Kolonbiako gatazka

Gerrak aurrean eramanak

60 urtez, gerrak milaka haurren bizitzak zeharkatu ditu Kolonbian. Gatazka sortu zenetik bertatik, gerrillek, paramilitarrek eta armadak ume eta nerabeak erabili dituzte gudu zelaian, eta joerak ez du amaitzeko itxurarik.

Yordan Ordoñez, AUC talde paramilitarreko kide ohia. JON ARTANO.
Jon Artano Izeta.
Bogota
2018ko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Lau hilabete zeramatzan sasian,eta armadarekin izandako lehendabiziko borrokan hil zuten. ELNko martiria bihurtu zen Camilo Torres apaiza. Inor gutxik oroitu arren, Camilito gerrillaria ere borrokaldi hartan hil zuten, zaurituta zegoen abadeari laguntzen saiatu zenean. 1966a zen, eta Camilitok 13 urte zituen.

Yordan Ordoñezek (Pradera, Kolonbia, 1987) 13 urte zituen gerrarako gonbita egin ziotenean, 2000. urtean. «FARCeko komandante bat gerturatu zitzaidan, eta diskurtsoa egin zidan berarekin lanera joan nendin. Esan nion ez zitzaidala interesatzen». Zazpi hilabete geroago, AUC talde paramilitarra sartu zen zonaldera, eta gerrilla bota zuen. «Herri bakoitzean zortzi-hamar lagun jartzen zituzten zaintzan: urbanoak esaten genien. Nire adineko mutilak ziren, eta lagunak egin ginen».

ELNk haurrak errekrutatzen jarraitzen du, eta, azkenaldian,paramilitarismo berriak areagotu egin du joera hori. Nazioarteko zuzenbide humanitarioak galarazi arren, Kolonbiako talde armatu guztiek errekrutatu dituzte adingabeak. Baita armadak ere. Una guerra sin edad (Adinik gabeko gerra) txostenak fenomenoaren ikuspegi historikoa eta gerrara eramandako gaztetxoen esanak biltzen ditu. Berriki argitaratu du Kolonbiako Memoria Historikoaren Zentro Nazionalak, eta eskura dago sarean. Ikerketaren arabera, FARC izan da adingabe gehien errekrutatu dituen taldea: dokumentatutako ia 17.000 kasuen %54. Paramilitarrak ageri dira gero (%27), eta ELN ondoren (%10).

Ordoñez lagun berriekin ibiltzen hasi eta ezarian sartu zen taldean. «Egun batean pistola bat eman zidaten, zer gerta ere, arazorik balego zerekin erantzun izan nezan... Horrela eta horrela erabiltzen da esanez jarri zidaten eskuan». Handik lasterrera, eskaintza formala egin zioten:«'Gurekin hator, ezta, Yordan?'.Eta ezetz nik. 'Hara, guk ez haugu behartuko, baina egin kontu, egunen batean gu joan eta gerrilla etortzen bada... garbituko haute!'. Arrazoi zuela konturatu nintzen, eta listo, horrela egin nintzen para».

Moduak eta arrazoiak

Errekrutatzeko moduak aldatu egin dira denboran. Nekazari-girotik sortutako gerrilla izaki, FARCek lotura estua izan du hasieratik kontrolpean izandako eremuarekin. Familia osoak batu zitzaizkien, eta zurtz geratutako umeentzat ere harrera talde izan zen. Urteen poderioz, FARCek estatua ordezkatu zuen, eta nerabeak egitura militarrean sartzea soldaduska moduko bat zen. Beste upel bateko sagardoa da ELN. Kubako iraultzak erradikalizatutako hiritarrek sortutako taldeak ez zuen halako batasunik lortu inguruarekin, eta, ondorioz, gaztetxoek ez zuten berez taldera sartzeko joerarik. Paramilitarismoak errekrutatzeko era propioa ekarri zuen: gazte samaldak erakarri zituen soldata eskainiz.

Gaztetxoek askotariko motibazioak dituzte talde armatuetan sartzeko. Bat zera da: arma eta uniformeen eta, batik bat, horiei lotutako aginpidearen erakarpena. Senideren baten hilketa mendekatu nahia ere bai. Eta ohikoa den beste arrazoi multzo bat etxeko giroari dagokio: tratu-txarrak, abandonua, gosea... Izan ere, haurrak errekrutatzeko moduek eboluzionatu egin dute, baina bada aldatu ez den zerbait: soldadugaien zaurgarritasuna. Kanoi bazka izango diren umeen jatorria: denak datoz egoera gordinetatik. Askotan kalean daude, eskolatik kanpo, muturreko pobrezian... Txostenean jasotako neskato baten aitortza: «Nik hiru aukera nituen: Granadara joan eta prostituta sartu, koka biltzen hasi, edo haiekin joan. Eta uste nuen haiekin joatea zela duinena».

Gerraren inguruan hazi eta hezitako gaztetxoak dira. Noiznahi ikusiko dituzte pasadan gizon-emakume armatuak, eta baliteke familiartekoren bat paramilitarra izatea edo armadan egotea; akaso futbol partidak jokatuko dituzte ilunabarretan herri inguruan dauden elenoekin... Edo, agian, ikasgelaraino etorriko zaie taldera sartzeko gonbita. Talde guztiek eskolara sartzeko joera dute. Armadak ere egiten ditu umeak limurtzeko saioak. Garai batean, operazio zibiko-militarrak esaten zitzaien. Soldaduek opariak ematen dizkiete, jostailuak, musika... Hartu-eman bata sortzen dute, haurrak erabili ahal izateko. 2008tik galarazita daude gisa horretako ekintzak, eta armadak ukatu egiten du eskoletan sartzen denik. Baina lehengoan dihardute. Hala diote lider sozialek, herriaren defendatzailearen ikerketek eta NBEren txostenek.

«Mukizu asko pozarren joaten dira, aurki nagusi izango direlakoan... Mantsoagatik kentzen dizkiete haizeak!». Ordoñezek ez dauka ahazteko AUCkide bihurtzeko prestakuntza fasea. «Bizpahiru ordu egiten genuen lo egunean. Fusila eta gainerako trepetak hartuta, 50 kilo pasa, gelditu ere egin gabe mendian gora eta behera hilabete osoan. Muga fisiko eta psikologikoraino eraman gintuzten». Baita mugatik harago ere: «Mutiko bat itota hil zen; gizajoa asmatikoa zen». Hautespen natural moduko bat egitea izan ohi da entrenamenduen helburua, «onenak gera zitezen». Taldera sartzeko trebakuntza bera da heldu zein nerabeentzat. Eta talde barruan ere ez dago bereizketarik: zeregin berdinak, eta zigorrak ere bai. Nerabe eta haurrek emozioei eusten ikasi behar izaten dute. Beldurrak ezkutatu, maitasuna ezkutatu, zalantzak ezkutatu... «Ahultasuna gorde egin behar da; bestela, susmagarria zara», laburbildu du Ordoñezek.

Ihesa eta jendarteratzea

«FARCeko borrokalariak iraultzaile profesionalak dira, behin betiko garaipena lortu arte». FARCeko estatutuek argi uzten zuten: kideen konpromisoak ez zuen epemugarik; betirako zen. 2006an, Alvaro Uribe presidentearen agintaldian, 31.000 paramilitar desmobilizatu ziren. Ordoñezek jarraitzea erabaki zuen, eta Aguilas Negras taldean sartu zen. Berehala damutu zitzaion: «Erabaki okerra hartu nuela konturatu nintzen. Ordura arte, oinarri ideologikoa genuen, iraultzaren aurkako taldea ginen, komunista kutsua zuen oro ezabatzea zen gure egitekoa; baina, bat batean, lehentasuna dirua zen. Eta horretarako gerrillekin konpontxo egin behar bazen, bada, egin egingo zuten, eta kito! Ez nuen horretan segi nahi, baina ez ziguten joaten utzi nahi; eskulan kualifikatua ginen, hasiberrien ondoan».

Gehiago ezin zuela jakin zuenean, ihes egingo zuela esan zion taldearen buruari. «Laguna nuen, hamaika aldiz borrokatu ginen elkarrekin, eta ordubeteko abantaila agindu zidan nire desertzioa salatu aurretik». Lasterka batean abiatu zen mendian gora.

Gerratik datorrenarentzat, jendartera iristea ez da samurra. Ezin lanik lortu. Lotarako lekurik xumeena ere ez diote alokatu nahi... Duela gutxira arte, gobernuak ez zuen laguntza psikosozialik ematen. Gaur egun, terapeuta bakoitzak 40 pertsona ditu ardurapean.

«Garrantzitsua da gerran izan ez direnek gure bizipenak ulertzea eta gu barkatzea. Baina bada hori baino lehenagoko lanik: guk geuk geure buruari barkatzea. Eta norbere buruari barkatzea da lanik zailena». Ordoñezek lortu du bakea.

Goizeko ordu bietan esnatzen da egunero, hiruretako lan txanda hasteko. Espainiako energia konpainia batentzat aritzen da, teleoperadore. Utzi egin nahi du, eta badu plan bat horretarako. Turismo proiektu bat jarri du martxan, gerrako beste beterano gazte batekin: «Ibilaldiak eskainiko ditugu, orain arte gatazkazela-eta atzerritarrei erakutsi ezin izan zaizkien lekuak erakusteko. Horrez gain, solasaldiak antolatuko ditugu, gerrillari eta paramilitar ohiekin eta biktimekin». Datorren astean egingo dute lehen txangoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.