Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala. Aitor Mendiluze. Txapeldunordea

«Denek jarri dute, nork beretik, geure onena eman genezan»

Bertsotan «txukun» eta «maila onean» aritu den sentsazio gozoarekin amaitu du txapelketa. Esker oneko hitzak baino ez ditu izan publikoarentzat eta antolatzaileentzat.
ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS

Gurutze Izagirre Intxauspe -

2017ko abenduak 19
Biharamunean ere ez du galdu bertsotan erantzuteko duen azkartasuna eta argitasuna. Aitor Mendiluze (Andoain, Gipuzkoa, 1975) gogobeteta, gustura dago finalean egindako lanarekin.

Buruz burukorako zure izena esan zutenean, espero al zenuen?

Ez eta bai. Sentsazioa neukan ez nintzela gaizki ari, baina beste batzuk ere ondo ari ziren. Maialenena bai, garbiago neukan. Maialenen izena esan zutenean, alfabetoaren arabera esan zutenez... pentsatu nuen Sarriegi edo ni. Eta halaxe etorri zen.

Publikoarekin konektatu duzu. Mimatuta sentitu zarela ere esan duzu.

Bai, baina ez publikoaren aldetik bakarrik. Antolakuntzak ere oso ondo zaindu gaitu. Detaile guztiak gero eta hobeto zaintzen dira txapelketa osoan zehar. Oso eskertuta nago. Inoizko errespetu handiena erakutsi digu entzuleak. Jendea oso goxo, baina, era berean, errespetuz egon da, bere lekuan.

Zertan gauzatzen da mimo hori?

Detaile asko dira: esate baterako, kartzeleroak txapelketa osoan berberak izan dira; zer esan nahi du horrek? Harreman berezi bat sortzen da, eta haien kokapena perfektua izan da. Ez gertuegi, ez urrunegi ere, oso distantzia onean. Denek jarri dute, nork beretik, guk geure onena eman genezan.

Gorantz egin duzu txapelketetan. 4. eta 3. postuetan ibilia zara, eta txapeletik gertuen azken honetan egon zara.

Gertuago bezala, urrutiago. Txapelketa honetan bigarren izan naiz, baina izan nintekeen bosgarren. Uste dut txukun aritu naizela, maila onean. Txapelarenak ez nau kezkatzen. Etorri behar badu egunen batean, etorriko da, eta ongi etorria izango da.

Zertan iruditzen zaizu daukazula hobetzea?

Txapelketa prestatzea oso konplikatua da. Gauza asko daude lantzeko. Beharbada lan batzuk falta izan zaizkit, koadernoko lan pixka bat edo. Aukeraketa bat egin dut, eta honaino iritsi naiz. Ez dakit hurrengo batean aukeraketa hori eginda urrutirago iritsiko naizen.

Koadernoko lanaz aritzean, zer esan nahi duzu?

Beharbada teknifikazioa, errima jakin batzuk lantzea. Denbora bat eskaintzen badiozu, bertso bat egiteko orduan balio dizute hobeto josteko bertso bat. Baina, era berean, horretan zentratzen bazara, freskotasuna gal dezakezu, edo gaiari heltzeko modua.

Gaiak zer iruditu zitzaizkizun?

Orokorrean konforme nago. Egia da bat edo beste konplikatua zela, goizeko bakarkakoa [Atetik sartu zarenean, isildu egin dira denak] konplikatua zen; eskeletoena ere konplikatua egin zitzaidan. Nire papera ez zen erraza, poliziarena.

Igor Elortzak eta Aitor Sarriegik azken txapelketa izan zuten. Nola ikusten duzu zeure burua?

Ez daukat txapelketara joateko motiborik, baina ez joateko ere ez. Uste dut txapelketari ezezkoa ematea hausnarketa pertsonal baten ondorioa dela, eta Igorrek eta Aitorrek oso argi daukate. Badakit bertsolari gehiagoren burutik ere pasatu dela hori, baina ez dakit momentua iristean zer erabakiko duten. Datorrenean erabakiko dugu.

Juanjo Uriaren aipamena egin zenuen agurrean. Haren eskolako hiru zineten finalean.

Uste dut bazela modu bat eta momentu bat eskertzeko Juanjo Uria guztiak, motorra martxan jarri dutenak eta bultzatu dutenak sekula eskerrik eskatu gabe, isilpeko lanarekin. Uste dut hori dena Juanjorengan gorpuzten dela; gu han egotea bada Juanjoren lanaren ondorio bat.

Erronka nagusiak non ikusten dituzu aurrerantzean?

Uste dut transmisioan lan ikaragarri bat egin dela; ikusi besterik ez dago publikoaren nolakotasuna, eta datozen bertsolariak nola datozen. Gauzek ondo jarrai dezaten erronka daukagu kolektibo moduan.