Espainia. Gobernu krisia. ANALISIA

Izan nahi du Sanchezek Espainiako presidentea?

Martxelo Otamendi -

2018ko maiatzak 30
Duda serioak, eta ongi oinarritutakoak, sortu dira Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiak Rajoy gobernuburuaren aurka aurkeztu duen zentsura mozioaren benetako asmoez. Edo presidente izan nahi du ostiraletik aurrera, edo, dantzaleku politikotik desagertuta dagoela ohartuta, irudia indartzeko kanpaina espres bat antolatu du, inoizko motzena, baina.

Sanchezek badaki aukera bakarra daukala Espainiako presidentea izateko: ostiraleko zentsura mozioa. Inork ez du espero hurrengo hauteskundeetan —aurreratu edo ez— buruzagi sozialistak irabaztea, nahiko lan izango duelako bere alderditik Ciudadanosera joaten ari zaion boto isuria ixten. Inkestek aurreratzen digutena betetzen bada, PPk eta Ciudadanosek gehiengoa lortuko dute hurrengo hauteskundeetan, eta, beraz, Sanchez ez da izango presidente. Ciudadanos da alderdi bakarra modu esanguratsuan beste hiru alderdi handietatik botoa jasotzen duena. Ondorioz, eskuineko blokea handitu egingo da, PPren galera Ciudadanosek hartuko duelako, eta alderdi horrek PSOEtik eta Podemosetik ere jasoko duelako. Ostiral honetan ez bada, Sanchez ez da sekula presidentea izango, eta berak inork baino hobeto badaki.

Zentsura mozioaren bozketa eguna horren azkar izateak aukera gutxi eman die Sanchezek alderdi barruan dauzkan kritikoei —Txinako jarroiak eta erregioetako agintari zenbait— eta komunikabideren bati aurkako kanpaina egiteko. Era berean, denbora gutxi dauka akordio sendo bat egiteko alde bozka dezaketenekin. Publikoan ezer ez esan arren, hasita daude, bestela ezin, lehen hurbilketa saioak.

Aldeko botoa eman dezaketenen artean, Podemos (67 eserleku) mozioaren alde dago, bere boto emaileek ez luketelako onartuko Rajoyri eustea. Ondoren, ERC (9) eta PDeCAT (8) datoz, eta, atzetik, EAJ (5), Compromis (4) eta EH Bildu (2). Katalanek daukate giltza nagusia, baina baita ahuldade egoerarik handiena. Oso urrutira iritsi dira estatu egiturak prozesuaren aurka eduki duten jokabide gogorrarekin. Katalanek badakite Sanchezek ezin diela publikoki mamizko ezer agindu; gehienez, prozesua kudeatzeko beste modu bat, Rajoyri oraintsu arte exijitu diona: politika eta elkarrizketa.

Egia da, Ciudadanosen espektatiba onek behartuta, azken asteotan gogortu egin du Sanchezek Kataluniako independentziazaleen aurkako diskurtsoa, eta horrek zaildu egingo die aldeko botoa ematea; baina, ederki asko dakite ERCk eta PDeCATek, Rajoyrekin baino hobetoxeago egongo direla Sanchezekin. Eta bi alderdi horiek alderdikideak dauzkate kartzeletan eta deserrian. Zer eskain diezaieke Sanchezek Miquel Icetaren bidetik? Egoera baretzea, Torra presidentearen gobernurako sailburu ez judizializatuak izendatzearen truke 155.a indargabetzea, preso politikoak Kataluniara hurbiltzea eta, hemen dago arazo potoloa, udazkeneko epaiketetan fiskaltzak jarrera aldatzea eta eskaerak dezente jaistea.

PDeCAT, itxurak itxurak, ERCren ia egoera berean dago, eta baterako balio duenak bestearentzat ere balio du. Pentsatzekoa da azkenean biek jarrera bera eramango dutela.

EAJk bi baldintza jarriko dizkio Sanchezi: lehena, aurretik zerrendan daudenekin ixtea tratua, eta, bigarrena, PPrekin lortu berri duen akordioaren puntu nagusiak bermatzea. Aurrekontuak luzatu arren, akordioan dauden hainbat puntu (pentsioen igoera...) dekretu bidez gauza daitezke. Are gehiago, nahi izatera, gehiengo berriak igoera sinboliko bat egin diezaieke PPk eta EAJk adostutako pentsioei. Pentsatzekoa da EAJk PPri baldintzatu ez dizkion puntuak (espetxe politika, gatazkaren ondorioak...) ez dizkiola exijituko orain Sanchezi.

Bien lasaitasunerako, EH Bilduren bi botoen beharrik ez du izango Sanchezek Podemos, ERC, PDeCAT, EAJ eta Compromisenak baldin badauzka. Non eta azken multzo horretako bi diputatu ez diren gaixotzen, ez daukaten istripurik.... Boto horiek ezin izango direnez ordezkatu, izerdi arrasto luzeak ikusiko genituzke Sanchezen eta EH Bilduko bi diputatuen kopetetan.

Sanchezen aldeko botoa eman dezaketenen artean, denek erantzun bera ematen dute egingo dutenaz galdetutakoan: «Besteekin akordioa egiten badu Sanchezek, ez gara gu izango Rajoyri eutsiko diogunak».

Ostiraleko bozketa, Sanchezen kanpainaurrearen lehen ekitaldia izan liteke, edo alderdiko primarioak galtzeko lehen saioa. Hurrengo hauteskundeetan Podemosera joan zitzaion botoaren zati bat berreskuratu nahi badu, astelehenean presidente bakarrik izanda lortuko du: politika sozialak egin eta bere botoa erabilgarria dela esan.

Oso irekita dago dena, ostegunean Sanchezek emango duen hitzaldian iradokiko dituen pisten zain daude denak, eta luzea espero da ostegun arratsaldea Madrilgo Kongresuko korridore eta bulegoetan. Ostiraleko 12:00etako bozketa arte, segur aski, ezer ez da erabakita egongo.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna