«Eskolari lotutako kateak» askatzera deitu du Baztarrikak

Maite Asensio Lozano.
Donostia
2014ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Fokua haurrengan eta gazteengan jarriko du Eusko Jaurlaritzak. Euskara sustatzeko diru laguntzak banatzean bi talde horiei zuzendutako jarduerak lehenetsiko ditu. «Hor dago euskaldunen proportziorik handiena», esan du Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak. Eta eskolaz harago joan beharra nabarmendu du: «Euskarak eskoletako lau hormen artean duen gotorleku gozoari eustea beharrezkoa da, baina ez da nahikoa. Euskara bakarrik eskolari lotzen dion katea hautsi behar dugu».

Euskararen erabilera «areagotzen jarraitzea eta sendotzea» da diru laguntzen helburu nagusia. Hain justu, erabileraren garrantzia azpimarratu du Baztarrikak, eta esparru ez-formaletan indartzearen alde agertu da: «Eskolan ez ezik, eskolaz kanpoko jardueretan ere erabiltzea da euskara hizkuntza bizia izateko gakoa. Gero eta gehiago eta ohikotasunez erabiltzen den hizkuntza izatean dago gakoa».

Baikortasun eske

Halaber, eragileak baikortasunez mintzatzera adoretu ditu. «Euskararen erabilerari buruz diskurtso ezkorrak entzuten ditugu sarriegi, etsipenak jotako mezuak. Ez gatoz bat». Euskararen aldeko lanak jarrera baikorra behar duela erantsi du, ezkortasuna «paralizatzailea» delakoan. Izan ere, sailburuak ez du uste erabilerak goia jo duenik: «Konbentziturik gaude erabilera handiagoa egin dezakegula, erabiltzaile hobeak eta leialagoak izan gaitezkeela».

Hartara, hizkuntza erabiltzeko aukerak baliatzera deitu du. «Erabileraren protagonistak herritarrak gara. Denok dugu euskara bihotzean; ezpainetara eraman beharko genuke». Ildo horri jarraiki aplikatuko du Jaurlaritzak eraginkortasunaren printzipioa laguntzak banatzean: «Denok ditugun baliabideei ahalik eta etekin handiena ateratzera behartuta gaude».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.