Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala. Amets Arzallus
«Min honek balioko dit ikasten segitzeko»

Amorrua izan daiteke hitza. Bertsolari Txapelketa Nagusian topatu ahal izan ez zituen bertsoen bila pasatu ditu txapelketa ostekoak Amets Arzallusek (Hendaia, Lapurdi, 1983). Aitortu du ez duela ongi lo egin, eta ez du ukatu bere nahigabea. «Ariketa askotan ez nintzen geratu neure buruari eskatzen diodanetik gertu». Urratsez urrats kontatu du bere barne igaroaldia telefonoz, orain.
Malda gora hasi zuen goiza, dioenez. Estu sentitu zituen gaiak. Bere «pentsamenduen kontra» aritzea suertatu zitzaion, esaterako, bere lehen bertsoaldian, igandeetan dendak irekitzearen alde egin behar izatean, eta artalde bat desbideratzen zebilen herritarraren paperean ere ez zuen bidea topatu. «Oraindik ez dut korapilo hori askatu: ez dut lortzen bisualizatzea egoera hori», onartu du. «Bi aldapa handi izan nituen hor, nik erremontatzeko gaitasunik izan ez nuenak, eta luze eraman nuen hori». Puntuari erantzuten «antsietate puntu batekin» joan, berriz borobildu ez, eta berriz haserre eseri. «Zauri dexente neuzkan kartzelara iritsi nintzenerako», azaldu du. Arriskatzea erabaki, eta txikiko moldera eraman zuen doinua kartzelakoan, baina berriz ere asmatu ez eta berriz haserre eseri. «Bukaeran erori egin zitzaidan».
Bazkalordu «oso txarra» pasatu zuela dio, eta dutxa bat ere hartu zuen aldarteari buelta emateko. Arratsaldean joan zen animatzen, baina arrastaka zeraman goizekoa. «Noski pena dudala», dio. «Baina pena hori nik gustura eramaten dut. Min horrek balioko dit ikasteko».
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.