Ipar Kurdistan-Turkia. Setio egoeran

Setioan gau eta egun

Cizrera itzuli diren kurduek erabat suntsituta aurkitu dute hiria.Gorpuen bila ari dira hondakinen azpian.Egun, etxeratze agindua indarrean dago hainbat hiritan

Cizreko emakume kurdu bat, bere etxea erakusten. Turkiako armadak etengabeko setiopean izan du hiria iragan asteartera arte. CEM TURKEL / EFE.
Istanbul
2016ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Mehmet Tunçek ezingo ditu seme-alabak berriz ikusi. Cizreko eraikin bateko sotoan zegoenean «aita» deitzen zion neskato bat zuen alboan: Sultan. «Ez nazazu utz», esaten zion. Guztira, 28 lagun zeuden sotoan, guztiak zaurituta, odoletan. Tunçek egindako azken-aurreko deian urik ere ez zutela ohartarazi zuen, eta 13 urteko neskatoa hiltzen bazen ezingo ziela bere seme-alabei berriz ere begietara begiratu. Cizreko Herri Asanbleako presidentekidearen gorpua eraikinaren hondakinen artean aurkitu dute. Baita Sultanena ere.

Cizrera itzuli diren herritarrek erabat hondatuta aurkitu dute hiria. Abenduaren 14tik gau eta egunez egon da setioan Cizre. Asteazkenetik, etxeratze agindua iluntzeko 19:30etik goizaldeko bostak arte mugatu zuen Turkiako Gobernuak, eta, ordutik, hirira itzultzen ari dira bonbardaketetatik ihes egin behar izan zuten ehunka kurdu. Etxeak guztiz txikituta daude, eta hondakinen artean senide eta lagunen gorpuen bila ari dira. Mehmet Tunçekin batera, beste 170 lagun hil dituzte. Tartean haren anaia, Orhan Tunç.

Bi astez egon ziren eraikina bonbardatzen. Laguntza eskatu zuten, baina erantzunik ez, soilik euren bizia emateko prest zeuden kurduena. Orhan Tunçek emazteari egin zion azken telefono deia. Erditu berria zen, eta haurra mutikoa zela jakinarazi zion emazteak. Aitak orduantxe jarri zion izena semeari: Bekes (Inor ez duena esanahi du kurdueraz).

Gorpuak kaleetan

Cizre autonomia aldarrikatu duen hiri kurduetako bat da. HDP Herrien Alderdi Demokratikoaren eskuetan dauden udalek bide hori aukeratu zuten bozetan nagusitu ostean, baina erantzuna itzela izan da. Ipar Kurdistanen irailetik 58 bider ezarri dute etxeratze agindua hainbat hiritan, gehienetan gau eta egunez, eta, hiriak setiatu ostean, gau eta egunez bonbardatu dituzte. Milaka lagunek alde egin dute. Cizren,120.000 biztanletik soilik 20.000 geratu dira. Atera, bai, baina ezin izan dira itzuli. Orain arte.

Azaroan, hainbat orduz kendu zuten etxeratze agindua, baina ez kaleetan pilatutako gorpuak jaso eta lurperatzeko adin tartea. Urtarrilean, Giza Eskubideen Europako Auzitegiraino iritsi zen auzia. Turkiari hirira anbulantziak sartzen uzteko eskatu zioten, eta, horri esker, hamar lagun, eskuetan zapi zuriak zituztela, eraikinetik atera ziren, zauritu eta hildakoekin. Helin Dicle 20 urteko neskatoa anbulantziaraino eraman zuten, baina une horretan hainbat tiro jaso zituzten, eta egoeraren lekuko zen kameraria ere tirokatu zuten: IMC telebista kateko Refik Tekin. Hankan bala bat sartu zioten.

Cizretik Silopiko Auzitegi Medikura egunotan eraman dituzten gorpuen artean, berriz, kazetari batena dago. Azadiya Welat egunkariko editore eta kazetari Rohat Aktasena. Gorpu asko kiskaliak daude.

Ehun eguneko setioa

Diyarbakirren Cizren gertatutakoa ez ote den errepikatuko ohartarazi dute kurduek. Sur alde zaharrak ehun egun egingo ditu datorren ostegunean setiopean, eta han ere hainbat lagun sotoetan daude, atera ezinik. Hainbat informazio iturrik jakinarazi dutenez, 200 lagun daude eraikinetan,batzuk zaurituta, eta tartean haurrak ere badaude. Figen Yuksedag eta Selahattin Demirtas HDPko buruzagiek nazioarteari dei egin diote «krimen hauen aurrean» premiaz erantzun dezan.Erantzuleak Nazioarteko Zigor Auzitegira eraman ditzaten euren eskuetan dagoen guztia egingo dutela ere adierazi dute: «Ez dugu amore emango».

Diyarbakirren bertan egin ditu adierazpenak Demirtasek. Asteazkenean, egoera salatzeko martxa bat antolatu zuten kurduek. Surrera iristeko asmoa zuten, baina poliziak negar gasarekin eta ur kanoiekin sakabanatu zituen manifestariak. Egun horretan, dozena bat lagun atera ahal izan zituzten sotoetatik, tartean lau hilabeteko haur bat. Fatma Ates 85 urteko emakumea aurretik atera zuten, baina atera eta gutxira hil zen.

Surren bakarrik 25 lagun hil dira. Eta Turkiako Giza Eskubideen Elkartearen arabera, 268 dira etxeratze aginduak ezarri zirenetik hildako zibil kurduak, tartean 62 haur. Alde egin duten lagunak, berriz, 350.000 izan daitezke. Diyarbakirko parte zaharrak, berriz, kalte larriak jasan ditu, tartean ondare kulturala.

Igandean Europako hiriburuetan manifestazioak egingo dira kurduek bizi duten egoera salatzeko. Tunçek azken deian zioen duintasunez hilko zela: «Seme-alabei begietara begiratu, injustizien aurrean ez ikusiarena egiten baduzue ezingo baitiezue begiratu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.