Teresa. Anorexiadun ohi baten ama

«Beldurra baino pizgarri indartsuago bat behar da»

«Beldurra» hizpide du Teresak, alabak anorexia izan zuen garaia oroitzean. Ez zen izan ibilbide samurra familiarentzat; baina denek bat eginda, iraganean uztea lortu dute.

Nerea Ibarzabal
Bilbo
2014ko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Gurasoen egiteko garrantzitsuaz bezain gogorraz mintzo da Teresa [ez du bere izen osoa eman nahi izan]. Anorexiaren «mamua» alabaren gorputzean hazten eta berriro lurruntzen ikusi duen emakume bat da, eta «zortedun» sentitzen da gainditzea lortu zutelako. Atzera begira geratu beharrean, unean-unean bizitzen eta besteen lekuan ipintzen ikasi duela dio.

Zer sentitu zenuten zuen alaba gaixorik zegoela ohartu zinetenean?

Beldurra eta urduritasuna. Erruduntasun apur bat ere bai, baina hori baztertu egin behar da; tristura areagotzeko besterik ez du balio.

Nola eragin zuen alabaren gaixotasunak zuen arteko harremanean?

Indartu egin zuen. Etxean oso batuta geunden, baina ordu hartan konturatu ginen benetan hala zela. Familiako bakoitzak bere era dauka afektua adierazteko, eta modu denak dira onak. Nire egia ez zela bakarra ikasi nuen.

Zein modutan lagundu zenioten?

Maite genuela erakutsiz, eta pazientzia handiarekin. Otorduetan errespetuz tratatzen genuen, indarrez ez baita ezer ere lortzen. Bera jabetu zedin nahi genuen, bizitzeko jan egin behar dela uler zezan.

Medikuen tratua lagungarria iruditu al zitzaizun?

Bai. Adibidez, nire senarra apur bat gainditu egin zuen egoerak, eta medikuek gaixotasuna ondo azaltzea oso garrantzitsua izan zen. Nahi edo nahi ez, ama eta aita ezberdinak gara. Ama batek, beharbada, ulertzeko erraztasun handiagoa izango du.

Nola gainditu zuen nahasmendua zuen alabak? Zein ibilbide klaseri jarraitu zenioten horretarako?

Akordio bat lortu genuen; ikasketak estimulu zituen, eta horretarako pisu jakin batera iritsi behar zuen. Handik jaitsiz gero, berriro ospitaleratuko zuten. Hori da nire ustez gakoa, beldurra baino pizgarri indartsuago bat bilatzea, aurrera bultzatuko zaituena.

Zein uste duzu dela gaixotasun horren kausa?

Onarpen faltak eragin handia du, baina gizarteak ere badu zerikusia horretan; nerabezaroan daudenentzat, batez ere. Gaur egun, asko indartzen da irudia, eta huts izugarria iruditzen zait hori. Denok argal egon nahi dugu, osasuntsua dela esaten digutelako... Baina noraino da osasuntsua?

Inguruko jendeak ulertzen duen gaixotasun mota bat dela iruditzen al zaizu?

Askok esaten dute «neska txolin batzuen apeta» dela, baina hori dioenak ez daki ezer ere. Horrek min izugarria egiten dit. Gainera, hipokrisia eta lotsa handia dago gaixotasun horren inguruan; gaixo dagoenari nabaritu egiten zaio, baina jende asko dago amildegiaren ertzean, kanpotik igartzen ez den arren. Agian ez dira argalegi egongo, baina buru aldetik ez daude hain osasuntsu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.