Kate Millet

Feminismoari begirada berria

«Pertsonala dena politikoa ere bada». «Maitasuna da emakumeen opioa» Halako aldarrikapenekin irauli zuen pentsamendu feminista. Asteartean hil zen, 82 urte zituela.
GALEX

Ainhoa Larrabe Arnaiz -

2017ko irailak 8
Zer da zuretzat maitasuna?», bota dio kazetariak galdera. «Maitasuna emakumeen opioa da, masena erlijioa den bezala. Gu [emakumeok] maitatzera dedikatu garen bitartean gizonak gobernatzen aritu dira. Akaso maitasuna, bere horretan, ez da txarra izango, baina bai andreak limurtzeko eta menpeko egiteko erabili denean. Gizaki askeen artean beste gauza bat da». Errealitateari begiratzeko betaurreko berriak sortu zituen Kate Millet idazle, eskultore, zinemagile eta filosofoak (Saint Paul, Minnesota, 1934- Paris, 2017). 1970eko hamarkadako mugimendu feministaren giltzarrietako bat izan zen eta oraindik ere itzal handia dute haren hausnarketek. Asteartean hil zen, Parisen, 82 urte zituela. Berak jaurti zuen bonba: «Pertsonala dena politikoa da».

Feminista aktiboa izan zen gaztetatik, eta orduko kale arteko hausnarketei lumaz forma eman zienean egin zen ezaguna. Izan ere, generoari buruzko lehen doktore tesiaren egilea izan zen Millet: 1969an, Oxfordeko Unibertsitatean aurkeztu zuen Sexual Politics (1969) ikerketa. Argitaratu ere egin zuten liburua gerora, eta bolbora balitz bezala hedatu zen haren pentsamendua; harik eta emakumeen askapen mugimenduan erreferente bilakatu arte. Milletek orduan idatzitakoak mugimendu feministaren oinarrian daude gaur egun ere.

Feminismoa «erradikalizatu» izana egotzi zioten pentsalariari behin eta berriz. Patriarkatuaren jatorria naturala zela onartzeari uko egin, eta eraikuntza sozial eta kultural gisa kokatu zuen Milletek bere idatzietan, eta hautsak harrotu zituen haren ikerlanaren muinak. «Sexua politikaz blaituta dagoen giza kategoria da. Gaur egun hautemanezina den arren, sexu nagusitasuna da, agian, gure kulturan errotuen dagoen ideologia. Boterearen elementu oinarrizkoena islatzen duelako».

Maitasun erromantikoari buruz ere hausnartu zuen, eta familia hierarkian ere jarri zuen fokua. «Patriarkatua familia egituren gainean eraikita dago. Familia gizartearen ispilua da; patriarkatuaren multzoaren barruan dagoen unitate patriarkal bat, alegia». Bere burua bisexual aldarrikatu zuen, gizarteak heterosexuala ez zen maitatzeko bestelako erarik onartzen ez zuen garaian, eta bisexual izate hutsagatik jasandako tratu txarrak eta zapalkuntza egoerak salatu zituen etengabe. Ez zuen amore eman, ordea. «Iraultzak [feminista] berregituraketa politikoa zein ekonomikoa gainditu behar du, benetako berheziketaren eta pertsonalitatearen heldutasunaren bidez».

Bizitza osoan aktibista

Argitaratutako liburuarekin lortutako diruarekin, hainbat eraikin erosi eta berriztu zituen New Yorken, 1970ko hamarkadaren hasieran. Gerora, emakume artista eta eskultoreentzako komunitate bihurtu zen etxaldea: Women´s Art Colony Farm. 1974an Flying liburua argitaratu zuen: bere alde artistikoaren autobiografia egin zuen, besteak beste. Nazioarteko hainbat herrialdetara bidaiatu zuen Milletek; tartean, Iranera. Hango emakumeen eskubideen alde lan egitera joan zen 1979an, eta herrialde hartatik kaleratu ondoren idatzi zuen Going to Iran liburua. Islamofobia sustatzeagatik salatu zuten, gerora. Osasun arazoengatik, ospitale psikiatrikoan izan zen idazlea, gerora, eta nahasmendu bipolarrari buruzko hainbat hausnarketa jaso zituen 1990ean argitutako The Loony-Bin Trip liburuan. Ezbairik gabe, XX. mendeko pentsalari handien artean dago Millet: itzal handia dute oraindik haren lanek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna