2010 eta 2011n atxilotutako 15 lagun auzipetu ditu Auzitegi Nazionalak

Hodei Iruretagoiena.
2014ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Nazionalak auzipetze autoak bidali dizkie 2010eko irailean eta 2011ko urtarrilean atxilotutako hamabost herritarri. Lehenengo sarekadan, Egoitz Garmendia, Aniaiz Ariznabarreta, Erika Bilbao, Eneko Compains, Ugaitz Elizaran, Urko Asier Aierbe, Sandra Barrenetxea, Jose Aldasoro eta Rosa Iriarte atxilotu zituzten; eta bigarrenean, Gorka Zabala, Iker Moreno, Iñigo Gonzalez, Patxi Arratibel eta Gorka Mayo, beste bostekin batera. Fernando Grande Marlaska epaileak agindu zituen operazioak, eta Javier Gomez Bermudezek abiatu du orain instrukzioa. Orduan, Ekinekin lotu zituzten atxilotuak, eta «erakunde terroristako kide» izatea leporatzen diete.

Sarekaden ondoren, torturatu egin zituztela salatu zuten; Arratibelek, esaterako, aztnugal idatzi zuen polizia deklarazio sinatzean —laguntza, alderantziz—, inkomunikazio aldiko egoeraz ohartarazteko. Espetxeratu egin zituzten ondoren. Orain, salatu dute «faltsua» eta «zentzurik gabea» dela prozedura: «Tortura saio luzeetan oinarritutako polizia salaketei bide eman zaie berriz Espainiako Auzitegi Nazionalean. Modu honetan, gutxieneko berme juridiko zein demokratikorik izango ez duen epaiketa baten bidean jarri gaituzte».

«Politika ez da delitu»

Auzitegi hori ez dutela zilegitzat jotzen nabarmendu dute auzipetuek, ohar bidez:«Eskubideak urratzea eta salbuespen egoerak mantentzea du oinarri». Horregatik, gaineratu dute «epaiketa politikoak» bukatzeko garaia dela, eta nabarmendu dute «konponbide demokratikoaren alde» egingo dutela aurreantzean ere:«Euskal herritarron borondatea ezin da errepresioarekin kamustu».

Bide horretan, «apaltasun osoz, Euskal Herriaren eskubideen alde lanean jarraitzera» deitu dituzte herritar eta eragileak, irailaren 22tik aurrera epaituko dituzten 28 gazteei elkartasuna adieraztearekin batera. «Etorkizuna dugu jokoan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.