Atentatua Parisen. Polizia operazioa Frantzia iparraldean

Ehiza hesia estutzen

'Charlie Hebdo'-ren aurkako ustezko erasotzaileak ikusi dituzte gasolindegi batean, Frantzia iparraldean, eta Poliziak operazio zabal bat hasi du eskualdean

Adrian Garcia -

2015eko urtarrilak 9
Charlie Hebdo astekaria bortizki kolpatu zuten ustezko erasotzaileen atzetik da Frantziako Polizia. Ehiza operazioaren hesia estutzen doa, eta haiek harrapatzeko itxaropena puztu du horrek. Herenegun gauean identifikatu zituzten sumagarriak. Polizia iturrien arabera, ihes egin zuten lehen autoan ahaztutako nortasun agiri bati esker jakin dituzte ustezko erasotzaileen izen-abizenak. Bi anaia lirateke, frantziarrak biak. Azken aldiz gasolindegi batean ikusi zituzten atzo goizean, Villers-Cotterets herritik gertu, Aisne departamenduan, Frantzia iparraldean. Poliziak Pikardia eskualde osora hedatu du operazioa, eta «terrorismoaren aurkako alerta» gorenean jarri du.

Barne Ministerioak eman ditu bi susmagarrien izen-abizenak: Said eta Cherif Kouachi. 34 eta 32 urte dituzte, hurrenez hurren. Hirugarren erasotzaile bat bazegoela esana zuen Bernard Cazenauve Barne ministroak, eta 18 urteko gazte baten bila zenbiltzan. Hiru susmagarrien izen-abizenak eta argazkiak argitaratu dituzte sare sozialetan. Baina bere burua entregatu eta errugabetasuna aldarrikatu du Mourad Hamydek bere izena sarean dantzan ikustean. Charleville-Mezieres herriko polizia etxera jo du, Belgikako mugatik gertu. Poliziak itaundu du, baina ez du haren aurkako kargurik aurkeztu.

Azkenekoz Aisne departamenduko gasolindegi batean ikusi dituzte Kouachi anaiak, Villers-Cotterets hiritik gertu, Frantzia iparraldeko Pikardia eskualdean. Renault Clio baten barruan zihoazen, herenegun ihesean bortxaz lapurtu zuten autoa. Libération egunkariak aipaturiko polizia iturrien arabera, burua estalita eta arma luzeak eskutan ikusi ditu gasolindegiko zuzendariak. Bertako kameren irudiekin baieztatu dute salaketa. Ondoren jakinarazi dutenez, inguruko gasolindegi batean lapurreta egin dute bi ezezagunek.

Villers -Cotterets eta inguruko herritara hedatu dute operazioa segituan, Senlis, Corcy eta Crepy-en-Valoisera. Poliziako eta jendarmeriako eliteko agenteek posizioak hartu dituzte inguruan. Susmagarriek utzitako autoa aurkitu dutela ere zabaldu dute, nahiz eta ondoren gezurtatu.

Crepy-en-Valoiseko Udalak herritarrak lasaitu nahi izan ditu: «Segurtasun indarrak gure herrian daude, baina horrek ez du esan nahi susmagarriak gure artean daudenik». Hiriguneetara ez ezik, landa eremura eta baserrietara jo du Poliziak, eta bost helikopteroren laguntzaz miatu dituzte bazterrak. Etxean geratzeko agindua eman diete herritarrei, eta guztiz blokeatu dituzte herriak. Barne Ministerioaren arabera, 90 lekuko baino gehiagorekin hitz egin dute.

Longpont herriko inguruko basoan jarri zuen arreta gunea Poliziak atzo iluntzean. Halere, lekukoen arabera, segurtasun indarren aldartea «lasaia» zen. Bilaketarekin jarraitzekoak ziren gauean.

Hirugarren susmagarriak Poliziarengana jo duenetik, Kouachi anaien aurkako ehizan jarri dituzte indar guztiak. Haien gertuko bederatzi lagun atxilotu dituzte behin-behinean, horietako batzuk senideak. Sendiarekin lotutako arrasto guztiak jarraitzen saiatu dira, eta operazio zabala hasi dute.

Peskizak Pantin udalerriko apartamentu batera eraman zituen agenteak herenegun bertan, Parisetik gertu, Ile de-France eskualdean, baina ez zuten inor aurkitu. Gennevilliers herrira jo zuten ondoren, Paris iparraldean; Cherif, bietan gazteena, bertan ezkondu eta bizi izan zen denbora batez.

Reims hirian ere izan ziren haien bila herenegun gauean, Paristik 130 kilometro ipar-ekialdera. Telebistek emandako irudietan ikusi zitekeenez, dozenaka polizia furgoneta eta auto sartu ziren hirian. Orain gutxi Croix-Rouge auzoko etxebizitza bat zuten bizitoki.

Frantziako hedabideek Kouachi anaien inguruko informazioa zabala plazaratu dute. Inteligentzia zerbitzuek aspaldi zituzten zaintzapean. Familia zelula bat osatuko lukete. Orain hamar bat urte hurbildu zen Cherif muturreko islamismora, Parisko XIX. barrutiko iman baten eraginez. AEBen inbasioaren ondotik Irakera borrokara joandako talde bateko kide egin zen, eta, horregatik, hiru urte eta 18 hilabeteko kartzela zigorra ezarri zioten 2008an.

Aurretik ere urte eta erdi igaro zuen kartzelan, 2005an. Siriara bidaia egitekoa zen orduan, Irakera gurutzatu eta jihadean parte hartzeko. «Atxilotzean haren lehen hitzak lasaitasunezkoak izan ziren, horrela ez baitzuen Siriara bidaiatuko», esan du orduan Cherifek zuen abokatuak BFMTV katean. 2010ean atxilotu zuten azkenekoz.

Cazeneuve Barne ministroaren arabera, Said ez da inoiz atxilotua izan, baina anaiari lotutako aferengatik zuten haren berri. «Bi anaiak zaindu izan ditugu, baina ez zegoen atentatu bat egin zezaketen zantzurik», azaldu du Cazeneuvek.

Manuel Valls lehen ministroak azaldu du ikerketa bat abiatuko dutela, inteligentzia zerbitzuek huts egin ote duten argitzeko. «Ezinezkoa da arriskurik ez egotea. Ehunka eta ehunka lagun jarraitzen ditugu terrorismoarekin duten loturagatik. Inoiz ikusi gabeko mehatxua bizi dugu».

Frantziako giroa aldrebestu du Charlie Hebdo aldizkariaren aurkako ekintzak. Hamar kazetari eta marrazkilari eta bi polizia hil zituzten herenegun ustezko bi jihadistek. Zaurituen artean, Ziburuko (Lapurdi) polizia bat dago, hanka batean tiroa jasota.

Nahiz eta herrialdeko erakunde islamiko nabarmenenek atentatuaren aurkako jarrera irmoa erakutsi, gertaerak musulmanen aurkako gorrotoa piztu du, eta erasoak egin dituzte musulmanen komunitatearen aurka. Mansen, Frantzia mendebaldean, hiru granada jaurti zituzten asteazken iluntzean meskita baten aurka. Bala zulo bat ere aurkitu du Poliziak horman. Narbonako fiskaltzak jakinarazi duenez, Port la Nouvelle herriko musulmanen gurtza lekuaren aurka suzko armekin tiro egin zuten. Frantzia erdialdeko Villefranche sur Saonen, berriz, kebab jatetxe baten aurrean lehergailu bat zartarazi zuten. Atzo, Isere departamenduan magrebtar jatorriko gazte bati eraso zioten.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna