Erreferendumaren ondorena

«Pauso bat ere ez atzera»

Milaka lagunek Jordi Sanchez eta Jordi Cuixarten kartzelatzeen kontra protestatu dute Katalunian. Generalitateak «elkarrizketa» eskaintzari eusten dio, bihar Madrilek jarritako epea bete aurretik
Milaka eta milaka lagun bildu ziren atzo Bartzelonako Diagonalean, Jordi Cuixart eta Jordi Sanchez Omnium Culturaleko eta ANCko presidenteen kartzelatzeengatik protesta egiteko.
Milaka eta milaka lagun bildu ziren atzo Bartzelonako Diagonalean, Jordi Cuixart eta Jordi Sanchez Omnium Culturaleko eta ANCko presidenteen kartzelatzeengatik protesta egiteko. ALBERTO ESTEVEZ / EFE

Igor Susaeta -

2017ko urriak 18
Milaka lagunek Bartzelonako Diagonal etorbide luzea bete zuten atzo iluntzean. Protesta egin zuten Espainiako Auzitegi Nazionaleko Carmen Lamela epaileak Jordi Cuixart Omnium Culturaleko presidentea eta Jordi Sanchez ANC Biltzar Nazional Katalaneko presidentea kartzelatu dituelako; Katalunian azken hilabeteotan bizitzen ari diren errepresio egoera salatu zuten, gainera —Lleidan, Tarragonan, Gironan eta beste hainbat herritan ere jendetsuak izan ziren mobilizazioak—. Antolatzaileek, Omniumek eta ANCk adierazi zuten, ordu batzuk lehenago, berez isila behar zuela manifestazioak. Baina kandelak eskuan, eta era baketsuan, hainbat lelo oihukatu zituzten Bartzelonan bildutakoek. «Espainiako Justizia kanpora», «Ez zaudete bakarrik», «Ez gara beldur» eta, besteak beste, «Independentzia» entzun ahal izan ziren; baita «Pauso bat ere ez atzera» ere.

Carles Puigdemont Kataluniako Gobernuko presidenteak biharko erantzun behar du Mariano Rajoy Espainiakoak Konstituzioa errespetatzera itzultzeko egin dion eskaerari. Kasu egiten ez badio, Madrilek Konstituzioaren 155. artikulua aplikatuko du ezustekorik ezean, eta Kataluniari autonomia kendu edo mugatuko dio. Baina Kataluniako presidenteak ez dauka eskakizun horretara lerratzeko asmorik. Izan ere, azken gutunean Rajoyri esan bezala, «elkarrizketa, negoziazioa eta akordioa» eskaintzen jarraitzen du. Jordi Turull Kataluniako Gobernuko bozeramaile eta Presidentetzako kontseilariak argi utzi zuen atzo, ez dutela pauso bat bera ere atzera egingo. «Puigdemont ez da erantzun zionetik mugituko». Pauso bat ere ez atzera, hortaz. Orain, Espainiako Gobernuaren teilatuaren gainean dago pilota, Turullen iritzian: «Elkarrizketaren edo errepresioaren artean aukeratu beharko du».

Baina bigarrenaren alde egiten jarraitzen du. Izan ere, Juan Ignacio Zoido Espainiako Barne ministroak Cuixart eta Sanchez espetxeratzea defendatu zuen atzo: «Espainian inor ez dago preso modu jakin batean pentsatzeagatik, legea ez betetzeagatik baizik». Rafael Catala Justizia ministroa areago joan zen: «Ezin da preso politikoez hitz egin; politikari presoez mintza gaitezke».

Artur Mas Kataluniako presidente izandakoaren aburuz, ordea, «hutsegite» nabarmena egin du Madrilek Cuixart eta Sanchez espetxeratuta. «Benetako elkarrizketa eskaintzak birrintzen ari dira».

CUPek, bien bitartean, Puigdemont ez dela garbi hitz egiten ari salatu izan du azken astean. Sanchez eta Cuixarten kartzelatzearen ondotik, antikapitalistek diote errepublika aldarrikatzeko «baldintzak» badaudela. Maria Bayo CUPeko diputatuak zehaztu zuen, atzo, haiek eta Junts Pel Si «datozen egunetan» independentzia aldarrikatzeko hizketan ari direla. En Comuko kideei bat egiteko eskatu die.

Paraleloki, Gobernu Kontseilua bukatuta mintzatu zen Kataluniako Gobernua, Turull eta Raul Romeva Atzerri Gaietarako kontseilariaren ahotik. Turullentzat, Espainiako Gobernuak nahi duena da Kataluniakoak «amore ematea». Eta hori, haren esanetan, ez da gertatuko. «Ikusiko dugu [Madrilek] zein eremutan kokatu nahi duen». Momentuz, «erdeinuekin eta mehatxuekin» erantzuten jarraitzen duela iruditzen zaio. Errepikatu zuen Kataluniak «zintzotasunez» ireki diola ate bat elkarrizketari. «Baina beste aldean dago gobernu bat ateak behin eta berriro ixten dituena eta kontrako aldera begiratzen duena».

Dolors Montserrat Espainiako Gobernuko Osasun ministroaren ustez, elkarrizketa eskatu aurretik «aurrena legezkotasunera» itzuli beharra dauka Kataluniako Gobernuak. «Rajoyk gauzak erraztu dizkio: bai ala ez erantzun besterik ez du egin behar».

Espainiako Gobernuak 155. artikulua aplikatuz gero, erabakiak hartu beharko direla azpimarratu zuen Turullek. «Baina ez dugu atzera egingo, ez gara geldi egongo Kataluniako instituzioak nola okupatzen dituzten begiratzen». Romevaren ustez, «arazoa» ez dago Katalunian, «beste aldean» baizik. «Politika egitea eskatzen genuen eta jaso duguna izan dira kereilak, zitazioak eta epeak».

Bakoitzak bere modura, baina Ciudadanosek eta PSOEk 155.a aplikatzea babesten dute. PSCko buru Miquel Icetak ez bezala — «neurriz kanpokoa da»—, Pedro Sanchez sozialisten idazkari nagusia ez zen busti Auzitegi Nazionalak hartutako erabakia baloratzerakoan: «Ez dut hitz egingo gehiago edo gutxiago gustatzen zaizkidan erabaki judizialez». Podemoseko Pablo Iglesiasentzat, «preso politikoak» dira Sanchez eta Cuixart.

Lanuzteak Katalunian

Iluntzeko manifestazioaren aurretik, ordea, ANCk eta Omniumek deituta eguerdian lanuzteak egin zituzten Kataluniako hamaika tokitan, Cuixarten eta Sanchezen espetxeratzearen kontra protestatzeko, eta, ondorioz, milaka eta milaka lagun atera ziren kalera. Elkarretaratze nabarmenenetakoa Bartzelonako Sant Jaume Plazakoa izan zen. Kataluniako Gobernuko kideek parte hartu zuten horretan, eta baita Ada Colau Bartzelonako alkateak ere. Eskubide eta askatasunen defentsan jartzen zuen pankarta bat zabaldu zuten.

Gainera, Omnium Culturaleko bozeramaile Marcel Maurik eta ANCko presidenteorde Agusti Alcoberrok agerraldi bateratua egin zuten, eta jakinarazi Cuixart eta Sanchezekin hitz egin ahal izan zutela bien ala bien abokatuek Soto del Realeko kartzelan, eta «lasai, indartsu» daudela, «jokatu behar duten paperaz konbentzituta». Abokatuak Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak hartutako erabakiaren kontrako helegitea prestatzen ari dira.

Maurik eta Alcoberrek «amorrua eta tristura» sentitzen dute, baina ziurtatu zuten lanean jarraituko dutela, ez direla beldur. «Nahiz eta kartzelatu, beti egongo da lekukoa hartuko duen jendea, mobilizatzen diren milaka bazkidez osatuta gaudelako», nabarmendu zuen Alcoberrok. Ez dute elkarteen antolakuntzan aldaketarik egingo, eta, beraz, Cuixartek eta Sanchezek presidente izaten jarraituko dute. «Egin diezaiekegun omenaldi onena da». Datozen egunetarako mobilizazio gehiago deituko dituzte; «horretara «behartu» dituzte, Mauriren esanetan. «Eta baketsuak izango dira, ez dakigulako bestela egiten». Elkarteak ez dira alderdi politikoen barne eztabaidetan sartuko, baina Alcoberrok jakinarazi zuen «presio egiten» jarraituko dutela, «urriaren 1eko emaitzak bete daitezen».

Kataluniako Gobernuaren arabera, «pertsona errugabeak» dira Cuixart eta Sanchez, «beti bakezaletasunean militatu dutenak». Turullen arabera, auzitegi «inkonpetente» batek epaitu ditu. «Frankismo garaian egin ez zuena haren auzitegi oinordekoak egin du XXI. mendean».

Manifestazioa larunbatean

Taula per la Democracia plataformak jada deitu du, «eskubideen eta askatasunen defentsan», manifestazio «masibo» bat datorren larunbaterako (17:00), Bartzelona erdialdean. Gizarteko hainbat sektoretako eragileek osatzen dute plataforma, eta kide dira, besteak beste, ANC eta Omnium bera, UGT eta CCOO sindikatuak, baita Cecot eta Pimec enpresari elkarteak ere. «Ekintzak lasterragotzen baldin badira», plataformak ez du baztertzen, pasa den urriaren 3an gertatu bezala, greba orokorra deitzea Katalunian.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna