Ukraina ekialdeko gatazka. Urtebete gerran (V). Rinat Hazrat. Donetskeko muftia

«Sobietarra ez den bestelako batasun bat etorriko da»

Donetsk hiriko musulmanen burua da Hazrat, tatar jatorrikoa. Kristau ortodoxoen patriarkatuaren «itzalpean» bizi arren, gutxiengo erlijiosorik handienetakoa osatzen dute.

MIKEL ARREGI.
Donetsk
2015eko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Donetskeko Herri Errepublikako muftiak —lege islamiarren interpretea— BERRIA hartu du etxean, islamiar komunitatearen egoeraz eta etorkizuneko erronkez hitz egiteko. Bisitarien aurrean mesfidati agertzen da, kezkatuta baitago Viktor Janukovitx presidentearen garaietatik jaso dituen mehatxuengatik.

Nola bizi izan duzue bertako musulmanek eskualdea suntsitu duen gerra?

Azken urtean gauza onak eta txarrak gertatu zaizkigu. Bata bestearen kontra borroka egitera behartuta gaude gerra honetan etaez da salbuespenik. Guda zibil bat da, anai-arreben artekoa. Hausnarketa bat egingo nuke: zer dago gizakion bizitza baino garrantzitsuagoa? Ezer ez. Munduko aberastasun guztiak ezin du pertsona baten bizitza ordezkatu. Politikariek eta oligarkek herria gerrara bultzatzen dute, eta jende apala da azkenean gatazka gehien sufritzen duena.

Zein alorretan eragin du gudak batez ere?

Gizarteak atzerapauso handia eman du, eta gabezia handiak sortu dira. Jende askok ez dauka ez jatekorik, ez arroparik. Donetskeko musulmanok saiatzen gara gerraren ondorioz sufritzen ari diren herritarrei laguntzen. Jainkoari gerra hau lehenbailehen amaitu dadila eskatzen diogu. Egoera hain da latza, Errusiaren laguntzarik gabe ezingo genukeela bizirik iraun. Bankuen sistema suntsitu digute, langile eta erretiratuek ezin dute soldatarik eta pentsiorik jaso, eta soilik Errusiaren laguntzari esker bete ditzakegu oinarrizko premiak.

Ni errusiarzalea naiz. Moskun eta Istanbulen egin nituen ikasketak, eta beti adierazi izan dut Errusiarekiko atxikimendua. Horrek ez du esan nahi Ukraina eta ukrainarrak gorroto ditudanik. Hemen bizi naiz, eta hemen jaio nintzen. Ukrainako kultura eta jendea maite ditut.

Nik ez diot inori gerrara joateko eskatzen, bi aldeen artean bakea nahi dut. Donetskeko eta Luhanskeko jende gehienak nire antzera pentsatzen duela uste dut, eta baita bertako errepubliketako gobernuek ere.

Donetsken ortodoxoak, juduak eta musulmanak batera bizi izan zarete mendeetan zehar. Nolakoa da komunitate erlijiosoen arteko harremana?

Gainerako konfesioekin harreman bikainak ditugu. Ortodoxoekin eta juduekin ederto konpontzen gara, eta ez dugu arazorik. Badaude, hala ere, konfesioen arteko gatazkak sortu nahi dituztenak. Donbass oso eskualde berezia eta plurala da, erlijio aldetik Errusia txiki baten modukoa.

Noiz iritsi zen islama Ukrainara?

Data zehatzik ezin dut eman, baina artxibo historikoek esaten dutenez, Kieveko Rus-a baino lehenago heldu ginen musulmanok Ukrainara. Betidanik hemen egon garela esan genezake, beraz.

Azken urtean zertan aldatu da zuen eguneroko bizimodua?

Bizitzak okerrera egin du nabarmen. Ez dakizu obus bat noiz eror daitekeen zure ondoan, eta ezinegon horrekin bizi behar duzu. Hiltzeko arriskuak eta bestelako arriskuek bizitza asko zaildu digute.

Donbassetik kanpo, Ukrainan bizi diren musulmanen egoera desberdina al da zuenarekin alderatuta?

Bai. Gure komunitateko kide bat Slaviansken, ukrainarren kontrolpeko eremuan, atxilotu eta hiru hilabetez torturatu zuten; iazko abenduaren 26ko preso trukean askatu zuten.

Orduan, zein da gatazkaren erantzulea?

Argi daukagu gertaera hauek nazioarteko politikarekin lotura estua daukatela. Duela urtebete Maidanera joan ziren herritarrak oligarken boterearen kontra altxatu ziren. Hemen Donetsken ere jendea kalera irten zen protesta egitera. Kieven eta Donetsken herritarrek gauza bera eskatzen zuten: oligarkiaren amaiera. Emaitza, baina, begi bistakoa da. Amerikarrak agertzen diren leku guztietan hildakoak, suntsipena eta sufrimendua azaltzen dira. Mundu guztian ikus daiteke hori, amerikarren presentzia eta giza eskubideen urraketa batera baitoaz. Ameriketako Estatu Batuetako politikariei ez diet ezer esango, nik argi baitaukat hango herria ere, gure moduan, gerraren aurka dagoela.

Zein da tatarrek eta musulmanek Donbassen eta Errusian duten egoera?

Errusiak eskarmentu handia du konfesio desberdinen arteko elkarbizitza bermatzen. Gu, tatarrok, oso pozik gaude Errusiarekin, eta horren adibide da Tatarstango Errepublika dela Errusiar Federazioko garatuenetakoa. Arabiar ikerlariak datozenean harrituta geratzen dira egoera honetan gure kultura musulmana gordetzeko gai izan garelako. Hain komunitate txikiak mendeetan zehar iraun izanak erakusten du Errusiak gurekiko duen errespetua. Nik neuk, ez dut bazterkeria kasurik ezagutzen; ez Donbassen, ez Errusian. Vladimir Putin presidentearen aholkularien artean, esaterako, aholkulari tatar batzuk ere badaude.

Errusiaren eta mundu islamiarraren arteko harremana pozoitzeko kanpoko eraginak daudela uste duzu, beraz?

Mahoma profetak jarraitzaileak Ufa hiri errusiarrera bidali zituela dio Koranak. Ordutik islama garatzen ari da Errusia guztian. Mendeetan zehar izan dugu elkarbizitza hori, eta ez da inoiz arazorik izan. Koraneko azkeneko txataletan esaten denez, gizateriaren eta erlijioen berrikuntza iparraldeko herrialde batean hasiko da. Guk berrikuntza hori Errusian hasiko dela uste dugu.

Europan, aldiz, islamaren inguruko mesfidantza zabaldu da Charlie Hebdo aldizkariaren kontrako atentatuaz geroztik...

Islama ezin da inorentzat arrisku bat izan. Horren aldeko diskurtso oro propaganda hutsa da. Pertsona guztiok gure bihotz eta arima beteko digun erlijioa aukera dezakegu. Islama norberak aukeratzen duen zerbait da; bere legeak ditu, baina ez doa inoren kontra. Inoiz ez du biolentziaren aldeko apologiarik egiten, eta beste erlijioetako ikurrei ere ez die inoiz eraso egiten. Begirunez ikusten ditugu gainerako erlijioak. Europan egin den azkeneko erasoa erlijio jakin bateko fededunen kontrako irain baten ostean etorri da.

Noiz amaituko da Ukraina ekialdeko gatazka?

Jainkoak bakarrik daki. Luhansk, Donetsk eta Ukraina berriz Errusiaren inguruan batuta egotea espero dugu. Errusiar, bielorrusiar eta ukrainarrok herri bera osatzen dugu eta tradizio, kultura, historia eta hizkuntza beraren bueltan mugitzen gara. Batuta, nahi dugun lekura irits gaitezke.

Sobietar Batasunaren garaiengatik nostalgia da aipatzen ari zaren hori?

Ez dakit. Sentsazio bikoitzak ditut. Sobietar Batasunean gauza ugari egin ziren ondo. Giza ekintzen esparru desberdinetan arrakasta handia izan genuen, baina, ideologiari dagokionez, ez nentorren harekin ados. Komunismoaren ordez jainkoaren ideiak nahiago ditut nik. Jainkoak gauza asko barkatu ditzake, bat kenduta: jainkoarengan sinesmenik eza. Hori da, hain zuzen, Sobietar Batasunean falta zitzaiguna.

Errusiaren inguruan bizi diren herri guztien batasuna eta adiskidetasuna aldarrikatzen dituzu orduan?

Posible da. Baina sobietarra ez den bestelako batasun bat etorriko dela uste dut, harreman ekonomiko desberdinak izango dituena. Errusiak sekula ez ditu beste lurralde batzuk desiratuko, dituen guztiekin aseta dagoelako jada. Sor daitekeena, beraz, batasun aske bat izango dela uste dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.