Koldo Almandoz. Zinemagilea

«Ez dut beharrik estilo bat egiteko edo zinema eredu baten ikur bihurtzeko»

Periferiak erdigunean jarri ditu Almandozek 'Oreina' filmean. Ohiko zineman lekurik ez duten paisaiak eta ahotsik ez duten pertsonaiak dira protagonista. Xedea, ordea, «istorio arrunt» bat kontatzea da.

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Maider Galardi
Pasaia
2018ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Ibilbide luzea egin du Koldo Almandozek (Donostia, 1973) film laburrak eta dokumentalak egiten. Orain arte, baina, askok ez dute zinema zuzendari gisa izendatu; hala uste du, behintzat. Oreina film luzearekin, estreinakoz egin du jauzi zinema konbentzionalaren mundura. Ez da formatu horretara errenditu, ordea: «Konbentzionala zer den definitu behar genuke». Izaten ditu bolada labainkorrak ere: «Eskerrak ekoizpen etxekoek animatzen nauten, eta nigan sinisten duten». Muntaketa lana egiten ari dela elkartu da BERRIArekin.

Zure lehen film luze «konbentzional» gisa ezagutarazi duteOreina. Formatu horretara errenditu zara?

Bakoitzak pentsa dezake nahi duena. Konbentzionala zer den definitu beharko genuke, eta ikusi Oreina konbentzionala ote den. Lan esperimentalak egiten ditudanean, ez dira nahikoa esperimental izan mundu horretan dabiltzanentzat; eta, alderantziz, ez da nahikoa konbentzionala izango beste askorentzat. Ez nau batere kezkatzen. Pelikula hau egin dut, beti pelikula bera egitea ez zaidalako gustatzen. Ez daukat beharrik estilo bat egiteko eta zinema mota baten ikur bihurtzeko. Proiektu bakoitzari eskatzen diot interesgarria izatea, erronka bat izatea, eta zerbait ikasteko eta erakusteko aukera ematea. Nahiago dut formula berriak egin, errepikatzen egotea baino.

Sentitu duzu halako presio bat lan luzeago bat egiteko?

Bai, nik hogei urte daramat entzuten: «Noiz egingo duzu film luze bat?» Eta noiz edo noiz esan nuen: «Ez daukat film luzeak egiteko asmorik». Argi daukadana da ez diodala balio handiagoa ematen labur bati edo luze bati. Nire interesa ez dago iraupenean. Orain horrela suertatu da, eta horrela egingo dut.

Dena den egia da pelikula industrial bat denez, finantzaketaeta azpiegitura handiagoa duela, eta sentitzen dut, nolabait, presio handiagoa. Espektatibak handiagoak dira kanpoko jendearentzat. Niretzat, ordea, berdin da film luzea edo laburra izan.

Ba al dago uste hori, pelikula luze bat egin arte ez zarela zuzendari aintzatetsia?

Zalantzarik gabe. Niri zinema zuzendari esaten hasi zaizkit orain, pelikula luzeak egiten ditudanean. Lehen ez nintzen zinema zuzendaria askorentzat. Eta egia da jendearen interesa orduan pizten dela. Ematen du film luze batek ematen dizula zinema zuzendari titulua, eta ni zinema zuzendari sentitzen nintzen lehen ere. Orain bezainbeste bai behintzat.

«Konbentzionalaren» markoan zeure arau propioak jarri dituzu. Nolakoa da gidoia erabat itxi gabe filma grabatzea?

Bada istorio bat, aktoreen bidez osatua, baina uste dut baduela bere puntua. Narratiboki ere ez da ohikoa. Gainera, nik ez dut lan egiteko beste modurik. Filmaketara dena itxita joaten bagara, zertarako goaz grabatzera? Filmaketa batek beti gehitu behar dio zerbait pelikulari. Geure pelikulan, badaude zati handiak inprobisatuak eta lekuan bertan sortu direnak. Horiek dira pertsonalki gehien gustatzen zaizkidanak: errealismoa eta bizitza bat ematen diote pelikulari. Bestela, aspergarria litzateke, eta nik horrelako gauzak ez ditut aspertzeko egiten. Ez dut onartzen aspertzea.

Gainera, gustatzen zait lan egitea ziurtasunik gabe. Pelikulak egiteko ezinbesteko osagaia da, hor sortzen delako pizgarria.

Dokumentalak egitetik fikzioa egitera ere igaro zara; horrek ere kendu dizu ziurtasuna?

Agian, ez naiz inon sentitzen seguru. Izan daiteke desabantaila, baina horrela funtzionatzen dut. Dokumentalak egin ditudanean, gainera, ez ditut ohiko dokumentalak egin neutraltasuna eta objektibotasuna bilatzeko, beti izan dute saiakera kutsua. Eta Oreina-k ere badauka hori, asko du dokumentaletik. Lan bat egiten hasi, baina gero beste bide bat hartzen du sarri, hori da interesgarria.

Orain artekoa prozesu bizia izan da: sei astez grabatu duzue.

Bizia izan da, bai. Batzuek pasatuko lukete bizi osoa filmatzen, baina uste dut ezin duzula etengabe ibili istorio bati bueltaka. Nik modu gorabeheratsuan eta intentsoan bizi izan dut. Ez dut poztasunez disfrutatzen filmaketa. Prozesuan tentsio hori behar dut kontzentratuta egoteko eta gozatzeko. Arazoa izan daiteke, baina egoera horretan egon behar dut lan egiteko. Aldi berean, sufrimendu puntu horrekin disfrutatzen dut. Grabaketa amaituta etortzen da aldapa behera, eta batzuetan faltan botatzen duzu aurreko tentsio hori.

Baina gogobete al zara?

Pare bat egun pasatzen dituzu ajearekin. Drogatzen zarenean bezala, badago nolabaiteko erdibideko momentu bat. Faltan botatzen duzu filmatzea, baina nahi duzu halako lasaitasun bat.

Eta, orain, zer moduz doaz muntaketa lanak?

Filmatutakoarekin moldatzen duzu egindakoa, hori film guztietan gertatzen da. Batzuek ez dute ia aldatzen; nik, ordea, asko aldatu dut. Gidoia bi aldiz egitearen modukoa da. Pelikula bizia dela eta aukerak badirela argi gelditzen da. Muntaketa prozesua niri asko gustatzen zait, ia behin betiko erabakiak hartzen ditugun unea da. Edozein lanekin galdera bat etortzen zait burura; ea neukan materialarekin hau ote den egin nezakeen lanik onena.

Lehen esan duzu inperfekzioak gustatzen zaizkizula.

Noski, eta neure egiten ditut, baina, nolabait ardura hori badago prozesuan. Nire talentuak eraman gaitu horretaraino, baina material honekin egin liteke zerbait hobea, nik daukadana baino talentu gehiago edukita. «Benetan atera diot zukua?». Bada buruan daukazun zerbait.

Periferiez ari da Oreina. Euskal Herriko leku periferikoez, baina baita ohikoan ahotsik ez duten pertsonaiez ere. Zer ardierazi nahi izan duzu?

Badut irudipena beti jotzen dugula inguru urbanoetara edo landa gune bukolikoetara, eta periferiez hitz egiten dugunean, arrotzagoak zaizkigunak jasotzen ditugula. Hiri inguruko periferiak, adibidez. Eta nik uste dut Euskal Herrian badagoela bereziki inguru bat gure orografiak ahalbidetzen duena, hiria, hiri inguruko auzoak, industrialdeak, baserriak... denak oso distantzia txikian. Hori adierazi nahi nuen, batez ere joan-etorriko guneak direla, jendea mugitzen dela hor, etengabe.

Gainera, badugu halako klixebat. Uste dugu periferiak izaera konkretu bat duela, baserrian bizi denak identitate propio bat duela, eta uste dut horrekin hautsi behar dugula. Gurean gertatzen da hori: izan zaitezke baserriko seme-alaba eta unibertsitateko irakaslea.

Identitateak ez dira hain finkoak, alegia.

Hori da, eta, gainera, jende nahasketa bat gertatzen da: langileak, ehiztariak, ikasleak... ez dakit, filmaketa egin dugun Aginaga inguru horrek [Usurbil, Gipuzkoa] ongi islatzen du hori. Gainera uste dut geure paisaia ohikoena dela.

Eta pertsonaiak, nolakoak dira?

Ez dut nahi adierazi periferiez hitz egiten dugunean pertsona baztertuez ari garenik. Gainontzeko pelikuletan zentralitate soziala ez duten pertsonaia eta ahotsak ageri dira. Edonoren familiakoak izan daitezke. Jende oso normalaz hitz egiten duen pelikula bat da. Noski normaltasuna kontzeptu labainkorra da. Baina, bai, asmoa bada pertsonaia horiekin klixeak haustea. Nire ustez, azken hamarkadetan Euskal Herrian aldaketa bat gertatu da identitateeekin. Askotan sentsazioa dugu oraindik aldaketa gertatzen ari dela, baina uste dut gertatu dela dagoeneko. Euskalduna izateko modu berriak daude, eta, nolabait, hori ere nabaritzen da pelikulan.

Hor egon daiteke publikoarenganako gertutasun bat?

Ez dakit gertutasuna ote den, baina nire erronka bada jendeak pantailan ikusten duena ezagutzea. Ez da erabat egia kontatuko duguna, pelikula bat delako, baina istorioa mundu garaikide eta erreal batean kokatuta dago.

Hautsi duzu beste arau bat ere. Aktore profesionalak eta ez-profesionalak nahastu dituzu istorioan. Zer moduzkoa izan da esperientzia?

Esperientzia moduan, ona. Gogorra da berez aktorea ez den jende horrentzat, baina oso polita izan da profesionalek nola lagundu duten ikustea, eta hartu-eman hori gertutik ezagutzea. Nik uste dut pelikulari ematen diola hori: garaikide izatea eta sinesgarritasuna. Ez-profesionalek egin dute ahalegin bat teknikoki, eta profesionalek egin dute sinesgarritasun ariketa bat.

Hasierako ideiatik aldenduta, emaitza bestelakoa izango dela iradoki duzu. Zer topatuko du ikusleak Oreina-n?

Topatuko du proposamen bat, erantzun guztiak ematen ez dituena. Betelana egin beharko du publikoak, parte hartuko du pelikularen osaketan; lagundu egin beharko gaitu pelikula hori josten eta gorputza ematen. Horrek ez du esan nahi pelikula zaila denik; oso sinplea da gidoi aldetik.

Gauza asko iradokitzen ditu Oreina-k, eta norbera izango da aske interpretatzeko edo pertsonaiak ulertzeko. Guztiok ditu pertsonaiekin identifikatzen gaituzten elementuak. Maitasun istorioak daude, kidetasun istorioak, laguntasun traizionatuak, gorabeherak... zentzu horretan oso normala da, eta jendeak bere burua islatuta ikus dezake.

Noiz izango da aukera Oreina ikusteko?

2018an, seguru. Estreinaldia festibalen batean egitea da asmoa. Baina hori ez dago erabat gure esku. Jaialdiren batera aurkeztu, eta ikusiko dugu ea interesik pizten duen. Beraz, ez dakit, ez noiz eta ezta zinema aretoetara nola iritsiko garen, baina, egingo dugu.

Hala izatekotan, bi urtean sona handiko euskal film ugariren estreinaldia ikusi ahal izango da. Nola dago euskal zinema?

Dantza, Handia, Errementari... pelikula mordoa dago bidea egiten. Gainera, garai batetik hona jada ez didate galdetzen zer den euskal zinema. Hori poztekoa da. Ikusi zer gertatu den Handia filmarekin. Espainiako Goyako sarietan 13 izendapena jasotzeak denok poztu gaitu, ahaztu gabe Espainiako zinemaren sariak direla. Askotan, egileei eskatzen digute euskal zinemaren aldeko aldarria egiteko, eta hori eskatzen digutenak pozten dira Goya sarietan 13 izendapen lortu direlako. Ironikoa da, baina bada pozgarria jendeak ez epaitzea pelikularen inguruan dagoen hori. Oreina-k asko du euskaltzaletik eta euskaldunetik, baina ni asko poztuko nintzateke pelikula hau ez balitz geratuko soilik Euskal Herrian.

Beste filmak sariz sari eta festibalez festibal dabiltza; zuk zein asmo duzu Oreina-rekin?

Asmoa da ekoizten dugun heinean nazioarteko jaialdietan aurkeztea. Tartean Donostiakoan, baina Donostiakoa ez da bakarra. Donostiako Zinemaldiak oso ongi zaintzen gaitu, eta, guretzat,sekulako abantaila da. Baina ezin da izan helburu hutsa bihurtuDonostiakoan erakustea. Hala behar du izan, jaialdi hau da gure etxean antolatzen dena, baina hor kanpoan badaude gehiago. Amama-k lortzea 12 sari nazioartean, eta Handia-k lortzea banaketa Frantzian sekulakoa da; oso interesgarria. Gaianera, kanpora joateak ez dit beldurrik ematen. Film laburrekin beti izan dut arrakasta handiago kanpoan hemen baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.