Hiru eta hamar urte arteko kartzela zigorra ezarri diete 16 ikasle sahararri

Kristina Berasain Tristan.
2018ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
El Ualiren lagunak esaten dieten diren ikasle sahararrei uztailean ezarritako kondena berretsi diete: hiru eta hamar urte arteko kartzela zigorrak. Marrakexko Helegite Auzitegiak herenegun arratsean eman zuen epaia, zazpi orduko saioaren ostean: bost laguni hamar urteko kartzela zigorra eta beste hamarri hiru urtekoa. Nazioarteko begiraleek salatu dute berme juridikorik gabe egin dela epaiketa, lekukoen testigantzarik gabe eta froga judizialik gabe.

2016ko urtarrilean atxilotu zituzten gazte gehienak, hemezortzi denera. Agadirko Ibn-Zohr eta Marrakexko Kadi Aiad unibertsitateetan protestak piztu ziren orduan, eta poliziekin izandako borroketan zibil bat hiltzea eta ondasun publikoak kaltetzea egotzi zieten. Epaia hemezortzi hilabete geroago etorri zen, iazko ekainean, epaiketa hamabi bider atzeratu ostean. Helegite Auzitegiak lehenengo instantzian ezarritako zigorrak berretsi ditu orain. Mustafa Hmaidat eta Laghdaf Lakan ikasleak urrian atera ziren kartzelatik, biei ezarritako zigorra osorik bete ostean.

El Ualiren lagunak esaten diote ikasle taldeari; Marokok hildako ikasle sahararraren izenean. Presoek «tortura sistematikoak» salatu dituzte, «erregimen diktatorial batean» bezala, tratu txarren ostean eginiko deklarazioaksinatzera behartu dituztela. Saioetan independentziaren aldeko oihuak egin dituzte, euren kontrako prozesua unibertsitateetako erresistentzia sahararra isilarazteko saioa dela uste badute ere.

Aaiun militarizatua

Aaiunen, berriz, dozenaka saharar kalera atera dira egunotan,debekatuta dituzten ikurrak eskuetan dituztela. Marokok, beste behin, indarkeriaz erantzun du, emakumeak kolpatuz eta gazteak atxilotuz; astelehenean hamabi gazte atzeman eta, torturatu ostean, basamortuan utzi zituzten. Mendebaldeko Saharako hiriburua ohi baino militarizatuago dagoela salatu dute giza eskubideen aldeko ekintzaileek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.