratuko ez duen justizia behar dugu, zigorgabetasunik gabekoa».

Hain zuzen ere, justiziaren arloa izan da ezezkoaren aldekoak aztoratu dituen puntu bat. Guillermo Zartos herritarrak argitu du bozkalekutik ateratzean: «Bakea nahi dut, baina ez prezio horretan. [FARCeko gerrillariek] Ez dute ezer ordainduko».

Biktima askok, ordea, ez dute berdin pentsatzen. «Ez dugu nahi guk sufritu duguna inork sufritzea». Aida Vellejo Union Patrioticako presidentea da. 1996an bazooka batekin eraso zioten haren autoari. Ordutik beste atentatuak ere sufritu ditu. «Zintzilik geratu da herrialdea, amildegiaren ertzean. Penagarria da Kolonbian gezurrek eta desinformazioak horrenbeste oihartzun izatea». Elizaren jokabidea gaitzetsi du ezkerreko politikariak. Frantzisko I.a Eliza katolikoko buruzagiak galdeketaren atarian baiezkoaren alde egin arren, herrialdeko Elizaren buruzagitzak ez du jarrera argirik hartu: «Nahiago dute gerra». Biktimen aurkako erasotzat hartu du plebiszitoaren emaitza. «Sektore guztietako biktimek bakerako deia egin zuten. Herrialdea arriskuan dago berriz ere». Betsyk ez du dena galduta ikusten. «Oso estua izan da lehia. Egongo da zerbait egiterik». Bolivar plazan garaipena osapatzeko asmoa zuen, baina ia hutsik egon arren ez du etxera joan nahi: «FARCi herrialdea oparituko geniela? Multinazionalak dagoeneko dira herrialdearen jabe».

Polarizazioa

Kolonbiarren polarizazioa erakusteaz gainera, herritarren arteko elkartasun eza ere islatzen dute emaitzek. Gatazka zuzenean sufritu duten lurraldeetan baiezkoaren aldeko botoa nagusitu da. Bojayan %95eko babesa izan du baiezkoak -2002an FARCek botatako bonba batek eliza bat jo zuen, eta bertan babestu ziren dozenaka pertsona hil zituen-; San Vicente de Caguanen %62 jaso du baiezkoak; eta Toribion, %85.

Banaketa argia da mapan; barnealdeko departamenduetan ezezkoak irabazi du, eta, periferikoetan, baiezkoak. Bogotan 300.000 baiezko boto gehiago izan dira. Beste hiri handietan,berriz, ezezkoak irabazi du: Medellinen 180.000 botoen aldeagatik, eta Calin 50.000rengatik.

Habanako akordioak izan ditzakeen gabeziak gorabehera, egin diren bake itun osoenetarikoa da. Genero ikuspegi integrala, lurren funts baten sorrera, parte hartze politikoa, preso politikoak… Herrialdeko gerrilla handienarekin bakea adosteaz gain, herrialdea demokratizatzeko oinarri batzuk jartzen zituen. Eta estatuari bere buruhauste ugarietan jarduteko lasaitasuna ematen zion. Baina abstentzio tasa oso altua medio, tarte oso txikiagatik kolonbiarrei ihes egin die gerraren amaierak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.