20. Korrika. NIRE LEKUKOA

Lehenengo Korrika eta aurreko gertakizunak

Julen Kalzada, Korrikaren lekukoa eskuan, lehenbiziko Korrikaren amaieran.
Julen Kalzada, Korrikaren lekukoa eskuan, lehenbiziko Korrikaren amaieran. AEK

Julen Kalzada - AEK-ko arduradun ohia

2017ko martxoak 31
Korrika ekintzaren sorrera ulertzeko uste dut komeni dela aurreko urteetako gorabeherak ezagutzea, Korrika ez baitzen izan garai hartan AEK jasaten ari zen problematikari erantzuteko ahalegin bat baino.

Francoren garaian euskarak atzerakada handia eta erdarak aurrerakada izugarria eman zituzten, Euskal Herri ia osoa Erdal Herri bihurtzeraino. Hala ere, «25 años de paz, sin justicia y libertad» iragan ondoren eta Vatikano II.a burutu zenean (Elizak bere harremanak Herriko hizkuntzan egitea erabaki zuen) euskara gero eta indar gehiago hartuz joan zen. Herri Gaztedi, Elizaren babespeko gazteen erakundea, batzarrak euskaraz soilik egiten zituena, indartsu zetorren, garai hartan batzar gehienak erdaraz egiten baitziren. Herri Gaztediko batzarretan euskaraz egin behar zenez, alfabetatu beharra zegoen. Urte haietan egin zion Rikardo Arregik Alfabetatzea babesteko eskaria Euskaltzaindiari, eta fotokopia euskaltzain jakin batzuei behintzat bidali zien batzarrean tratatzen zenean baietza emateko eskatuz. Fotokopia horietako bat, Jose Mari Satrustegiri bidalitakoa, izango zen Korrikan desadostasunak sortu zituen elementuetariko bat. Urte haietan (68an) Euskaltzaindiak Euskara Batua onartu zuen, eta horrek berralfabetatu beharra ekarri zuen. Sasoi hartan sortu zen erdaldun askoren artean euskalduntzeko kontzientzia eta gogoa ere, eta eskaria gehituz zihoanez, irakasleak prestatu behar ziren. Horren ardura ere AEK-k hartu zuen, eta talde didaktikoa sortu zuen. Arrasateko bileran, ordea, Euskaltzaindikoek esandakoak entzunda (bere babespeko eskoletan «euskara txoil-txoilik» irakatsi behar zela) gau-eskola askok Euskaltzaindiaren babesetik alde egin zuen, euskararen irakaskuntza autonomoa izan behar zelako. Bazegoen, halaber, beste jende bat esaten zuena AEK egiten ari zen lana eta zeraman jokabidea «pequeños burgueses»-ena zela. Baina AEK kontziente zen giza eskubideen alde ari zela. Urte batzuk iragan ziren Iparraldeko UEUn bildu zen talde batek herrietako gau-eskolak elkartzea erabaki zuen arte.

AEK 70eko hamarkadan sortu zen. Franco hil eta lehenengo bozketetan Ramon Rubial atera zen garaile, eta AEK-k laguntza polita hartu zuen hala Gobernutik eta beste erakunde publikoetatik: diru-laguntzak gehi euskararik ez zekiten irakaskuntzako irakasleen prestaketa... Baina EAJ nagusitu zenean diru-iturriak agortuz zihoazkion, batzuek eta besteek emandako laguntzak urrituz joan baitziren. AEK-k, ikusita elkarrizketaren bidetik ez zuela ezer lortzen, protestari ekin zion: Lakua aurrean bilketak, HABEn eta Legebiltzarrean itxialdiak... Bide horretatik ere ezer ez zuen lortzen; alderantziz, era ezberdinetako oztopoak jartzen zitzaizkion. Udalen bidea ere zarratu zitzaion, eta beste bide batzuk lantzea erabaki zuen, eta herriarengana jotzea erabaki zuen.

Zer egin? AEKren biltzarra hasi zen aztertzen zein ziren arazo nagusiak, eta erabaki zuen: 1) AEK-k diru premia handia zuela; beraz, bideak aurkitu behar zirela. 2) Euskararen irakaskuntza Euskal Herri osora hedatu behar zela euskaldunek ez zutelako izan euskaraz alfabetatzeko ez euskara ikasteko aukerarik. Horiek alfabetatzeko edo euskalduntzeko eskubidea zutela eta eskubide hori eman behar zitzaiela ikasi nahi zutenei. 3) Euskal Herria benetako Euskal Herri bihurtzeak eta Erdal Herri bihurtzeari mugak jartzeak presa handia zuela.

Nola lortu? Publizisten bi talderekin harremanetan jarri ginen: bata, Euskaltzaindiak duela gutxi euskararen alde egindako kanpaina prestatu zuena, eta bestea, Bilboko Txomin Barullo inguruko talde publizista. Bi taldeei azaldu genien zer nahi genuen eta zein ziren AEKren helburuak kanpaina hartan. Proposatu ziguten errelebo-lasterketa bat izan zitekeela egokia.

Lasterketa Euskal Herri osoko itzulia izango litzateke; horrela Euskal Herri osoa alfabetatu eta euskaldundu beharra zegoela adieraz daiteke. Erreleboa kilometroka egingo litzateke; beraz, kilometroa egiten duen korrikalariak zerbait ordaindu beharko du (berak edo bere taldeak), beraz, diru pixka bat ateratzeko egokia. Arineketan egiten zenez, jendea alfabetatzeko eta euskalduntzeko presa zegoela eta erdalduntzeari galga jarri behar zitzaiola adieraz zezakeen. Errelebo-lasterketari Korrika deitzea onartu zuen AEK-ko biltzarrak.

Euskaltzaindiaren kanpaina prestatu zuen taldea lekukoarekin arduratu zen, eta Mendibururi eskatu zion egiteko. Barrua hutsik zeukan lekukoa egin zuen. Talde honek jakinarazi zigun kanpaina hartako txoritxoak arrakasta handia izan zuela eta ea zergatik ez genion Euskaltzaindiari eskatzen Korrikan erabiltzeko baimena. Villasanterengana joan ginen Urtsa Errasti eta biok, baina debekatu egin zigun txoria erabiltzea. Mezuari dagokionez, luzaroan aritu ginen asmatzen lekukoan zein mezu sartu. Nafarroako arduradunak (Lurdes Mendinueta) esan zigun Jose Mari Satrustegiri azaldu ziola AEKren asmoa eta Satrustegik esan ziola Rikardo Arregik alfabetatze-lana babesteko eskatuz Euskaltzaindira bidalitako gutuna izan zitekeela mezua, eta kopia bat zeukala Rikardok berak bidalita. Beraz, Villasanterengana jo beharrik ez genuen izan gutuna lortzeko.

Euskal Herri osoko AEK-koen eta iritzi guztietako herritar askoren laguntzaz prestatu zen kanpaina, bilatu ziren korrikalariak, eta Korrika Oñatin —Euskal Herriko lehenengo Unibertsitatea egon zen herrian— hastea eta Bilbon amaitzea erabaki zen. Hasi aurretik, aurkezpenak egin ziren hainbat tokitan. Horietako bat Bilbon, nora EGIko burua zen Urkullu gaztea eta ELAko ordezkaria zen Uzturre ere etorri ziren. Zarautzen, Argiñanok prestatutako bazkarian aurkeztu zitzaien kazetariei. Amaiera lehenengo Arregiren mezua eta gero AEK-ko batzordeak prestatutako idazkia irakurrita eman nahi zitzaion.

Heldu zen Korrika hasteko eguna, eta Euskal Herri osoa elurrez zuriz jantzita agertu zen. Arduradunak eta hasiera emango zion korrikalaria (Oñatiko alkatea) han zeuden prest. Satrustegi ere hasi aurretik heldu zen, baina ez zekarren mezurik. Donostiara bidali zuen txukuntzera, eta ez zen heldu. Beraz, hasiera mezua lekukoan sartu gabe eman zitzaion Korrikari. Urdiainera heltzen zenean mezua sartzeko geratu ginen, eta Urdiainera heldu zenean han zegoen Satrustegi zain. Korrika pitin batean geratu zen, Satrustegik mezua sartu zuen lekukoan, argazkiak atera zitzaizkion, eta han joan zen Korrika aurrera korrika.

Urdiainera heldu aurretik Iparraldea eta Nafarroa egin zituen. Iparraldean AEK hasi berri zegoen, eta, lan izugarria egin zuten arren, Zuberoa eta Baxenabarre bitarteko mendi inguruko eta elurrez jantzitako kilometro gutxi batzuk saldu gabe geratu ziren. Busturialdetik talde bat joanda bete ziren kilometroak.

Urdiainen sartu zen mezua, baina Korrika Bilbora heldu eta lekukoa zabaldu genuenean ez zekarren mezurik. Han geundenok urduri jarri ginen, baina lasai itxura hartu eta ezer gertatu ez balitz bezala eman genion bukaera AEK-ko batzordeak prestatutako idazkia irakurrita. Lehenengo Korrikak arrakasta izugarria izan zuen. Komunikabideek AEKri ezarri zioten lekukoa hutsik etortzearen errua, eta zenbait erakundek AEKren amarrua izan zela saldu zuten, prestatuta zeukala eta. Hain eragin handia izan zuen ezen hurrengo Korriketan erakunde publikoei laguntza eskatzen zitzaienean, gehienek berdin erantzun baitziguten: Eusko Gobernuak eta EAJko buruek jakinarazi diotela Korrikari diru-laguntzarik ez ematea, AEK-k Gobernuarekin daraman jokabideagatik.

Baina, hala ere, Korrika hogeigarrenera heldu da, gero eta indartsuago eta praktikan mundu osoan ezaguna eta hainbat tokitan imitatua gainera.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna