martxelo otamendi
Atentatua Bartzelonan. ANALISIA

Bartzelona erasoen jomugan

2017ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Erresuma Batua, Frantzia, Belgika, Alemania... espero zitekeen, zoritxarrez, Espainiako Estaturaino iristea eraso jihadisten olatua, eta iritsi da. Kataluniako bihotzean jo du orain, Bartzelonan, Europan turista gehien biltzen dituen guneetako batean, Rambletan, gutxienez hamahiru hildako eta 100 zauritu eraginda.

Dena zuzenean trasmititzen den garaiotan, gertatu eta berehala ikusi genuen erasoaren tamaina handia azaltzen ziguten irudiak.

Bi eratako atentatu jihadistak ezagutu ditugu azken urteotan Europan: Siriako eta Irakeko gerretan trebatutako zeluletako kideek egindako atentatuak, eta inspirazio jihadistako norbanakoek egindakoak. Aurrenekoek talde egituratua osatzen dute, trebatuta daude armen erabileran, eta denbora hartzen dute erasoak egiteko, beti biktima ugari bilatuz. Bigarrenak, otso bakartiak deritzotenak, inspirazio jihadistako ekintzaileak dira, egituratu gabeak eta labana bezalako tresna arrunten bidez eraso egiten dutenak.

Aurrenekoak, egituratuta egon arren, errazagoak dira aurrez atxilotzen, arrasto luzea edukita Poliziak monitorizatuta dauzkalako, eta Siriara eta Irakera egindako bidaien kontrola uzten dutelako. Hala ere, prebentzio arazo larriak eta polizien arteko koordinazio txarrak oso ondo baliatu dituzte iragan hurbilean jihadista antolatuek Parisen eta Bruselan atentatu lazgarriak egiteko.

Bigarrengoen asmoa aurreikustea askoz ere zailagoa da polizientzat, ez daudelako inteligentzia zerbitzuen zerrendetan oso arriskutsuen atalean. Oso oinarrizko erasoak egiten dituzte, eta azken erasoen jomuga kalean patruilatzen dabiltzan poliziak izan ohi dira; herritarrak babesteko kalera arteratako poliziak, hain zuzen.

Europan jasandako azken atentatuak jihadista ez egituratuek egin dituzte, labana bezalako tresna arruntak erabakita. Atzo Bartzelonan egindako atentatu lazgarriak aurreneko belaunaldikoa ematen du, nahiz hildakoak eragiteko furgoneta erabili.

2001eko irailaren 11ko AEBetako atentatuek abiatu zuten gerra egiteko modu berria, ordura arte pentsaezina zen metodologiarekin egin batzituzten. Atzoko atentatua eskola bereko beste bat da. Estatuetako arduradunek milaka soldadu dauzkate, eskema zaharrak buruan, koarteletan zer suma. Ezer egiten ez duten soldadu horien aurrekontua inteligentzian inbertituko balute, eraginkorragoak izango lirateke polizien informazio zerbitzuak, eta askoz aukera handiagoa edukiko lukete atentatuak eragozteko. Estatuek eskema zaharrarekin segitzen dute, jihadistek ez.

Atzoko atentatua Kataluniako egutegi politikoa oso beroa dagoen garaian etorri da, eta ikuskizun da agendan edukiko duen eragina. Independentziazaleek erabakita daukate egutegia: irailaren 11n Diada, eta urriaren 1ean erreferenduma. Bitartean, kanpaina.

Onartezina litzateke Espainiako Gobernuak atzoko atentatua erabiltzea erreferenduma gelditu edo argudioz oztopatzeko. Halako «utzi garrantzirik gabeko kontu ganorabako horiek, eta hel diezaiogun, seriotasunez, benetan herritarrak kezkatzen dituen gaiari» moduko bat. Joku zikina litzateke independetziazaletasuna bihotz gabe izatea leporatzea, berekoia eta arduragabea.

Eduki gogoan zer esan zuten Espainiako Gobernuak eta oposizioko alderdi nagusiek 2004ko martxoaren 11n Madrilgo atentatuek 190 hildako inguru utzi zituztenean. Jihadisten asmoa eguneroko bizitza hankazgoratzea zela, eta agendarekin segitzea zela aurre egiteko biderik sendoena. Hilaren 14an hauteskundeak egin zituzten. Irizpide horrek balio beharko luke orain Katalunian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.