Argentina, berriro ere dolarraren biktima

Pesoaren balio galerari aurre egin ezinik, eta kanpoko finantzaketaren iturria ixteko arriskua ikusita, Mauricio Macriren gobernuak NDFra jo du, erreskate mailegu baten bila. Funtsaren zaintzapean geratzeko aukerak 2001. urteko krisi ekonomikoaren oroitzapen latzak berritu dizkie argentinarrei.
Emakume bat, tasen igoeraren aurka protesta egiten, asteazkenean, Buenos Airesen.
Emakume bat, tasen igoeraren aurka protesta egiten, asteazkenean, Buenos Airesen. DAVID FERNANDEZ / EFE

Ivan Santamaria -

2018ko maiatzak 11
Ez dakizu nor ibili den biluzik bainatzen marea erretiratzen den arte». William Buffet inbertsoreari egotzitako esaldia da. Azken egunotan, Argentina izan da biluzik dabilen bainularia, eta dolar merkea, erretiratu den marea. Pesoaren debaluazioak abiadura hartu duen neurrian, herrialdea krisiaren amildegiaren ertzean jarri da berriro ere. Mauricio Macriren gobernuak kanpoan bilatu du estaltzeko tapakia, NDF Nazioarteko Diru Funtsari mailegu bat eskatuta. Aspaldiko mamuak bueltan dira Buenos Airesen.

Zer gertatu zaio Argentinari? Kanpoko eta barruko faktoreen nahasketa batek behartu du gobernua. Macri enpresaburuak 2015. urteko abenduan hartu zuen agintea, Cambiemos (alda gaitezen) koalizioaren buruzagi gisa; zentro-eskuineko gobernu bat eratu zuen. Haren helburua Argentina «herrialde normal bat» bihurtzea zen. Horretarako, gradualismo izeneko estrategia jarri zuen martxan. Muturreko neurriak hartu beharrean, inflazioaren aurka borrokatu, eta, apurka, Nestor eta Cristina Kirchner senar-emazteen agintaldietan ezarritako laguntza eta subsidio sistemak merkatu arauetara bueltatzea zen asmoa. Kanpo finantzaketa izan da estrategia guztiari eusteko gakoa. Orain arte.

Dolarra indartzeak giroa gaiztotu du, ordea. Krisiari aurre egiteko neurriek dolarraren prezioa apal mantendu dute hamarkada batez. AEBetako ekonomia suspertu den neurrian, Erreserba Federalak (Fed) diru politika aldatu, eta interes tasak igotzeari ekin dio. 2015. urtetik, sei aldiz igo du diruaren prezioa, %1,5-1,75 tarteraino. Beste hiruzpalau igoera espero dira 2018. urtea amaitu aurretik. AEBetako hamar urterako bonuaren interesak %3 gainditu du finantza merkatuetan, aspaldiko partez. Balio sinbolikoa da, baina inbertitzaileek garrantzi handia ematen diote erreferentzia horri.

Interes tasa apalek beste merkatu batzuetara bideratu zituzten inbertsoreak. Dirua dolarretan maileguan hartu, eta gorabidean dauden herrialdeetako aktiboetan jarri izan dute, errentagarritasun handiagoaren bila. Askok interes eta truke tasekin espekulatzeko baliatu dute diru merke hori, carry trade deritzon sistema erabilita. Dolarrak gora egin eta AEBetako diruari lotutako aktiboak errentagarritasun handiagoa eskaintzen hasi direnean, sosek kontrako norabidea hartu dute. Horren ondorio automatikoa izan da herrialde askotako monetek balioa galdu dutela azken hilabeteotan; Argentinan, ia beste inon baino gehiago.

Urtea hasi zenetik, dolarra %20 indartu da pesoarekin alderatuta. Joan den astean, balioaren %9 galdu zuen egun bakarrean. Gobernuak eta banku zentralak odolustea gelditu nahi izan zuten. Astebetean, Banku zentralak hiru aldiz igo zuen diruaren prezioa, %40 txundigarri bateraino. Halaber, erreserbetatik 7.000 milioi dolar inguru gastatu zituen pesoa indartzeko, arrakastarik gabe.

Macriren gobernuak bi erabaki hartu zituen. Batetik, mugatu egin zituen bankuek gorde ahal izan dituzten dolar erreserbak, eta, hala, finantza erakundeak merkatura dolar gehiago ateratzera behartu. Bestetik, defizit muga bost hamarren murrizteko konpromisoa iragarri zuen. Azken horren bidez, kanpoan mailegu gutxiago eskatzea lortu nahi zuen. Finantza Ministerioak agindu du 3.200 milioi dolar aurreztuko eta aurtengo finantzaketa beharren %85 estalita izango dituela. Asteon, pesoak hondoratzen jarraitu du, harik eta Macrik berak astelehenean agerraldia egin eta NDFren finantzaketa eskatzeko negoziazioak abiatu dituela iragarri arte.

Bi urteko idilioa

Barruko faktore batzuek ere azal ditzakete Argentinaren estutasunak. Merkatuek harrera ona egin zioten Macriren agintaldiari. Idilio horrek bi urte eskas iraun du. Joan den abenduan, banku zentralak aurtengo inflazio helburua handitzea erabaki zuen. Prezioak %8-12 bitarte igotzea aurreikustetik %15 izatera pasatu zen. Ekonomista ugarik zalantzan jarri dute kopuru hori %20tik beherakoa izateko aukera. Era berean, bankuak erabaki zuen puntu eta erdi murriztea interes tasak. Aldaketa horrekin, banku zentralaren independentziari buruzko galdera deserosoak hasi ziren. Bien bitartean, gobernuak zerga bat jarri die kanpoko inbertitzaileek Argentinako bonuetan dituzten inbertsioei. Gertakari horiek hauspotu dute, ekonomialari batzuen ustez, moneta beste herrialde batzuetan baino gehiago hondoratzea. Azkenik, Macriri arazoak ugaritu zaizkio fronte politikoan ere, oposizioak behartu nahi izan baitu bertan behera uztera oinarrizko zerbitzuen tasan iragarritako igoerak.

Bestalde, Argentinari nabarmen handitu zaio kanpo finantzaketaren beharra. Joan den urtean, 30.000 milioi dolarreko zuloa zegoen kontu korronteko balantzean: BPGaren bost puntu. Aurreko urtearekin alderatuz, dirua bikoiztu egin zen. Ulertzeko: argentinarrek kontsumitzen dutenaren eta ekoizten dutenaren arteko aldea dira 30.000 milioi dolar. Zulo hori kanpotik ekarritako diruarekin estali ahal izan denean —dolarretan, nagusiki—, ez da arazorik egon, baina, iturri hori ixten bada, herrialdea ataka larrian gera daiteke. Beste behin.

Kontuan hartu behar da Argentina dolarrari begira dagoen herrialdea dela. Herrialdeak hiperinflazio eta debaluazio historia luzea du. Argentinarrek pelikula askotan ikusi dute, eta, pesoa kili-kolo sumatzerakoan, dolarrak erostera ateratzen dira, ahal dutenak behintzat. Dolarra gordeleku gisa irudikatzen dute, debaluatuz gero aurrezkia ezabatuko dien pesoaren ondoan. Praktikan, horrek pesoaren balioa gehiago hondoratzea dakar. Bigarren ondorio bat ere badago. Pesoa ahultzeari prezioen igoera batek jarraitzen dio berehala, eta gorakada espiral batean sartzen da inflazioa. Inflazioari galga jartzeko, gehiago igotzen dira interes tasak. Baina horrek prezio bat dauka: kalte egiten dio ekonomia errealari, jarduerari. Gurutze-bide ezagun horretan dago orain.

Macriren gobernuak NDFrengana jo du. Erreskateak «historian izan ditugun krisiak saihesteko» balioko du, presidentearen hitzetan. 30.000 milioi dolar (25.000 milioi euro) arteko mailegu bati buruz hitz egiten ari dira. Kreditu hori eskuratuta, gobernuak ez luke premiarik izango kanpoko merkatuetara diru eske ateratzeko. Macriren politikagintzan ere porrot gisa uler daiteke. Agintaldia hasi eta gutxira, 2001eko porrotetik zintzilik zegoen zorra putre funtsekin kitatzea erabaki zuen. Erabaki horrekin, Argentinari merkatuen bidea ireki zitzaion berriro ere; 2016an itzuli ziren jaulkipenak. Orain, merkatuek bizkarra eman diote.

NDF, erakunde gorrotatua

Argentinarrentzat, NDF nazioarteko erakunde gorrotagarriena da, ziurrenik. 2001eko krisi latzaren oroitzapena oso bizirik dago oraindik. Orduan ere, gobernua diru eske joan zen Washingtonera. Funtsak murrizketa gordinak ezarri zituen maileguaren truke. Errezetak ez zuen balio izan. Okertu egin zuen ja larria zen egoera ekonomikoa, eta krisi politiko eta sozial ikaragarri bihurtu. Une jakin batean, NDF maileguaren hurrengo partea ordaintzeari uko egin zion. Azkenean, corralito-a ezarri eta gero, herrialdeak historiako porrotik handiena iragarri zuen. 2006an, Nestor Kirchnerrek auziak kitatu zituen funtsarekin: inoiz ez gehiago.

«Oso NDF ezberdina da, duela hogei urte ezagutu genuenaren aldean. Iraganeko lezioak ikasi ditu», argudiatu du Nicolas Dujovne Ogasun ministroak. Egia da funtsak berak autokritika egin zuela Argentinako esperientziari buruz, «akats handiak» egin zituela onartuta. Haatik, gutxitan gogoratzen da funtsaren jarduna behar bezain zorrotza ez izateari zegokiola autokritika horren parte handi bat; hau da, baldintza «leunegiak» jarri zirela maileguen truke. Dokumentu hura nazioarteko krisi ekonomikoaren aurretik egin zen. Duda hori dabil orain argentinarren buruan: krisiaren ondorioak ikusita, NDF benetan aldatu ote den, eta zer ahalegin eskatuko dien orain laguntzaren truke.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna