Nekazaritza. Via Campesina

Janariaren negozioa «eskubide izatea» exijitu du Via Campesinak

70 herrialdetako 450 nekazari elkartetako ehunka kide elkartu dira Derion, elikadura burujabetza aldarrikatzeko. Gobernuei eskatu diete ez jarraitzeko multinazionalei «alfonbra gorria jartzen»

Mundu zabaleko nekazari elkarte askotatik iritsitako laborariak, Bilboko manifestazioan, igandean. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Peru Azpillaga Diez.
Derio
2017ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
«Europan, nekazari ustiategi bat desagertzen da hiru minutuan behin. Populazioaren gehiengoa nekazaria zen lehen, eta soilik %3 dira nekazari orain». Hala dio Andoni Garcia Bizkaiko EHNEko kideak (Karrantza, 1962). Mundu zabaletik Deriora iritsitako nekazariekin batera, arazo eta erronka komunak identifikatzen eta etorkizuneko estrategiak finkatzen aritu da egunotan, Via Campesinaren VII. konferentzian. Lau urtez behin egiten den nazioarteko topagune horretan politika publikoen eta merkatuaren arteko harremanak aztertu dituzte, beste hainbat gairen artean. Bizkaiko eta Nafarroako hainbat ustiapenetara egindako bisitekin amaitu zen, atzo, biltzarra.

Merkataritza askeko hitzarmenak laborarien nekazaritza suntsitzen ari direla uste du EHNEko kideak. «Nekazaritza politikak, merkataritza askeko hitzarmenetan oinarrituta, erregularizaziorik eza bultzatu, eta nekazaritza eredu industriala sustatzen ari dira». Europako erakundeek hauspotutako merkatuaren erregularizaziorik ezak enpresen espekulazioari egiten dio mesede, haren arabera. «Haiek espekulatzea dute helburu, ez ekoiztea». Horren ondorioz, laborariz osatutako nekazaritza desagertzen ari da. Egun, 8.000 milioi pertsonak dituzte zailtasunak elikagaiak eskuratzeko. «Elikadura, eskubide bat izan ordez, negozio bat da orain».

Liliana Castro Piza UNORCA sindikatuko kideak (Guerrero, Mexiko, 1982) Mexikoko egoera zein den azaldu du; EHNEko kidearekin bat dator hainbat aldagaitan. Mexikoko nekazariek presentzia handiagoa dute han, baina haien egoera ez da oso ona. «Gobernuak ez du nahi lurra laborarien esku egotea, eta esaten du bizitza duinago bat eskaintzen digula horrela; baina ba al dago lurra gure eskuekin lantzea, gure indarrarekin eta guk sortutakoaz bizitzea baino gauza duinagorik?», galdetu du Castrok.

Erosi versus ekoitzi

Oro har, gobernuen politika da erostea ekoiztea baino hobea dela, eta horretara zuzentzen dituzte ahaleginak. Sistema kapitalistaren barruan egiten ari diren hitzarmen komertzialek «kalte baino ez» diete egiten laborariei: «Pobrezia, berdintasunik eza, baliabide naturalen ustiapen basatia eta lurraren kutsadura dakartzate». Gainera, itun horiek nekazarien eskubideak urratu eta, aldi berean, korporazio handien garapenari ateak irekitzen dizkiote, Via Campesinan parte hartu duen eragile mexikarraren ustez. «Politika horiekin hazi hobetuak erabiltzera bultzatzen gaituzte, eta gure betiko haziak, hainbat urteren poderioz era naturalean garatutakoak, desagertzen ari dira». Egun, arto asko, Mexikoko elikaduran funtsezkoa dena, AEBetatik ekartzen dute. Betidanik landatu izan dute Mexikon, eta herrialdearen beharrizanei erantzuten zien, baina orain %40 inguru AEBetatik ekartzen dute. «Negozioa egiten dute gurekin, mendeko bihurtu gaituzte».

Arazo komun horiei aurre egiteko erabaki dute munduko nekazari asko Via Campesinako kide izatea. Bakoitzak bere herrialdetik, tokian tokiko erronkei erantzunez, baina osotasun bat direla kontuan hartuta, desberdinak izan arren, arazo eta erronka asko partekatzen dituztelako. «Politika horien aurka gaude, eta horrek egiten gaitu Via Campesinako kide», dio Castro Piza mexikarrak. «Munduarentzako proposamenak egiten ditugu, laborarien ekoizpena defendatu, eta elikadura burujabetza sustatu. Guk, kapitalak ez bezala, gizakiek eta planetak bizirik rautea nahi dugu».

EHNEko kide Garciak ere erakundearen garrantzia nabarmendu du, nekazaritzaren egoera aztertu eta arazoak zeintzuk diren identifikatu ostean guztiontzat «antzekoak» direla ikusi baitute: «Munduko Merkataritza Antolakundeak sustatzen dituen politika neoliberal eta transozeanikoak dira baserritarroi kalte egiten digutenak. Egungo nekazaritza negoziora bideratuta dago hori dena, ez pertsonei».

Baina, aurre egiteaz gain, Via Campesinak bere alternatiba propioa garatzea du helburu; elikadura burujabetza eta agroekologia dira VII. kongresuan behin eta berriro aipatu diren kontzeptu nagusiak. Eragileen ustez, ezinbestekoa da elikadura behar moduan ikusaraztea, eta ez negozio modura. Horretarako, hiru erronka nagusi dituzte: «politika neoliberalei aurre egitea, elikaduraren industria bukatzea, eta iraunkortasunean oinarritutako beste nekazaritza eta abeltzaintza eredu bat garatzea». Alta, hori lortzeko eta beste nekazaritza eredu bat garatzeko, hainbat korapilo askatu behar dituzte lehenik, eta hori ez da lan makala. Batetik, gizartea kontzientziatu eta elikadura osasuntsu baten eskubidea aldarrikatu nahi dute. Bestetik, politika publikoak beste elikadura eredu bat sustatzera bideraraztea; «izan ere, politika horiek dira egungo elikadura industrialari eusten diotenak», Garciaren hitzetan; enpresa eta inbertitzaile handiei «alfonbra gorria» zabaltzen die, eta laborariak horien «esklabo izatera kondenatzen dituzte».

Agroekologiaren eredua

Agroekologiaren indarra eta potentziala sarritan probatu dela diote Via Campesinako kideek. FAOren datuetan oinarrituta, Garciak esplikatu du laborarien ekonomiak enpresa eta multinazional handiek baino «ekonomia erreal gehiago» sortzen duela. Baserritar batek sortzen duen ekonomia guztia aztertuta, hots, bere onurarako zein bere ingururako sortutakoa, inbertsio handiek sortzen dutena baino askoz handiagoa dela azpimarratu du EHNEko kideak. Eredu intentsibo horiekin oso onuragarria den ekonomia bat suntsitzen da, sortzen dena baino aberatsagoa eta iraunkorragoa. «Galtzen den nekazari eta abeltzain kopurua sortzen dena baino mila aldiz handiagoa da. Era jarraian aberastasun gehien sortzen duen ekonomia da baserritarrena», dio Garciak. Halaber, agroekologiak planteatzen diren erronkei erantzuten diela uste du Castro Piza mintzaideak; «inguruneak, naturak, elikadura osasuntsuak, energiak... askatasuna ematen digute, eta elikadura on bat izateko eskubidea bermatu».

Merkatuak arautu

Elikadura burujabetza lortzeko, ezinbestekoa da politika publikoen babesa izatea; hori oso argi daukate Via Campesinan. Erronka bikoitza da nekazari mugimenduarentzat, «egungo politika neoliberalei» aurre egiteaz gain, beste politika mota baten aldarrikapena egin behar dutelako, «sozialagoa». «Merkatuak arautu egin behar ditugu elikadura burujabetza lortu ahal izateko», dio Garciak. Agroekologia martxan jartzeko, politika publikoek hura sustatu behar dute, eta, aldi berean, nekazaritza industriala geldiarazi. «Elikadura ezin da merkataritza askeko hitzarmenen barruan egon». Pertsona orok elikadura osasuntsu bat izateko eskubidea daukala uste dute nekazari biek, eta, horretarako, administrazioek, udaletatik hasita, tokiko nekazaritza bultza dezakete; esaterako, elikagaien erosketa publikoaren bidez.

Elikagaien eta gaixotasunen artean dagoen lotura ikertu ostean, harreman zuzena dagoela diote Via Campesinako kideek. Europako herrialde askotan umeen portzentaje handi batek obesitatearekin arazoak dituela gogoratu dute. «Gero eta elikagai prozesatu gehiago kontsumitzen dira, eta krisiak joera hori areagotu du». EHNEko kide Garciaren ustez, erakunde sozialak, sindikatuak eta mugimenduak batu egin behar dira nekazaritza sozialaren bidezko elikadura osasuntsuaren eskarira. «Bermatu egin behar da elikagaien produkzio sostengarria eta, aldi berean, langileriak janari horiek erosteko ahalmena izatea. Elikadura eskubide bat da, eta politika publikoen bidez bermatu behar da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.